euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio ekitaldiaren irudi kronika, argazki eta bideoak (III)

2010/02/15

John Bieter historialari euskal amerikarra aritu zen aurkezle (argazkia EuskalKultura.com)
John Bieter historialari euskal amerikarra aritu zen aurkezle (argazkia EuskalKultura.com)
Azken atala Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio egunean utzi genuen, Boiseko Biotzetik euskal abesbatzak bere errepertorioko zenbait euskal pieza kantatu ondoren eta hiriburu bereko Oinkari dantzariak euren emanaldia eginik utzi genituen hain zuzen. Bertan zeuden euskal multzoko partaideak, New York bertakoak zein AEB Mendebaldekoak izanik, begi dizdira berezi batek begiratu zieten eta entzun zituzten ezaguna zeuzkaten doinu, kantu eta dantzak, lekuak eta testuinguruak hala agintzen baitzuen. Aipatu bi talde horien ondotik, Amaia Arberas New Yorken finkatuta dagoen soprano donostiarrari egokitu zitzaion txanda. Berak ere euskal ohiko kantu tradizional, 'betiko' eta esanguratsuak hautatu zituen bere parterako. Hirugarren zatia.

PUBLIZITATEA

New York, Estatu Batuak. Ohitura handiagoa dute Estatu Batuetan euskal talde-kantu ak entzuteko edota dantzarien dantzekin gozatzeko. Ez da eguneroko gauza Amaia Arberas-ena bezalako soprano ahots eder bat kantu gogoangarriak kantatzen entzutea. Berriro ere, begi batzuk bustirik sonatu ziren, eta mukizapi batzuk dantzan atera ziren. Ellis Island-eko bere emanaldia, 'Ameriketara joan nintzan'ekin hasi zuen, eta besteak beste kantatu zituen 'Ala baita', 'Donostiako hiru damatxo', 'Hara nun diran' eta momentu berezi batean 'Gernikako Arbola'. Amaia Arberasen irudi eta kantuekin hasiko dugu gaurko irudi sorta.

ellis island euskal erakusketa 039

[Amaia Arberas sopranoa eta bere musika laguntzaileak]

[BIDEOA: Amaia Arberas-ek 'Ameriketara joan nintzan' kantu ezagunarekin hasi zuen Ellis Island-eko bere zatia]

[BIDEOA: Eta kantu berezi bezala, Gernikako Arbola kantatu zuen Amaia Arberas-ek. Publikoko hainbat jende lagun izan zuen kantu honetan. Besteak beste, Boiseko alkate Dave Bieter.]

Eta areto handitik aldameneko hitzaldi aretora pasatu ziren hurrengo fasean ekitaldiak. Lehenengo hitzaldiek jite akademikoa hartu zuten, hor mintzatu baitziren, besteak beste, William Douglass antropologo, euskal gaietan aditu eta Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari emeritoa edo John Bieter historialaria, Boise State Universityko Euskal Ikasketa Zentroklo irakaslea eta Cenarrusa Center for Basque Studies-eko buruzagia.

ellis island euskal erakusketa 010

[Bill Douglass Ellis Islandera euskal erakusketaren inauguraziora bildutakoei hitz egiten]

ellis island euskal erakusketa 008

[John Bieter historialaria bere hitzaldiarekin. Horretaz gain, ekitaldietako aurkezlea ere izan zen Bieter historialaria]

ellis island euskal erakusketa 040

[Bere anaia John historialariak aurkeztuta, Dave Bieter, Boiseko alkatea, euskaldun eta alkate gisa mintzatu zen. Erakusketan parte hartutako guztiei eskerrak eman ondoren, gonbidapena luzatu zion Lopez lehendakariari, datorren uztail-abuztuan Boisera hurbil dadin, Jaialdi euskal amerikar festa erraldoian parte hartzera.]

Berba egin zuten baita ere Ellis Islandeko superintendenteak. Laudorioak baino ez zizkion bota euskaldunen erakusketari. Eta Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Patricia Lachiondo Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko presidenteak. Guztien hitzek, erakusketa gauzatzen lan egindakoei eskerrak eman eta honelako ekimen batek euskaldunei dakartzan aukerak aipatu zituzten.

ellis island euskal erakusketa 041

[Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Bieter alkatearen hitzak eskertu zituen. Echenique Lopez lehendakariaren izenean mintzatu zen eta erakusketan lan egin dutenei eskerrak eman ostean Estatu Batuetako euskaldunei gonbitea luzatu zien euskaldun bezala nabarmendu eta ikusgarriago bilaka daitezen. Ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz egin zituen hitzak, eta frantsesez ere agurtu zuen]

Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko presidente den Patricia Lachiondoren hitzen ondotik, erakusketaren sarbide zen hall-era aldatu ziren gonbidatu, lagun eta publikoa oro har. Hor, erakusketaren atarian, moztuko zen pixkat geroago zerrenda, ikurrinaren koloreduna. Baina horren aurretik, zerrenda pikatu aurretik, eta euskal ohiturari jarraiki, bertsolaria ere ekarri zuten antolatzaileak, Wyomingeko Martin Goikoetxea gorritiarra. Berak ere gauzak esan zituen.

[BIDEOA: Martin Goikoetxea, duela lau hamarkada Wyoming-en bizi den bertsolari gorritiarrak bota zituen erakusketa inauguratzeko lau bertsoak]

[BIDEOA: Eta euskal erakusketa bat behar bezala inauguratzeko, Agurra edo ohorezko aurreskua. Kasu honetan Boiseko Oinkari dantza taldeko zuzendari den Patxi Kerns gazteak dantzatu zuen]

[BIDEOA: Tradizioari eutsiz, azkeneko osagaia erakusketa bat 'ohiko euskal modura' zabaltzeko, bedeinkapena zen. Hau ere egin zuten, eta erakusketa euskaraz bedeinkatu zuen Josu Iriondo monsinoreak, legazpiarra, New Yorkeko apezpiku laguntzaileetako bat denak]

ellis island euskal erakusketa 044

[Inagurazio zerrenda moztu eta erakusketa inauguratzen Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Patricia Lachiondo, Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko presidentea]


[HIRUGARREN ZATIAREN AMAIERA: BIHAR LAUGARREN ZATIA]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia