euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Eman ta zabal zazu", Gernikako Arbolaren kimuak mundu osoan zabaldurik

2017/04/24

Urkullu Auschwitzen Gernikako Arbolaren kimu bat landatzen 2017ko apirilean (arg. Irekia)
Urkullu Auschwitzen Gernikako Arbolaren kimu bat landatzen 2017ko apirilean (arg. Irekia)

PUBLIZITATEA

"Eman ta zabal zazu" dio ereserkiak. Iparragirrek hitzok idatzi eta 165 urte geroago bere ondarea inoiz baino biziago dago. Gernikako Arbolaren kimuak munduan gero eta zabalduago daude. Joan den astean, Urkullu lehendakariak berak landatu zuen azkena Auschwitzen eta gaur bertan Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak Bakion landatu behar du beste bat. Azken 22 urteetan 66 ale landatu dira. Besteak beste Sydney, Nairobi, Erroma, Montevideo, Washington edo Sao Paulora atera da bakearen eta euskal askatasunen ikur den arbola. Aitziber Atxutegik Deian argitaratutako artikuluaren euskarapena.

Aitziber Atxutegi. Pasa den martxoan bakarrik, Ana Otaduik lau kimuren landaketan hartu du parte, hilaren 14an Ertzaintzaren egoitza nagusian Erandion; 17an, Galiziako Naron herrian; eta 18an eta 27an Zornotzan, Udabarri Dantza Taldearen eta Andramari Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko, hurrenez hurren. 1975etik hona Gernikako Arbolaren 66 kimuren doaitzaren berri dago, elkarrengandik hain urrun dauden Celaya-ra (Mexiko), Rosarioko Euskal Etxera (Argentina), Montalivet (Frantzia), Nairobira edo Kataluniako La Garrigako Udalera abiatuak. Jakina da aurretik beste asko eman zirela --adituek ehundaka batzuk esaten dute-- baina zaila da 19. mendean kimuak ematen hasi zirenetik erregistro osaturik gordetzea. Otaduik ikerketa hori egin beharko dela dio. "Kimuen mapamundia zein den jakin nahi dugu, noraino heldu den Arbola milurtetsuaren askazia", aurreratzen du.

Arbolaren kimua ez zaio nornahiri banatzen. "Erakunde, elkarte edo talde esanguratsua behar du izan, duina eta interes publikoa zainduko duena, gizarteari ekarria egiten diona", azaltzen du Batzar Nagusietako presidenteak. Ez dago pentsatua norbanakoentzat eta eskatzaileek leku publiko batean zainduko dutela bermatu behar dute. "Ez dugu ahaztu behar Euskal Herriaren sinbolorik unibertsalena dela, gure eskubide eta libertateen ikurra. Gernikako bonbardaketaren ostean, gainera, bakearen nazioarteko sinbolo bilakatu da", azpimaratzen du Otaduik, batere ahaztu gabe pentsaera politiko guztietatik aitortzen dioten errespetua. "Ideologia guztiek maite dute, euskal alderdi politiko guztiek. PP edo PSEtik hasi eta ezker abertzaleraino, Podemos edo Alderdi Jeltzalea tarteko, euren ekitaldi garrantzitsu eta sinbolikoenak Gernikako Arbolaren inguruan egiten dituzte".

Bost kontinenteetako euskal etxeek dauzkate Arbolaren ondorengoak, hala nola San Frantziskon, Sydneyn edo Argentinako Cordoban. Baina badaude baita ere gerrak bereziki zigortutako lekuak, tartean Gurs-eko konzentrazio eremua Frantzian, Bigarren Mundu Gerlan bertan espetxeratuta egon ziren euskaldunen omenez; La Garriga herri katalana, Gerra Zibilean hegazkin italiarrek bonbardatua; edo Sartaguta, Nafarroan, ezaguna emazte alargunen herria bezala, gatazka hartan afusilatu zituzten gizonezkoengatik. Eskolen, dantza taldeen eta eguneko zentroen urteurrenak ere izan dira, esaterako, ale agurgarri hauen landaketetako protagonista. Landaketak eta besterik ospatzen da baita ere, otsailaren 3an Ana Otaduik parte hartu baitzuen Oñatin kimua herrira heldu izanaren mendeurrena. Doaitzari argi berdea ematen zaionean, Batzar Nagusiak harremanetan jartzen dira eskatzaileekin landaketa eguna finkatzeko eta ondoren Basalanen lana dator, hau baita kimuak mantendu eta zaintzeaz arduratzen den erakunde publikoa, emate-ekintza noiz izango den zehazteko. Normalean eskatzailearenganaino eramaten da; Basalanek arbola egun ofizialaren aurretik landatzen du eta egun horretan lur palakada sinboliko batzuk botatzen zaizkio. Kimu bakoitzak egiazkotasun ziurtagiri bat darama Batzar Nagusietako lehendakariak sinatua.

Munduan barrena hedatzen diren kimu guztiak eta Gernikako Batzar Nagusietako belaunaldi txandaketa bermatzen dutenak jatorri bera dute: egungo Arbolaren eta aurrekoen ezkurrak. Basalanek Arbolaren fruituak jasotzen ditu --bostehun bat urtero-- eta Txorrierriko haztegi batean ereiten ditu; hor ia hiru mila kimuren erreserba bat dago. Guztiak sei urtetik beherakoak dira; zazpigarrenetik aurrera foru jabegoko mendietara eramaten dira hazkuntza prozesua jarrai dezaten.

Erabateko gaurkotasuna

Ana Otaduik aitortzen du oraindik ere zirrara sentitzen duela eskabide berri bat jasotzen duen bakoitzean. "Izugarri pozten nau, ikusten baitut gure herrian errotutako zerbaitek erabateko gaurtasuna izaten segitzen duela. Elkarrengandik hain bestelakoak diren elkarte eta erakundeak euren ekitaldirik garrantzitsuenak kimu bat landatuz ospatu nahi izatea pozgarria egiten zait oso", onartzen du. "Betetzen ari da Iparragirrek zioen hura, 'Eman ta zabal zazu'. Katebegi horren parte gara eta hitz horiei eutsi behar diegu: gure herrian zainak edukita, baina fruituak bost kontinenteetan emanez". Otaduik ahalegina egiten du ahal duen landaketa guztietara pertsonalki joateko, Ganberako ahaldunen ordezkaritza bat lagun. "Agendak lotzen saiatzen gara, datak adosten. Gustura hartzen dut parte ekitaldi zeremoniatsu horretan", azaltzen du. Hitzaldiez gain, partaideek lur palakada batzuk botatzen dizkiote kimuari, Gernikako Arbola ereserkia entzuten den bitartean, landatu den aleari dagokion plaka identifikagarria desestaltzen da eta egiazkotasun ziurtagiria ematen da, aurreskua edo kimua landatu den tokiko dantza esanguratsuren bat dantzatzen duten bitartean.

(2017-04-23an Deiak argitaratua)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia