euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Esne saltzailearen Bira’ lasterketak, esnearen bideko herriak lotuko ditu Buenos Aires aldean, Zazpirak Bat antolatzaile

2015/04/17

 ‘Esne saltzailearen Bira’ zabaltzeko afixa
‘Esne saltzailearen Bira’ zabaltzeko afixa

PUBLIZITATEA

Parte hartzaileek auto klasikoak gidatuko dituzte eta Cañuelas eta General Las Heras herrien artean dauden 50 kilometroak egin behar izango dituzte. Behin lasterketa bukatuta, Gral. Las Herasen bertan egingo da sari-emate ekitaldia eta euskal bazkaria eskainiko zaie gidariei. Hitzordua igande honetan da, goizeko 9etan, eta elkargunea, 205. errepidearen hasiera, Cañuelasko Golf Klubaren parean.

Gral. Las Heras, Argentina. Ekintza berri bati ekingo dio General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxeak, oraingo honetan “herrialde osoan baina batez ere inguru honetan –Buenos Aires probintziako ‘Cuenca Lechera Abasto Sur’ deitzen duten eskualdean– hainbeste garatu zen esne saltzaileen lanbideari omenaldi bat egiteko”.

‘La vuelta del tambero’ (‘Esne saltzailearen Bira’) izenarekin egingo den ekintza auto lasterketa izango da. Lehiaketa Cañuelasen hasiko da eta Uribelarrea, Empalme Lobos, Zapiola eta Speratti herrietatik pasatuko da, Gral. Las Herasen bukatzeko. Lasterkariek auto klasikoak gidatuko dituzte eta bi kategoriatan egongo dira banatuta: 1940. urte artekoek 35 kilometro orduko batezbesteko abiadura hartu ahal izango dute; 1975. urte artekoek, berriz, 60 kilometrokoa.

Euskal etxeko lehendakari Luis Echegarayk azaldu duenez, “gidarietako asko, auto klasikoen zaleak biltzen dituen ‘Horacio Anasagasti’ elkarteko kideak dira". "Gogora dezagun elkarte horren izena Argentinako lehenengo autogilearen omenez jarria dela. Xedea da esnearen bidearen ertzean dauden herrietako lagunak biltzea, herri horietatik ateratzen baitzen egunero esnea, XIX. eta XX. mendearen hasieran, Buenos Airesera”, adierazi dio lehendakariak lasherastarrak La Voz de Las Heras egunkariari.

Lasterketa Gral. Las Herasen bukatuko da eta bertan egingo dira sari-emanaldia eta auto gidari eta euren laguntzaileentzako bazkaria. Menua, Euskal Herriko janari tipikoa izango da. Elkarretaratzea, Euskal Tabernan izango da –Lozano eta Villamayor kaleetan– eta Euskal Etxearen 2015eko ekintza programa estriatuko du. Programa horretako parte aipa daitezke, besteak beste, San Juan eta San Pedro eguna ospatzeko deia, ekainean; uztailean, San Inazio jaia; eta abenduan, Herri Kirolen Astea.

‘Esne saltzailearen Bira’ igande honetan, apirilaren 19an izango da, goizeko 9etan hasita, eta Cañuelasko Golf Klubaren parean dagoen 205. bidean hasiko da.

Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi zazpirakbat.lh@gmail.com helbidera, edo sartu elkartearen Facebook kontura edo blogera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia