euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Espetxeratutako euskal idazlea Entzutegira daramate gaur: 'Asel Luzarraga edo hitzaren arriskua'

2010/02/10

PUBLIZITATEA

Txilen atxilotutako Asel Luzarraga euskal idazlea espetxetik Temucoko Entzutegira eramango dute berriro ere gaur asteazkenez. Euskal Herrian zein Argentinan eta Txilen ongi ezagutzen duten Diasporako lagunek, eta lagunek oro, garbi ikusten dute molestatu eta traba egiten zielako atxilotu dutela eta horregatik asmatu dituztela batere sinesgarriak ez diren Karguak. Luzarraga aska dezaten indarrean dagoen kanpainako parte, Laura Mintegi idazleak honako iritzi artikulua idatzi eta zabaldu du, 'Asel Luzarraga edo hitzaren arriskua' titulupean, Asel Aske-Asel Libre ekimeneko parte.

Laura Mintegi, Asel Aske kolektiboaren izenean

Gaur, asteazkena, Asel Luzarraga berriz eramango dute Temucoko kartzelatik bertako epaitegira. Aurrekoetan bezala izango bada, eskuetan eta orkatiletan bilurrak ipinita eramango dute, bere neurrirako handiegia den lan-arropa jantzita eta inguruan hamaika polizia armaz josita. Arriskutsua ei da Asel Luzarraga Txileko justiziaren arabera.

Asel, bere txikian (“the little punky” deitzen zuten nazioarteko idazleek iazko PEN kongresuan), handia da, handia eta arriskutsua.

Eta bai, aitortu behar dugu “peligroso” dela iritzia ematea. “Dangerous” izaten da norberarena ez ei den kausaren alde egitea. “Hasardeux” dugu ahotsa altxatzea boterearen aurrean. “Pericoloso” omen da entzun nahi ez diren hitzak ahoskatzea. “Gefährlich” suertatzen da guztien begi bistan jartzea injustizia, genozidioa, herri gutxituen zapalkuntza. Eta halaxekotzat hartu dute Luzarraga Txilen, arriskutsutzat, egia esan duelako. Egia esaten denean hitzek indar handia dutelako. Ozenagoak direlako berbak lehergailuak baino, berben oihartzuna urrunago heltzen baita.

Asel Luzarragak esandako egia estali nahi izan denean orduan ikusi dugu zer nolakoa den indigenen egoera Latinoamerikan. Jakin izan dugu XVI. mendean hasitako triskantzak ez direla oraindik amaitu. Ikasi dugu urregorria, zilarra, ura, basoak eta lurra lapurtzen segitzen dutela Txilen, Argentinan, Brasilen eta beste hainbat herritan.

Jakitun gara dozenaka maputxe daudela Txileko kartzeletan, hainbat daudela oraindik epaitu gabe eta beste horrenbeste 15 urtetik gorako zigorpean. Ezagutu ditugu azken hildakoen izenak, Matias Catrileo horien artean: 22 urteko ikaslea 2008an erail zuten lepotik tirokatuta. Aurreko urtean Patricio Queipul 13 urteko gaztea zauritu zuten sei posta sartuta bularrean, eta urte batzuk lehenago tiroz hil zuten Daniela Ñancupil, hau ere 13 urteko neskato maputxea.

Egiak min egin dio botereari eta saiatu egiten da kontrolatzen informazioa. Egunkari txiletar gehienak bi enpresaren eskuetan daude, El Mercurio eta Copesa, eta irratien egoerari begiratuta deigarria da jakitea irrati-emisoren % 60ren jabea Prisa enpresa espainiarra dela.

Hesi informatiboa apurtzen ausartuz gero basatia da erasoa. Adibideak nonahi. Reporters sans Frontieres-ek salatu du maiatzean bi dokumentalgile frantziar eta beste bi italiar kartzelaratu zituztela tarte batean eta gero herritik kanporatu zituztela, Txilera berriz sartzeko debekuaz. Salaketa jarri zieten “ekimen terroristak” burutzen ari zirelako. Kazetariak informazioa biltzen ari ziren soilik, informazioa hedatzeko nazioartean.

Víctor Salas EFEko argazkilariak begi bat galdu zuen 2008an, zaldi gainetik karabinero batek kolpatu zuelako bere lana burutzen ari zenean.

Massimo Falqui Massidda, argazkilari italiarra joan den asteazkenean atxilotu zuten eta oraingoz ez da jakin gauza handirik beraren egoeraz.

Eta kasu lazgarriena Elena Varela zinegile txiletarrarena dugu. Idazle, kazetari, eta dokumentalgile honi bi polizia hiltzea egotzi diote, bai eta banku batean lapurtzea ere. Bere delitua da dokumentala burutzen ari zela maputxeen kasuaz. Bi aldiz egon da kartzelan eta orain, etxeko atxiloaz, epaiketaren zain dago. Fiskalak eskatutakoa ezarriz gero, 15 urte eman behar izango ditu kartzelan.

Zertarako segitu kasuak aipatzen. Hitzak, irudiak. Horretan datza arriskua: egia salatu, gertatzen ari dena agerian jarri, isilarazi nahi dituztenei mikrofonoa eskaini eta mintzatzeko aukera eman. Hori da delitua. Horixe izan da Aselen bekatua, hitzak arriskutsuak direlako egia entzun nahi ez duenarentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia