euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erabakimenaren aldeko ehunka mezu lotuz Uruguai eta Argentinako euskal etxeen oihala josi dute La Platan

2015/04/28

Joan den larunbatean La Plata hirian egindako Ehuntze Egunaren irudiak (argazkiak GED)
Joan den larunbatean La Plata hirian egindako Ehuntze Egunaren irudiak (argazkiak GED)

PUBLIZITATEA

Gure Esku Dago dinamikak deituta eta La Platako Udalaren babesarekin --alkateak ere bere oihala idatziz hartu zuen parte--, berrogeita hamar bat ‘jostun’ bildu ziren joan den larunbatean Buenos Aires probintziako hiriburuan egindako Ehuntze Eguneko ekintzan. Antzeko ekimenak gauzatu dira azken egunetan Argentina eta munduko beste zenbait euskal etxetan. La Platako kasuan, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko mezuek osatutako oihal erraldoia ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian erakutsiko da maiatzaren 10ean, eta gero Euskal Herrira abiatuko da ekainaren 21eko ‘Erabakia Ehuntzen’ ekimeneko parte izateko. 

La Plata, Argentina. Erantzun paregabea izan du Gure Esku Dago herri dinamikak luzatutako deialdiak Argentina eta Uruguaiko euskal etxeetan. Hogei inguru erakundetik bidali zituzten iragan asteburuan euren mezu eta oihalak La Plata hirian bildutako jostunek josi ahal izateko. Mezuak, mota askotakoak izan dira: marrazkiak, banderak, esaldi eta ikurrak… ·guztiak, ordea, helburu berarekin: erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egitea·, azaldu diote EuskalKultura.com-i ekimeneko arduradun argentinar-uruguaitarrek.

Larunbateko ekintza goizeko 11ak aldera hasi zen, La Platako Udaletxearen parean, eta eguraldi lagun, berrogeita hamar bat lagun bildu zituen mezuak idatzi baina batez ere jasotako oihalak josi eta lotzeko. Aipatzekoa da, euren babesa emateaz gain, Pablo Bruera Buenos Aires probintziako hiriburuko alkatea eta Mauricio Castro Kolektibitateen idazkariordea ere bertaratu zirela plazara euren atxikimendua adierazteko. Agintariez gain, Herrialde Katalanetako Etxeko ordezkariek ere hartu zuten parte aktibitatean.

Egunean zehar, ‘joste lanak’ egitearekin batera, zuzeneko musika eta dantzak eta La Platako Euzko Etxea itsuen futbol taldearen erakusketa egin ziren hiriko Katedralaren aurrean.

Euskal Herrira bidali aurretik, mezuek osatutako oihala Buenos Aireseko Mayo etorbidean maiatzaren 10ean egingo den ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ (Buenos Airesko Udalak deitutako euskal festa handia) jarriko dela ikusgai. Bertan gainera, asteburu honetan La Platara iritsi ez diren mezuak gehituko zaizkio. Behin osatuta, Euskal Herrira bidaiatuko du Rio de la Platako diasporaren oihalak, ekainaren 21ean Euskal Herrian eraikiko diren hautestontzietan 'hondar ale' izan dadin.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia