euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkartearen aurtengo besta ongi pasaturik, Paueko Lagunt eta Maita prest 2017an 50 urte betetzeko

2016/04/27

Paueko Euskaldunen Besta 2016, apirilaren 3an, bazkaltiarrak (argazkia J.P. Laclau)
Paueko Euskaldunen Besta 2016, apirilaren 3an, bazkaltiarrak (argazkia J.P. Laclau)

PUBLIZITATEA

Errioxako Laminiturrirekin batera Euskal Herritik hurbilen den euskal etxea da Paueko Lagunt eta Maita (LEM). Datorren urtean 50 urte beteko dituen elkarte honek ibilbide polita egina du urteotan, egoitza ere lorturik, eta hainbat jarduera eta ekimen gauzatuz hainbat alorretan. LEMek bere besta nagusia egina du apirilaren 3an, eta otsailaren 12an elkartearen Biltzar Nagusia ere egin zuen. Hori guztia aipatzen du Paue beretik Albert Olharanek bidalitako kronikak.

Albert Olharan / Paue, Frantzia. Paueko Euskaldunen Amikala [frantsesez Amicale des Basques de Pau] “Lagunt eta Maita” (edo LEM), hori da dudarik gabe euskal diasporako adarra Euskal Herritik hurbilena. Jacques Etchebarne Xuberotarrak sortu zuen 1967ko abendoan, bildurik zonbeit Euskaldun bere itzulian eta urtez urte beti handituz aitzinatu da.

2009ko abendoan Euskal Gobernuak onartu zuen eta ezarri batasun berri hori “kultur zentroen” zerrendan. 2011n, larrazkenean, Paueko “Euskal Etxea” estreinatua izan zen, Parise eta Bordalekoen gisa. Hori da Paue eta inguruko seirehun euskaldun familia/kideen elgarretatzeko bilgune berezia eta hor eginak dira kulturari emanak diren trebatze guziak, hala nola dantza, kantu (hiru kantari talde), Gau Eskola, musa eta oro…

Aurtengo biltzar nagusia iragan da otsailaren 12an eta berriz bilduak ginen hilabete hunen 3an, igandearekin, Paueko Euskaldunen urteko bestakari.

Lehenik meza ginuen beti bezala, emana izan dena “Immaculée Conception” deitu kolegio/lizeoko kaperan. Meza euskaraz burutik buru; hor ginuen Landart jaun bikari jenerala espresuki guretako etorria eta gure elkarteko hiru koroak elgarretaraturik, berrogoita hamar bat kantarik eman dituzte kantu zinez ederrak, sei musikarik kudeatuz, heietan hiru txistulari, denak amikalistak.

Meza ondoan, kanpoan, dantzari ttikiek erakutsi dauzkigute beren dantzak, eta zoin ederki! Jendeak ez dira eneatu heier so…

Eguerditan apairua, beti oroz gainetik estimatua dena, orotarat berrehun ta lauetan hogoi bazkaltiarrekin, Lons herrian, Arño Bidart Bunuztarrak alaiturik. Lehen aldikotz hor ginituen Ziburutik etorriak “Jakintza” elkarteko ordezkari zenbait, erakutsi baitauzkigute beren liburu eta ikerlanak lehengo biziaz gure eskualdeko herrietan.

Bere solasaldian, Pantxoa Challet Lagunt eta Maitako lehendakariak eskerrak bihurtu ditu deneri eta hitzordua eman 50. urteburuarentzat helduden urtean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia