euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Euskal Institutua Londresko The Language Show hizkuntz azokan izango da asteburuan

2011/10/20

Bisitariak stand bateko liburuak ikusmiratzen iazko The Language Show azokan (argazkia TheLanguageShow)
Bisitariak stand bateko liburuak ikusmiratzen iazko The Language Show azokan (argazkia TheLanguageShow)
'Euskara, jalgi hadi mundura' izeneko standarekin Etxepare Institutuak Londresko The Language Show azokan parte hartuko du, munduko hizkuntzei eskainitako nazioarteko topagune honetan euskara erakusteko helburuarekin. Horretarako, ohiko euskara klase eta ekitaldiez gain, jarduera sorta berri eta originala prestatu du Etxeparek. Hala, Londresko euskal bazterrak aurkeztuko dituzte 'Basque Spots in London' gidan eta igandean Xabi Payak eta Juan Aranak 'Make it Basque, make it cool' ikuskizuna eskainiko dute.

Londres, Ingalaterra. Etxepare Euskal Institutua Londresko The Language Show azokan izango da bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, “Euskara, jalgi hadi mundura” izeneko standarekin. The Language Show Ingalaterrako hizkuntza azoka nagusia da eta Europako garrantzitsuenetako bat. Euskal ordezkariekin batera beste 150 erakusle ariko dira lanean bertan asteburuan zehar. Hizkuntzak, kultura, komunikazioa eta hizkuntz-irakaskuntza dira topaketaren ardatzak.

Azokaren ezaugarrietako bat hizkuntz desberdinak ezagutzeko eta 'dastatzeko' hastapen klaseak ematen direla da, eta aurten, beste hizkuntzen artean, oinarrizko euskara eskolak ere emango dira. Horrez gain euskal standean ingelesera itzuli diren euskarazko liburuen katalogoa eskainiko da, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez.

Euskal erakundeak bi ekimen berritzaile ere prestatu ditu azokaren karira: bata, “Basque spots in London” delako mapa, Londreseko euskal guneak biltzen dituena. Standean banatuko dute mapa, Londresek euskaldunetik zer duen azaltzeko. 

Bestea, igandean Xabi Payak eta Juan Aranak eskainiko duten 'Make it Basque, make it cool' ikuskizuna izango da. Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Payak eta Aranak era dibertigarrian azalduko dituzte euskara eta euskal kulturaren nondik norakoak eta gaurkotasuna.

Azokaren webgunea: www.thelanguageshow.co.uk.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia