euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eresbilen webgunean euskal musikaren partiturak, grabaketak, dokumentazioa... klik batean eskura

2011/02/18

Eresbilen webgunearen irudia
Eresbilen webgunearen irudia

PUBLIZITATEA

Kantu herrikoi jakin baten partitura nahi duzu zure koruarekin kantatzeko? Euskal konposagile baten lana ikertzen ari zara eta datuak behar dituzu? Zure txarangak abesti berriak ikasi nahi ditu? Eresbilek, Musikaren Euskal Artxiboak, du erantzuna. Bere webgunearen bidez material guzti hau bilatu eta eskura dezakezu. Diasporako abesbatz eta musikazale askok ezagutzen dute jada; besteei zerbitzu honetan baliatzeko gonbitea egiten diete arduradunek. Webguneak Uruguaiko euskal kolektibitateko musikariei buruzko atal bat plazaratuko du aurki, eta berri buletinera harpidetzeko aukera ere ematen du.

Errenteria, Gipuzkoa. Musikaren Euskal Artxiboak Errenterian, Donostiatik oso gertu, du egoitza fisikoa. Egoitza birtuala, aldiz, www.eresbil.com webgunean du eta bertatik bere artxiboetan bilaketak egin eta materiala bidaltzeko eskatzeko aukera ematen du. "Gauza desberdin asko eskatzen ditu jendeak: partiturak, grabaketak, dokumentazioa...", azaldu dio EuskalKultura.com-i Eresbileko Pello Leiñenak.

Eskariak Euskal Herritik eta munduko bazter askotatik heltzen omen zaizkie, eta munduko horien artean euskal Diasporako koru, musika talde eta ikerlariek badute lekurik. "Argentinatik, Parisetik.. euskal etxe desberdinetatik heltzen zaizkigu eskariak. Pariseko Anaiki korua, edo Buenos Aireseko Lagun Onak, adibidez, ederki ezagutzen ditugu", gehitzen du Leiñenak. Aurki webguneak Uruguaiko euskal musikagile eta musikazaleei buruzko ikerketa bat argitaratuko du, Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen ikerlariek Zelaia Bekaren laguntzarekin burutu zutena, hain zuzen ere. "Webgune tematikoen atalean plazaratuko dugu", azaltzen du Eresbileko kideak.

Katalogoak eta direktorioa

Eresbilen webgunean katalogoan bilaketa desberdinak egin daitezke: Euskal musika-partiturak, Euskal Musikaren bibliografia edo Katalogo orokorra ataletan. Behin dokumentu bat aurkituta, Eresbilekin harremanetan jarri eta postaz bidaltzeko eskaria egin behar da. Kasu batzuetan, aldiz, dokumentua sarean bertan egon daiteke eskuragarri.

Webguneak Direktorio bat ere eskaintzen du eta bertan Euskadiko eta Nafarroako musika munduko talde, erakunde eta profesionalen bilaketa egin daiteke. Bukatzeko, 'Beste zenbait esteka' atalean interesgarriak izan daitezkeen hainbat webgune aipatzen dira. "Momentuz gure direktorioan ez dira agertzen Diasporako euskal abesbatzak edo musikariak, baina haien informazioa izan nahiko genuke noski. Gurekin harremanetan jartzeko eta informazioa bidaltzeko gonbitea egiten diegu", bukatzen du Leiñenak.

Zure abesbatzari edo taldeari buruzko informazioa bidali nahi izanez gero, idatzi e-maila hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia