euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak Kantagunea sustatuko du sarean, euskal kantu tradizionala sustatzeko

2010/01/15

Eresbileko artxiboa erabiltzen ikerketak egiteko (argazkiaArizmendi-DV)
Eresbileko artxiboa erabiltzen ikerketak egiteko (argazkiaArizmendi-DV)
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak geroz eta dokumentu gehiago ditu. Aurten, gainera, zortzi funts berri osatu dituzte, eta 4.926 dokumentu berri jaso. Jon Bagues zuzendariak zortzi funtsetatik bi nabarmendu ditu: Santiago Bengoetxea biolin jotzailearena eta Jesus Aranbarri musikariarena. Gainontzekoak, Zunzundegi sendiaren (Zestoa, Gipuzkoa), Felix Beteta Yarzaren (Pasaia, Gipuzkoa), Francisco Bengoa Berbejilloren (Bilbo), Jose Menendez de Estebanen (Tafalla, Nafarroa) eta A. Saenz Valdesen (Castro Urdiales, Espainia) lanak behar dira azpimarratu. Nabarmendu behar da baita ere, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak Kantagunea ekimena sustatuko duela sarean, euskal kantu tradizionala sustatzeko, Diasporako musikazaleei bereziki baliagarria izan zaiena. Artikulu hau gaurko Errenteriako Hitzan eman dute gaur argitara.

Errenteria, Gipuzkoa. Aurtengo berrikuntzen artean dantzaren arloan egindakoak aipatu ditu Baguesek. Hain zuzen, dantzari buruzko dokumentazio biltzen duen atal berria sortu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Arlo horretan dagoen hutsunea bete nahi izan du horrela. Diskoetan ere egon da berritasunik. Aeolus organurako musika bilduma osatzen jarraitu du, eta Iruñeako Kamara Abesbatzarekin ere egin du grabazio bilduma bat.

Beste berrikuntzetako bat webgunean eginiko aldaketak izan dira. Atal berri bat sortu dute, eta han euskal musikagile eta musika gai zehatzen webguneak bilduko dituzte. Luis Aranburu izango da atal horretan agertuko den lehenengoa.

Bestalde, gaikako web orrian bi atal izango dira: Euskal Herriko musika argitaletxeak eta Euskal Herriko etxea eta zigilu diskografikoak. Lehenengoan, musika edizioan jasandako bilakaerari buruzko informazioa bilduko da, eta bigarrengoan, 1898tik gaur egunera arte izan diren diskoetxeak bilduko dira.

Aldaketa horiengatik izan ala ez, bisita gehiago ari da jasotzen Eresbil. Abenduan izan dituzte urteko bisita gehien: 9.953, martxotik urte bukaerara, 59.014.

Aurten, berriz, Kantagunea egitasmoa aurrera eramatea du helburu Eresbilek. Horren bidez, euskal kantu tradizional ezagutzera eman nahi dituzte Interneten bitartez.
Musikaste ere martxan egongo da: maiatzaren 15etik 22ra. Oraingoan, Juan Garcia Salazar musikagilea omenduko dute. Generoari egingo diote tokia. Musika klasikoaz gain, opera, dantza, bandako musika landuko dituzte.

(2010-01-14ean Donostiako Hitza n argitaratua)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia