euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxeparek sei irakurletza eta New Yorken eta Chicagon katedra bana abiaraziko ditu 2011-2012an

2011/05/16

Ezkerretik eskubira Georg Kaiser, Constanza Unibertsitateko katedraduna; Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuaren Euskararen Sustapen zuzendaria eta Aizpea Goenaga, Etxeparen Institutuaren zuzendaria (argazkia Etxepare)
Ezkerretik eskubira Georg Kaiser, Constanza Unibertsitateko katedraduna; Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuaren Euskararen Sustapen zuzendaria eta Aizpea Goenaga, Etxeparen Institutuaren zuzendaria (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Aizpea Goenagak, Etxepare Institutuaren zuzendariak, Alemaniako Constanza Unibertsitatearekin hitzarmena sinatu du gaur Donostian, bertan Euskara eta Euskal Kultura irakurletza abiarazteko. Horrez gain, jakitera eman du 2011-2012 ikasturtean Standford, Liverpool eta Poznaneko unibertsitateetan eta, ziurrenik, Pariseko Sorbonna IIIn eta Kaliforniako Santa Barbaran ere, irakurletzak martxan jarriko direla. Era berean, irailean Chicagon eta New Yorken euskal ikasketa katedrak abian izango direla azaldu du Etxepareko Euskara Sustapen zuzendariak, Mari Jose Olaziregik.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak Alemaniako Constanza Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza abiaraziko duela jakitera eman du gaur Donostiako egoitzan egin den prentsaurrekoan. Etxepareko zuzendariak, Aizpea Goenagak, eta Constanza Unibertsitateko katedradun Georg Kaiser-ek 2011-2012 ikasturterako lankidetza hitzarmena sinatu dute ekitaldian.

Irakurletza alemaniar unibertsitateko Gizarte Zientzien barruan kokatuko da, hizkuntzalaritza eta literatura sailei lotuta. Unibertsitatean jada martxan den irakurletza katalanarekin batera Unibertsitateko Hizkuntza Iberiarren Zentroaren sorrera ekarriko du.

Sarea Alemanian

Goenagak irakurletza programa Etxepare Institutuaren jardunaren "ardatz estrategikoa" dela azaldu du ekitaldian eta nabarmendu du bizitza akademikoan parte hartze horrek hizkuntzari "ospea emateaz gain", kulturarekiko "interesa eta jakinmina" ere pizten dituela.

Hitzarmen berri honekin eta aurretik abian zirenekin (Berlineko Freie Unibertsitatean eta Frankfurteko Goethe Unibertsitatean) irakurle sare indartsua osatzen da Alemanian. Gainera,  Frankfurteko irakurletzaren kasuan, institutuak jakinarazi du datorren urtean irakurlearen ekimenak areagotu egingo direla eta irakurlea aukeratzeko deialdia egingo dela. Era berean, institutuak unibertsitateko Euskal Liburutegiko fondoen inbentarioa sustatuko du.

Irakurletza berriak

Goenagak azaldu duenez, Alemaniako irakurletza berri honekin batera beste hiru jarriko dira martxan irailean: Standfordeko Unibertsitatean, Liverpooleko Unibertsitatean eta Poznaneko Adam Mackiewicz Unibertsitatean. Oraindik hitzarmenik sinatu ez bada ere, litekeena da beste bi irakurletza berri sortzea 2011-2012 ikasturtean: bata, Pariseko Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean eta bestea Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean.

Goenagak aipatu duenez, Kultura Sailak irakurletza abian jarri zuenez geroztik (2004-2005 ikasturtean) munduko 25 unibertsitateetan 5.000 ikaslek jaso dituzte euskara eta euskal kultura ikastaroak. Halaber, Etxepareko zuzendariak irakurle postuak betetzeko deialdiek izan duten erantzuna azpimarratu du; izan ere, urtarriletik hona egin diren 15 posturen deialdietara 120 hautagai inguru aurkeztu dira.

Bi katedra AEBetan

Mari Jose Olaziregik, Etxepare Institutuaren euskara sustapenerako zuzendariak, berriz, Chicagoko Unibertsitatean katedra bat abiaraziko dela jakinarazi du. Katedrak Koldo Mitxelena izena izango du eta irailean edo 2012 hasieran jarriko da martxan. "Chicagoko Unibertsitateak euskal ikasketak eskaintzeko interes handia erakutsi du eta unibertsitateak berek lagunduko du katedra honen finantziazioan", azaldu dio Olaziregik EuskalKultura.com-i.

Chicagokoa AEBetan sortzen den bigarrena izango da, New Yorkeko City University-n abiaraziko den Bernardo Atxaga katedrarekin batera. Azken hau irailean jarriko da abian eta Atxaga bera New Yorken izango da inaugurazio ekitaldian. Abiaraztea lagunduz, irailaren 11tik 18ra euskal literatura, zinema eta kulturari buruzko zenbait ekitaldi burutuko dira Mahanttanen.



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia