euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'El Onceno Maestro' filmak Octavio Cortazar kubatarrak bere sustraien bila Bizkaira eginiko bidaia jasotzen du

2008/02/13

Octavio Cortazarrek Kubako Euskal Nafar Ongintza Elkartean (AVNB) aurkeztu zuen filma
Octavio Cortazarrek Kubako Euskal Nafar Ongintza Elkartean (AVNB) aurkeztu zuen filma

PUBLIZITATEA

Octavio Cortazar Kubako dokumental zuzendari ezagun bat da eta 1960ean bere lehen lana egin zuenetik ibilbide oparoa izan du. Orain, 'El onceno maestro' filmarekin Cortazarrek bere familiako belaunaldietan atzera egiten du Bizkaiko Otxandio herrira heldu arte. Filmean zuzendariak familiaren baserria aurkituko du eta haien historia berregingo, Jose Luis Loza Cortazar lehengusua bidailagun duelarik.
40 urtez dokumental arloan ibilbide arrakastatsua jorratu ostean, Octavio Cortazar zuzendariak bere familiaren historia hartu du inspirazio iturri bere azken lanerako. 'El onceno maestro' ordubeteko iraupena duen dokumentala da eta zuzendariak bere familiaren sorburua aurkitzeko Euskal Herrira egin zuen bidaia islatzen du. Dokumentala La Habana eta Otxandio artean --Cortazarren aitonaren sorterria-- grabatu dute.

Otxandiotik Kubara bidaia egin zuen Cortazarren aitonak eta bertan irakasle ugari eman dituen familia sortu zuen. Dokumentalaren izenburuak ideia hau bereganatzen du. Octavio Cortazar bere ere, zinemagilea izanagatik irakaslea ere bada hein batean, Kubako zinemagintzaren 'maixuetako' bat bezala aurkezten dutelako adituek. Filmea joan den otsailaren 4ean aurkeztu zuten Habanan, baina aurretik emanaldi berezi bat eskaini zuen zuzendariak irlako euskaldunentzat, Asociación Vasco Navarra de Beneficencia de Cuba (AVNB) elkartearen laguntzarekin.

[Octavio Cortazar zuzendaria María Teresa Cornide AVNBko lehendakariaren zorionak jasotzen filma Kubako euskal komunitatearen aurrean aurkeztu ostean]

Filmea abian jarri zuen topaketa

Dokumentalaren hastapena ustekabeko topaketa batean dago: elkarren berririk ez zuten bi lehengusuk, Cortazar berak eta José Loza Cortázar euskaldunak topo egin zuten egunekoa. Aurkikuntza honen ondorioz, biek hala biek euren familiaren historia ikertzea erabaki zuten, Kuban zein Euskal Herrian. Dokumentalak bi lehengusuen ibilbidea jasotzen du, Kubatik Otxandioraino. Otxandion, herriko apaizaren laguntzarekin familiaren baserri zaharra aurkitzen dute eta urruneko senideekin batera herriko plazan eseri eta familiaren istorio eta pasadizo desberdinak elkarri kontatzeko aukera dute.

Otxandion ematen dituen egunetan Cortazarrek familiaren historia eta 36ko gudaren pasarteak ezagutuko ditu, herriko apaiz, alkate eta margolari zahar batek testigantzei esker. Bi lehengusuek Gasteizera bidaia ere egiten dute, bertan bizi den familiaren beste adar bat ezagutzeko asmoz. Road movie baten eran, filmeak aurkikuntza bidai hau jarraitzen du, Euskal Herriko eta Kubako paisaiak, familia pasarteak eta euskaldunek Kuban utzitako aztarnak eta euskal musika eta Kubako son-a uztartuz.


Lotura interesgarriak

Octavio Cortazarri buruzko informazio gehiago
www.cubacine.cu

Otxandioko Udala
www.otxandio.net

AVNB-k dokumental baten emanaldiarekin hasi zuen 2008a
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 24ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia