euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkoko Lopateguitarren 'Ogi Deli' Nevadako hiri honetako 2017ko 10 negozio azpimarragarrienen artean kokatu dute

2017/12/30

Anamarie (Sarratea) Lopategui eta bere senar Mikel, Elkoko Ogi kantina, otartekoleku eta deli-an. Mikel, Jon Lopategi bertsolariaren iloba da, honen anaia Jesus-en semea (argazkia EuskalKultura.com)
Anamarie (Sarratea) Lopategui eta bere senar Mikel, Elkoko Ogi kantina, otartekoleku eta deli-an. Mikel, Jon Lopategi bertsolariaren iloba da, honen anaia Jesus-en semea (argazkia EuskalKultura.com)

Anamarie (Sarratea) Lopategui eta bere senar Mikel ezagunak dira aspaldidanik Nevadako euskal munduan, bereziki musikari gisa, Anamariek soinua eta Mikelek panderoa jotzen baitu. Euskal komunitateko kide gisa daukaten ezagutza eta engaiamendua, baina, 'ogibide' bihurtu zuten duela urtebete inguru, 'Ogi' izeneko negozioa zabaldu baitzuten Elkon, Euskal Herri moldeko otartekoak zerbitzatuz, baita denborarekin pintxoak, sagardoa, pastelak eta beste hainbat janari-edari biltzen dituen menua, euskal eta amerikar osagaiduna. Elko Daily egunkariak, 2017ko hiriko 10 negozio azpimarragarrienen artean izendatu berri du euren 'Ogi Deli'.

PUBLIZITATEA

Elko, Nevada, AEB. Nafar eta bizkaitar jatorriko immigrante euskaldunen seme-alaba dira Anamarie eta Mikel, eta gogor eta tinko eusten diote euren euskaltasunari. Musika arloan garatzen duten lanari, euskal moldeei lotutako 'ogibidea' gehitu behar zaio. Elko, izan ere, Euskal Amerikako parte den herria da, eta euskal jatorriko biztanleak eta euskaldunei lotutako negozioak ugari ditu. Jatetxeen arloan soilik, Elkon errotuen, ezagunen eta bisitatuen direnetako batzuk euskaldunak dira edo izan dira, horien artean, 1910ean sortua, Star Hotela ikur delarik, egun nafar jatorriko Ygoa familiak gidatua.

2017ko azken egun hauetan, Elkoko egunkariak, Elko Daily Free Press-ek, urteko 10 negozio azpimarragarrienak nabarmendu nahi izan ditu Elko's top 10 business stories of 2017 titulupeko artikuluan.

Eta hor sailkatu ditu 'Ogi Deli' kafetegi-kantina-otartekotegia eta Lopateguitarrak.

Egunkariaren idatzi du "Anamarie Lopategui eta bere senarra, Ogi Deli-ko nagusiak, lehenengo belaunaldiko euskal-amerikarrak" direla, "harro euren kulturaz eta etxean ezagutu zuten sukaldaritzaz". "Jatetxea 2017 hasieran zabaldu zuten, eta euren famili tradizioko zenbait errezeta eskaini zituzten, tartean piperrada: piper gorria, oliba olioan egindako baratxuri eta tipulaz".

"Euren otartekoetako eta bestelako plateretako osagaietako batzuk Frantzia eta Espainiako Euskal Herritik datoz, barne bi ardi gazta mota diferente. Urdaiazpikoa ere eskatuenetako bat da".

"Lopeteguik dio zale edo jarraitzaile dezente lortu dituztela eskualdean eta baita erregularki Elko zeharkatzen duten bidaiarien artean ere, bertan geratu eta aldi oro agurtzera datozkien bezero fidelak".

Zorionak, Anamarie eta Mikel!

-Elko Daily Free Press-eko artikulua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia