euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

E(r)romak euskal aroma du abenduan, A.C.E. elkarteak antolatu duen musika eta zine jaialdiari esker

2011/11/25

Mursego, Maite Arroitajauregi musikari eibartarrak jaialdiaren itxiera jaian joko du (argazkia foteropanico.blogspot.com)
Mursego, Maite Arroitajauregi musikari eibartarrak jaialdiaren itxiera jaian joko du (argazkia foteropanico.blogspot.com)
Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak "@roma basco-euskara" izeneko kultur jaialdia antolatu dute Erroman. Datorren asteazkenean, azaroaren 30ean, abiatuko da ekimena, eta hiru asteburutan zehar luzatuko da, abenduaren 17a arte. Jaialdiaren baitan egingo diren ekitaldien artean, gastronomia (eta poesia) dastaketak; 'Bertsolari' filmearen emanaldia eta bertsolaritzari buruzko mahaingurua; eta Xabier Montoia, Mursego eta Ibon Rodriguez kantarien kontzertua izango dira.

PUBLIZITATEA

Erroma, Italia. Abendua euskal hilabetea izan ohi da Erroman eta aurtengoan ere euskal kulturak tarte zabala izango du datozen hiru astetan città eternan, Associazione Culturale Euskarak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatu duten "@roma basco-euskara" jaialdia dela eta. Asteazken honetan bertan abiatuko da ekimena, Giufá liburudendan egingo den aurkezpenarekin. Bertaratzen direnek euskal pintxo dastaketa egin ahal izango dute.

Hurrengo egunean, ostegunean, kontzertua emango dute Laurie Amat estatubatuarrak eta Ckoroma taldeak. Amat San Frantziskoko kantari bat da eta improbisazioan eta elektronikan oinarritzen ditu bere emanaldiak. CKoroma euskaraz kantatzen duen talde euskal-erromatarra da. Kontzertua Circolo ARCI Dal Verma aretoan egingo da. Larunbatean, abenduaren 3an, Myriam Aizager zuzendari hendaiarraren "Ni Nuzu, Mur(s)" dokumentalaren emanaldia egingo da Detour Zineklubean. Egilea bertan izango da, ikusleei bere lana aurkeztu eta azaltzeko prest.

"Bertsolari" eta pintxoak

Jaialdiak abenduaren 9an jarraituko du, ostiralean, "Bertsolari/Poeti" izeneko gaualdiarekin. Circolo Gianni Bosio aretoan bapatekotasunari buruzko mahaingurua egingo dute Jon Sarasua bertsolari eta hizkuntzalariak, Giampiero Giamogante poeta italiarrak eta Serena Salvatori etnomusikalariak. Ondoren Asier Altunak zuzendu duen "Bertsolari" dokumentalaren emanaldia egingo da, italierazko azpitituluekin.

Larunbatean, abenduaren 10ean, "Pintxo!", gastronomia eta poesia ekitaldia egingo da Dome Rock Cafè-n. Batetik, Asier Oyarzabal sukaldari donostiarrak parte hartuko du, pintxoak prestatuz; bestetik, pintxo horiei bertsoak jarriko dizkiete Donato De Acutis, Giampiero Giamogante, Matteo Mencattini eta Jon Sarasua bertsolari/inprobisatzaileek.

Xabier Montoia Erroman

Eta azkeneko asteburuan, abenduaren 16 eta 17koan, ekitaldiak ostiralean hasiko dira, Baffo della Gioconda aretoan egingo den musika eta literatura ikuskizunarekin. "Intermezzi/Tarteak" izenburua du gaualdiak eta Xabier Montoia, David Santoro, Mursego, Ibon Rodriguez eta beste musikari eta sortzaileak bilduko ditu euskal eta italiar testuei musika jartzeko asmoz.

Bukatzeko, jaialdiaren itxiera ekitaldia Il Cantiere kultur gunean egingo den kontzertua eta jaia izango da. Euskal Herriko ordezkari Xabier Montoya kantari eta poeta ariko da, Mursego (Maite Arroitajauregi kantari eibartarra) eta Ibon Rodriguezekin batera. Italiarren aldetik, Erromako Banda Jorona taldeak joko du.

-Informazio gehiago A.C.E.-ren webgunean, hemen

@roma



Komentarioak

  • Zorionak Erromako euskaldunei

    Zorionak bihotz-bihotzez Erromako euskal elkartekoei, ikusten baidut lan ederra egiten duzuela euskal ekoizpen garaikideak zuen inguruan plazaratzen, erromatarrekin buruz-buru konpartituz

    Iruñetik Erromara, 2011/11/29 20:08

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia