euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako euskaldunek euren engaiamendua erakutsi zuten Chinon egin zen Euskararen Egunean

2007/12/14

Nere Lete, Boiseko Estatu Unibertsitateko euskara irakaslea, bere esperientziaz  mintzatu zen
Nere Lete, Boiseko Estatu Unibertsitateko euskara irakaslea, bere esperientziaz mintzatu zen
North American Basque Organizations (NABO) eta Chinoko Euskal Etxea izan ziren aurtengo Euskararen Egunaren jai iparramerikarreko antolatzaileak. Hitzorduak, gainera, AEBetako euskara irakasleak biltzeko parada eman zuen eta irakaskuntza esperientziak eta bertaratutakoek ideiak partekatu zituzten tailer batean. Hizlari berezi baten bisita ere izan zuten, Bernardo Atxaga idazleak ekimenarekin bat egin baitzuen.

PUBLIZITATEA

'Hizkuntza bat ez da galtzen, ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik'. Josean Artze poetaren hitzak gogoan hartuta Estatu Batuetako euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten joan den abenduaren lehenean Chino, Kalifornian. Egunak, dena den, euskaldun zahar zein berriak batu zituen, AEBetako euskara irakasleak ere bertara bildu baitziren, euren esperientzian eta irakaskuntza metodoetan sakondu zuten tailer batera. Tailerrean hizlari eta adituak mintzatu ziren, horien artean Bernardo Atxaga idazlea, euskal literaturaz.

Hizlari gonbidatuetakoa izan zen baita ere Xabier Irujo, Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko irakaslea, Euskararen Nazioarteko Egunaren sorrera hizpide harturik. Nere Lete, Boise State Universitykoa, Idahoko hiriburuan urtetan garatu duen euskara irakasle esperientziaz aritu zen. Segidan doan argazki erreportaia (erreportajea Euskaltzaindiaren esanetan) NABOk bere webgunean ingelesezko iruzkinez argitaratutakoa da, Sam Snodgrass euskara irakaslea argazki gehienen egile.

Euskararen Eguna Chino, Kalifornian

[Tailerraren irekiera ekitaldia. Urtean behin egiten da AEBetako euskara irakasleak biltzen dituen ekimen hau. Aurten, dena den, bigarren hitzordua ere badu honakoan, joan den otsailean ere, AEBetako Euskararen Egunean, San Frantziskora bildu baitziren nazio osoko euskara irakasleak]

[Kinku Zinkunegi HABEko 'Euskara Munduan' ekimeneko koordinatzaileak aurten ere parte hartu du tailerrean, bere esperientzia eta ezagupenak bildutakoen artera ekarriz.]

[Tailerreko partaideetako batzuk: (ezkerretik eskuinera) Enrike Corcostegui (Reno, Nevada), Grace Mainvil (Ontario, Oregon), Gloria Lejardi (Homedale, Idaho), Maitexa Cuburu (San Frantzisko, Kalifornia) eta Bernadette Minaberrigarri (Bakersfield, Kalifornia). Euskaldunzaharrak dira guztiak, guztiak Estatu Batuetako jaioak, duela hogei urte Nevadan bizi den Corcostegui donostiarra ezik, azken hau euskaldunberria baita]

[Irakasle gehiago: Izaskun Kortazar (Boise, Idaho), Ibon Izurieta eta Alezia Aleman (Denver, Colorado), Mikel Oteiza (Chino, Kalifornia) eta Gina Gridley (Mountain Home, Idaho)]

[Oraingoan eskuinetik ezkerrera: Sam Snodgrass (Boise, Idaho), Martin Goicoechea (Rock Springs, Wyoming) eta Lisa Corcostegui (Ontario, Kalifornia). Asteburu horren ondotik, hegazkina berehala hartu eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioan parte hartzera abiatu zen Sam Snodgrass euskaldunberria, Chinon bildutako beste hainbaten antzera EuskalKultura.com-eko lagun xaharra eta harpideduna den euskara irakaslea]

[Xabier Irujo Euskararen Egunaren historiaz eta Espainiako Estatuak historikoki euskararen kontra garatu dituen ekimenez eskaini zuen bere mintzaldia]

[Bernardo Atxagaren mintzaldiak arreta handia erakarri zuen. Hiru bat dira dagoeneko, hastear dagoen urte berri honetan euren artera gonbidatu nahi duten euskal etxe kaliforniarrak]

[Jenny Ysursa, atzean, eta Maite Maisterrena, aurrean. Chino Basque Clubeko bi kideak afaria prestatzen ari dira, langintza berean diharduen Candida Echeverriaren sorbalda ere ikusten delarik. Hiruak Kalifornian jaiotako euskaldunak dira.]

[Euskara izan zen eguneko jardunen hizkuntza ofiziala, baita afarian ere. Euskal kantuak ez ziren falta izan afariaren inguruan. Irudian ezkerrean, Maitexa Cuburu (San Frantzisko), eskuinean laranjaz Bernadette Minaberrigarai (Bakersfield) eta Xabier Berrueta (San Frantzisko), kantuen hitzak biltzen dituzten orriak eskuetan edo inguruan dituztela.]


Lotura interesgarriak

NABOren webgunea
www.nabasque.org

Chinoko Euskal Etxea, California
www.chinobasqueclub.us

Atxaga AEBetako euskaldunen Euskararen Egunean arituko
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia