euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erresuma Batura erbesteratu zituzten Gerrako Umeei omenaldia egin zieten Southamptonen

2012/05/15

1937an Southamptonera heldu ziren ia 4.000 ume haietako batzuk omenaldian izan ziren (argazkia Irekia)
1937an Southamptonera heldu ziren ia 4.000 ume haietako batzuk omenaldian izan ziren (argazkia Irekia)
Duela 75 urte heldu ziren lehen aldiz Ingalaterrara, bakarrik eta beldurtuta, gurasoak 1937ko gerra eta bonbardeketen artean utzita. Iragan asteburuan ume horietako batzuk, orain edadetuta, Southamptonen bildu ziren eta omenaldia jaso zuten, euren etorreraren 75. urteurrenean. Omenaldiaren antolatzaileak Basque Children of '37 elkarte ingelesa eta Eusko Jaurlaritza izan ziren. Euskal ordezkaritzaren buru Idoia Mendia Bozeramaile eta Justizia Sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia izan ziren.

PUBLIZITATEA

Southampton, Ingalaterra. Datorren maiatzaren 23an 75 urte beteko diRa 4.000 euskal neska-mutilek etxea utzi eta erbesterako bidea hartu zutenetik, Santurtziko portutik atera zen Habana ontzian. Ingalaterra zuen jomuga itsasontziak eta Southamptonera heldu ziren haurrak, gerrako errefuxiatu bezala. Euskal Herrian gurasoak eta familia utzi zituzten, aurki berriz ere bilduko zirela sinestuta. Alta, asko betirako geldituko ziren Ingalaterran. 

Iragan asteburuan talde hartako kide batzuk bildu ziren Southamptonen, eta omenaldia jaso zuten. Lehen haurrak zirenak, orain adinduta, biziki hunkitu ziren ekitaldian. Omenaldiaren antolatzaileak  Basque Children of '37 elkartea, Eusko Jaurlaritzak eta Southamptongo Unibertsitatea izan ziren.

UK Gerrako Umeak 75. urteurrena

[Hogeitamar bat Gerrako Haur bildu ziren Southamptongo Unibertsitatean egin zen ekitaldira (argazkia Irekia)]

Basque Children of '37an sortu zuten Gerrako Haur horiek eta ondorengoek, neska-mutil hauek bizi izan zutenaren oroimena gordetzeko. Asmo horrekin, iragan asteburuan elkarteak bere artxibo historikoa dohaintzan eman zion Southamptongo Unibertsitateari. Fondo honetan dokumentu ofizialak, argazkiak, ahozko lekukotzak, abestiak eta marrazkiak daude, besteak beste. Artxiboa Unibertsitateko Hartley Liburutegian jasoko da.

Artxiboaren emate-ekitaldia eta taldekideen lekukotzak omenaldiko unerik hunkigarrienak izan ziren, eta bertara joan ziren Gerrako Haurrek eta euren senitartekoek zirraraz biziz entzun zituzten. Omenaldian Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zabala izan zen, besteak beste, Idoia Mendia Bozeramaile eta Justizia Sailburua, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia eta Inés Ibáñez de Maeztu, Giza Eskubideetarako Zuzendaria.

 UK Gerrako Umeak 75. urteurrena (2)

[Jaurlaritzako ordezkaritzak 'Here, Look after him: los niños, refugee children from the Spanish Civil War' erakusketa ikusi zuen Southamptongo Unibertsitatean (argazkia Irekia)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia