euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Endika Izquierdoren ‘Basajaun’ ikuskizun unipertsonala igande honetan estreinatuko da Buenos Airesen

2018/04/12

'Basajaun' apirilaren 15ean estreinatuko da Buenos Airesen
'Basajaun' apirilaren 15ean estreinatuko da Buenos Airesen

PUBLIZITATEA

Antzezlana El Bolson herri argentinarreko Nazioarteko Clown Jaialdian aurkeztu zen otsailean eta datorren igandetik aurrera Buenos Aires hiriburuan ikusi ahal izango da. Endika Izquierdo bilbotarra da eta bakarka taularatzen duen ikukizun honetan euskal jatorriko zerbitzari baten errutina eta euskal mitologiaren pertsonaia elkartzen ditu. ‘Basajaun. Bestia. Bruto’ hiriburu argentinarreko Pan y Arte aretoan eskainiko da, sarrera, borondatea.

Buenos Aires, Argentina. “Herri txiki eta isolatu batean, euskal jatorriko zerbitzari bat prest dago lanerako. Berriro ere, guztiak bere tokian egon behar du. Baina bere ohiko eta bakarkako errutinan, ezerosotasun batek ulu egiten dio. Ondorioz, jarrera egokia mantendu behar du. Edo agian, ez”. Hitz hauekin deskribatzen du Endika Izquierdo antzezlanaren egiletako batek istorioa abiapuntua. ‘Basajaun. Bestia. Bruto’ (Basajauna. Piztia. Astakiloa) Chubut probintzian, El Bolson herriko Nazioarteko Clown Jaialdian estreinatu zen joan den otsailean eta orain Buenos Airesen taularatuko dute apiril eta maiatzean.

Marina Barbera zuzendari, bakarkako antzezlan honetan agertzen diren euskal erreferentziak ez dira argumentukoak bakarrik; izan ere jakina denez Basajauna euskal mitologiako pertsonaia nagusietako bat baita. Basajauna, basoa eta jauna, “mendietan ezkutatuta bizi den pizti erraldoi eta iletsua da; beldurgarria ematen du baina ez da oldarkorra, eta bere orroarekin artaldeak babesten ditu otsoak gerturatzen edo ekaitzak etortzen direnean”, azaltzen dute gidoiaren egileek.

‘Basajaun’ apirilaren 15ean, igandean, estreinatuko da Buenos Aires hiriburuan –emanaldi honetarako sarrera gutxi geratzen dira– eta jarrian igandero eskainiko da iluntzeko 7etan, Pan y Arte aretoan, Boedo kaleko 880. zenbakian. Sarrera borondatea da, baina erreserbak egin daitezke, Alternativa Teatral webgunean.

Antzezlanaren trailerra

Facebook, Basajaun. Bestia. Bruto

Fitxa teknikoa

Egileak: Marina Barbera, Veronica Bonino, Endika Izquierdo
Aktorea: Endika Izquierdo
Eszenografia eta Jantziak: Azul Borenstein
Argiak: David Rosso
Makillajea: Analia Arcas
Entrenatzailea: George Lewis
Laguntzaile teknikoa eta zuzendaritza laguntzailea: Veronica Bonino eta Aldana Zulaica
Diseinu grafikoaMatias Aimar
Zuzendaritza: Marina Barbera



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia