euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emeki-emeki, euskara aurrera doa Boisen (AEB), haur eta nagusiek egiten duten ahalegin politari esker

2007/03/22

Patty Lachiondo, Ramona Larrea, Josephine Anchustegui, Gina Ridley eta Jaimie O'Mahoney ikasleak (argazkia I. Kortazar)
Patty Lachiondo, Ramona Larrea, Josephine Anchustegui, Gina Ridley eta Jaimie O'Mahoney ikasleak (argazkia I. Kortazar)

PUBLIZITATEA

Gero eta gehiago dira Boisen euskarak euskaldunen kulturan eta nortasunean duen garrantziaz jabetu eta hizkuntza ikasteari ekiten diotenak. Aspalditik ematen ziren euskara klaseak Euskal Museoan, baina 1998an guraso talde batek urrats berri bat eman eta Boiseko Ikastola sortzea erabaki zuen, euren seme-alabek haurtzaroan euskara ikas zezaten. Egun bi ekimen hauek bide sendotik jarraitzen dute, haur eta nagusiak bilduz. Estatu Batuen bihotzean euskara irakasle, Izaskun Kortazarrek bere esperientziaren berri ematen digu.
Euskal Museoaren (Basque Museum & Cultural Center) baitan antolatu izan dira azken urteotan Boisen euskara klaseak. Gaur egun ere horretan jarraitzen dute jo ta su, euskal komunitateko kideek euskara ikasi eta euren ezagutza zabaltzeko aukera izan dezaten. Aurtengo ikasturteko ikasle taldea 20 bat lagunek osatzen dute eta bi irakaslek ematen dizkiete klaseak: bertakoa bata, Sam Snodgrass, eta Euskal Herritik etorria bestea, Izaskun Kortazar Errekatxo. Ostegunero, gainera, Nere Lete Boise State Universityko irakasleak gidaturiko mintzapraktika egiten dute. Ikasleak bi taldetan banatzen dira, aurtengoan oinarrizko mailakoak, aurreko urteetan euskaldunzaharrentzako goi mailako taldea egon egon bada ere.

'Eskolak astelehenero izaten dira arratseko 6etatik 8ak arte eta hizkuntzaz gain kultura ere ikasten dute ikasleek. Astero euskal kanta tradizionalak abesten ditugu eta honez gain, ikasleek beraiek euren ikaskideei 3-5 minutuko aurkezpen kulturala egiten diete', diosku Izaskun Kortazarrek. 'Lau hilabeteko honetan ikasleak haien buruaz eta haien familiaz hitz egiteko gai izatea nahi dugu: haien burua aurkeztu, familiaz hitz egin, gustuak, nahiak, sentimenduak eta beharrak azaldu eta egunero egiten dituzten ekintzen berri eman'. Aurtengo ikasle taldea honoko lagunek osatzen dute: Josephine Anchustegui, Carmen Forsmann, Gina Gridley, Elisa Anchustegui-Knox, Ramona Larrea, Joe Lasuen, Pat Arnold, Jamie O’ Mahony, Henar Chico, Mike Jackson, Amaya Harley, Ed Goekner, Heather Hicks, Libby Moss, Ann Heringer, Wendy Stoker eta Erica Cantrell.

Gero eta ume gehiago Boiseko Ikastolan

Ikastolaren ekimena, bestalde, 1998. urteko urrian hasi zen, guraso talde baten ahaleginei esker. 'Guraso hauek konturatu ziren Boisen euskara galtzeko arriskutan zegoela eta Ikastola sortzea erabaki zuten. Euskararen jarraipena ziurtatzea zen haien helburua, baina baita euskara zabaltzea ere. Horregatik Ikastola jatorri euskalduna ez duten umeentzat irekia da eta gainera, gero eta honelako ume gehiago ditugu', azaltzen du Kortazarrek. Mara Davis da Ikastolako zuzendaria eta Euskal Herriko bi irakaslek ematen dituzte klaseak: Izaskun Kortazarrek eta Axun Azurzak. Hasierako urteetan ume gutxi batzuk baino ez omen zirela joaten aipatzen du Kortazarrek, baina urteak aurrera joan ahala ume kopurua handitu egin da. 'Aurton 26 ume ditugu eta datorren urteari begira beste horrenbeste ume etorriko direlakoan gaude'. [Ezkerreko irudian Boiseko Ikastolako klase bat (argazkia Kirk Keough)]

'Gure helburua da 2-5 urte arteko umeek euskaraz mintzatzea eta euren adinari dagozkien trebetasunak eurenganatzea', azaltzen du Izaskunek. Euskal Herriko ikastoletan erabiltzen diren material berdinak erabiltzen dituzte klaseetan eta horrela 'Boiseko Ikastolako umeak Euskal Herrira doazenean (uda aldean), hango Ikastoletan parte har dezakete arazo barik'. Klaseak mintzamenean oinarritzen dira eta Ikastolan Ameriketako jaiak egiten dituzte: Halloween, St Valentine, St. Patrick…

Aldi berean, 'hilabetero Boiseko liburutegi publikora joaten gara ipuinak entzutera eta liburuak irakurtzera eta txangoak ere egiten ditugu zoologiko, frontoi, lorategi, arrantxotara, eta abar. Gurasoek gure batzarretan eta txangoetan parte hartzen dute', jarraitzen du Izaskunek. Ikastolan dabiltzan umeak 2 eta 5 urte bitartekoak dira eta Ikastola amaitu dutenentzat eskola berezia egiten da astean behin, ikasitakoa ahantz ez dezaten. 'Era honetan sauatzen gara euskararen jarraipena ziurtatzen', bukatzen du Boiseko andereño honek. [Eskuineko irudian Izaskun Kortazar nagusien klase bat ematen]


Lotura interesgarriak

Boiseko Ikastolaren webgunea
www.boisekoikastola.org

Basque Museum & Cultural Center, Boise, ID
www.basquemuseum.com

Koxkorrak Haur Eskola, San Francisco Basque Cultural Centerren
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2005eko azaroaren 5ean

Txiki-txoko, Santa Rosako Ikastola, Argentinan (itxita gaur egun)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urriaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia