euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuak Europa eta Amerikako bost unibertsitatetako irakurleak hautatzeko deialdia egin du

2011/06/06

Pariseko Sorbonne Nouvelle unibertsitatean Euskara eta Euskal Irakurleagoa abiatuko da
Pariseko Sorbonne Nouvelle unibertsitatean Euskara eta Euskal Irakurleagoa abiatuko da
Deialdia plazaratu du Etxepare Euskal Institutuak bost irakurle postu betetzeko Frantziako, Alemaniako, Poloniako eta Estatu Batuetako beste hainbeste unibertsitateetan; 2011-2012, 2012-2013 eta 2013-2014 ikasturteetarako. Unibertsitateak honakoak dira: Pariseko Sorbonne Nouvelle Frantzian; Goethe-Universität Frankfurt am Main eta Universität Konstanz Alemanian, Poznaneko Adam Mickiewicz unibertsitatea Polonian eta Kaliforniako UC Santa Barbara unibertsitatea, Estatu Batuetan. Izena emateko epea uztailaren 3an amaituko da.

Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutuak Europako lau unibertsitatetan eta Ameriketako batean irakurle postua betetzeko deialdia argitaratu du. Unibertsitateak honakoak dira: Pariseko Sorbonne Nouvelle, Frantzian; Goethe-Universität Frankfurt am Main eta Universität Konstanz, Alemanian; Poznaneko Adam Mickiewicz unibertsitatea, Polonian, eta Kaliforniako UC Santa Barbara unibertsitatea, AEBetan.

Hautagaiek betebeharreko baldintza unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) izatea da. Lehentasuna izango dute Euskal Filologiakoek, Euskal Ikasketetako lizentzia edo gradua dutenek edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoek (A Hizkuntza: euskara). Aurreko tituluak izan ezean, graduko titulua (edo lizentzia) eta EGA edo baliokidea izatea eskatzen da.

Izena emateko epean uztailaren 3an itxiko da. Parte hartu nahi duenak deialdiaren oinarrietan eskura daitekeen inprimakia bete eta eskatzen den informazioa etxepare@etxepare.net helbidera bidali beharko du e-mailez edo zuzenean eraman Etxepare Euskal Institutuaren bulegora (Prim 7, 20006-Donostia). Azaroaren 26ko 30/1992 Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den beste moduetan ere aurkez daiteke.

Soldatak eta kultur ekintzetarako laguntzak

Frankfurteko Unibertsitatean astean 8 ordu eman beharko du klase irakurleak (Frankfurteko Unibertsitateko E-13 kontratu mota) eta 29.900 euro jasoko ditu irakurletzarako; gehi beste 2.000 euro ekintza kulturalak antolatzeko.

Kaliforniako UC Santa Barbara unibertsitatean lanaldi osoaren zati bat bete beharko du irakurleak eta diru zuzkidura honakoa izango da: irakurletza eta asegururako Etxepare Euskal Institutuak 15.000 euro jarriko ditu eta UC Santa Barbarak 20.000 dolar helburu bererako. Horretaz gain, 1.700 euro egongo dira ekintza kulturalak antolatzeko, eta 1.000 euro irakurlearen lehenengo joanetorria ordaintzeko.

Alemaniako Universität Konstanz-en lanaldi erdiko kontratua izango du irakurleak (TVLE 13) eta  29.250 euro jasoko ditu irakurletzarako eta 1.500 euro ekintza kulturalak antolatzeko urte bakoitzeko.

Poloniako Poznaneko Adam Mickiewicz Unibertsitateko irakurleak lanaldi osoko lana egingo du eta 25.500 euro jasoko ditu ikasturteko irakurletzarako. Horretaz gain, beste 1.500 euroko dirulaguntza izango du irakurleak urtean ekitaldi kulturalak antolatzeko.

Azkenik, Pariseko Sorbonne Nouvelle unibertsitateko irakurleak lanaldi osoko lanordua izango du eta 200 ordu egingo ditu ikasturteko. 25.000 euro jasoko ditu ikasturteko.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia