euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elhuyar-ek Kxo! sortu du, oinarrizko euskera ikasteko aplikazioa, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez

2012/06/28

2.000 hitzeko hiztegia dakar Kxo! aplikazioak
2.000 hitzeko hiztegia dakar Kxo! aplikazioak
Elhuyar Fundazioak aste honetan jarri du salgai smartphone telefonoentzako aplikazio berri bat: Kxo! izena du eta euskarazko oinarrizko ezagutzak eskuratzen lagunduko die erabiltzaileei. Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabili daiteke --gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez-- eta 2.000 hitz jasotzen dituen hiztegia dakar. hiru euroren truke deskargatu daiteke eta Android zein iPhone mugikorrentzako bertsioak daude salgai. Doako proba bertsio bat ere jaitsi daiteke ere.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Euskarak ez du teknologia berrien lasterketan atzean gelditu nahi eta azken hilabeteetan zenbait euskal erakundek eta enpresek mugikorrentzako edo sakeleko telefonoentzako aplikazioak garatu dituzte. Merkatura heldu berria da azkena, Elhuyar Fundazioak sortu duen Kxo!, oinarrizko euskera ikasteko baliatu daitekeen aplikazioa. Horrez gain, Kxo! deskargatzen duten erabiltzaileek 2.000 hitz jasotzen dituen hiztegia izango dute beti esku-eskura, mugikorrean.

Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabil daiteke: gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez, hortaz publiko zabala izan dezake. Erabilgarria izan daiteke, adibidez, Euskal Herrira datozen bisitarientzat, bertan bizi baina euskara jakin ez eta zer edo zer ikasi nahi dutenentzat, eta, noski, arbasoen hizkuntza gehiago ezagutu nahi duten Diasporako milaka euskaldunentzat.

Haatik, gogoan izan behar da Kxo! ez dela euskara ikasteko metodo bat, baizik eta oinarrizko ezagutzak eta eguneroko egoeratan erabil daitekeen hiztegia eskuratzeko tresna. Elhuyar-ek azaltzen duenez, honako gaiak jorratzen ditu:

Lehen urratsak: zenbakiak, egutegia, alfabetoa...
Agurrak
Pertsonen arteko harremanak: aurkezpenak, herrialdeak, lanbideak, familia...
Denbora eta orduak: asteko egunak, hilabeteak, urtaroak, eguraldia...
Helbideak eta tokiak: dendak, garraioa, zerbitzu publikoak, nola iritsi toki jakin batera...
Janariak eta edariak: freskagarriak, jatorduak, postreak, ordainketa nola egin...
Erosketak: arropa, oinetakoak, fruta, kopuruak...

Horrez gain, aplikazioak ahoskera ereduak eta ariketak ere eskaintzen ditu eta baita mintzamena, idazkera eta irakurmena lantzeko ariketak ere. 

-Kxo! deskargatzeko jo www.elhuyar.org webgunera edo iTunes dendara (iPhone telefonoen kasuan) edo Google Play dendara (Android telefonoentzako). Hiru euro balio ditu aplikazioak.

Doako proba bertsioa ere badago eskuragarri bi sistemetan: iPhone eta Android.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia