euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkartearen eta bertako euskaldungoaren informazioa jasotzen du Limako Euskaletxearen webgune berriak

2007/03/29

Euskaltxearen webgune berriaren sarreran dagoen bertako euskal komunitateari buruzko artikulua
Euskaltxearen webgune berriaren sarreran dagoen bertako euskal komunitateari buruzko artikulua

PUBLIZITATEA

Atzean utzi dute Peruko Euskaletxekoek --honela idazten dute euskal-peruarrek euren elkartearen izena-- orain artean euren buruaren interneteko erakuslehio izan duten behin-behineko orrialde estatiko zaharra. Urrats berriak behar bezalako sarrera ematen die munduko euskal etxe webgunedunen artera. Egia esan, merezi zuen halako zerbait munduko euskal komunitateetan seguruenik historia antolatu zaharrena daukan Limakoak, bertakoa baita 1613an ofizialdutako araudia eta guzti jardun zuen Arantzazuko Amaren Anaiartea, Peruko hiriburuko euskaldunak biltzen zituena eta Euskal Herritik kanpoko munduko euskal elkarterik zaharrena izan daitekeena. Ez da marka txarra XVII. mendeko historia zaharra XXI mendeko tresnez ezagutarazi eta gisa horretan kateari segida ematea.
Iraganari geroa ekartzeko webgune berria sarean dago jadanik. Gunearen diseinua garbia eta ulergarria izateak informazio ugari uzten du bisitariaren esku era errazean. Peruko euskaldunen historia laburbiltzen duen artikulua irakurtzeko aukera izango du bertara sartzen denak. Idazki horri esker, Limako euskaldunak bildu dituzten XVII. mendeko Arantzazuko Amaren Ermandadea xehetasunak eskuratuko ditu edota, mendeetan ia gaur egunerako jauzia emanez, 50eko hamarkadan hiriburuko Country Club izenekoan egindako bileren berri jasoko du irakurleak.

Euskal Etxeen munduan sarriegitan gertatzen denez, webgunea erdara hutsean dago. 'Socios' izeneko atalean Limako Euskaletxea osatzen duten kideen zerrenda osoa jarri dute. 'Imagenes' izena duen atalera argazkiak bildu dira. Une honetan, hain zuzen, iaz ospatu zen elkartearen hogeigarren urteurrenaren inguruko irudiak dira eta afariren bat islatzen dute, euskal etxeak harro antolatu ohi duen mus txapelketari dagokion argazki sorta batekin batera. 'Actividades' izenburupean zentroak antolatzen dituen ekitaldien afixa edo kartelak azaltzen dira eta 'Ubicación' epigrafean, berriz, Euskaletxera lehen aldiz iritsi nahi duenari lagungarri gerta dakiokeen mapa.


Lotura interesgarriak

Limako Euskaletxearen webgune berria
www.euskaletxeaperu.org

Limako Arantzazuko Amaren Kofradiaz artikulua
www.euskonews.com-en

Limako Euskal Etxearen 20. urtemugako ekitaldiak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 13an

Interneten gunea duten euskal etxeen zerrenda
www.basqueheritage.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia