euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuak Mexiko DFn eta Guadalajaran ospatuko du aurten Euskararen Nazioarteko Eguna

2011/11/02

Anjel Lertxundi idazlea Guadalajarako azokan eta Mexikoko Euskal Etxearen Euskararen Egunean izango da (argazkia erabili.com)
Anjel Lertxundi idazlea Guadalajarako azokan eta Mexikoko Euskal Etxearen Euskararen Egunean izango da (argazkia erabili.com)
Makina bat ekimen ari da prestatzen Etxepare Euskal Institutua abendurako, Guadalajarako Liburu Azoka eta Euskararen Egunaren karira. Iaz bezala Etxeparek euskara eta euskal liburugintzaren presentzia sustatuko du Latinamerikako Liburu Azoka garrantzitsuena den Guadalajaran, eta aurtengoan gainera, Anjel Lertxundi idazlea gonbidatu du bertan parte hartzera. Lertxundik 'Etxeko hautsa' azken elaberria aurzketuko du eta UNAMen 'Zorion perfektua' lanari buruzko hitzaldia emango du, besteak beste. Horrez gain, Etxeparek Mexikoko Euskal Etxean egingo den Euskararen Eguneko ospakizunetan parte hartuko du. Jai handia ari dira prestatzen.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak Guadalajarako Liburu Azokan parte hartuko du aurten ere eta Anjel Lertxundi idazlea gonbidatu du bertara, bere azken lanaren eta euskal literaturaren berri eman dezan. Hainbat ekitalditan parte hartuko du idazle gipuzkoarrak mexikar hirian: lehenik, irakurle gazteekin solasaldia; ondoten, 'Etxeko hautsa' azken elaberriaren aurkezpena, eta, bukatzeko, itzulpengintzari buruzko mahaingurua.

Horrez gain, Etxepare Institutuak beste zenbait ekitaldi prestatu ditu, Mexikoko unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakasten ari diren irakurleekin batera. Horrela, abenduaren 1ean Lertxundik hitzaldia emango du UNAMen, eta ondoren 'Zorion perfektua' filma (izen bereko Lertxundiren lanean oinarritua) izango da ikusgai. Abenduaren 2an, aldiz, Etxepareko zuzendariak, Aizpea Goeneagak, euskal antzerkiari buruzko hitzaldia emango du INALIn (bertako hizkuntzen institutuan) eta ondoren, Euskararen Promoziorako zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, euskal literaturaren egoera izango du hizpide.

Mexikoko egonaldi hau bukatzeko euskal ordezkaritza DFko Euskal Etxean egingo den Euskararen Nazioarteko Eguneko jaian parte hartuko du. Egitaraua zabala izango da: eguna bazkari batekin hasiko da eta ondoren 'Goenkale'ri omenaldia egingo zaio. Omenaldia zertan datzan eztakigu, baina dibertigarria izango da, zalantzarik ez. Egunari bukaera emateko, kontzertua egingo da bi anai bikotekin; batetik, Xabi eta Fredi Paya anai bertsolariak, eta, bestetik, Ugarte anai txalapartariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia