euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saio hunkigarria izan zen Txilen Viña-Valparaisoko Eusko Etxearen egoitza berriaren inaugurazioa

2011/09/23

Erakundeetako ordezkariak eta gonbidatuak, Valparaisoko Eusko Etxearen eraikin berriaren aurrean
Erakundeetako ordezkariak eta gonbidatuak, Valparaisoko Eusko Etxearen eraikin berriaren aurrean

PUBLIZITATEA

Ilusioa, hunkidura, poza, aurrera egiteko eta geroa irabazteko gogo eta itxaropena... joan den asteazkenean Txileko Boskarren Erregioko Eusko Etxea inauguratzeko ekitaldian ikus eta soma zitezkeen sentimentuak izan dira. Luzaroan amestutako egoitza propioa lortzeak, Eusko Jaurlaritzak emaniko ezohiko dirulaguntza bat medio, baikortasunerako eta animo eta jarrera berri baterako bidea erraztu du Viña-Valparaison eta orain, erronka, erositako eraikina, edukiz, jendez eta lanez betetzea izango da. Pozik zeuden Archibaldo Uriarte EEko lehendakaria eta bere lagun eta bazkideak joan den asteazkenean.

Viña del Mar, Txile. Luzaz egon da Viña-Valparaisoko Eusko Etxea egoitza propiorik gabe. Izan ere, euskal etxe hau --aitzindari izan zen Santiagokoarekin batera Txileko bigarren euskal etxe historikoa--, 1943an sortu zen eta aktiboa izan zen oso 1947tik 1960. hamarkada sartu arte, bertako zaharrenek ongi gogoan dauzkatela elkarteak Freire 538ko egoitzan antolatzen zituen ekitaldiak, elkartearen urrezko aroa izan ziren urteetan.

Geroago, ekimenak beheititu egin ziren eta 80. hamarkadan talde batek berpiztu nahi izan zuen elkartea sobera lortu gabe. 1995ean, El Mercurio egunkariak gehigarri berezi bat eman zuen argitara Euskadiri buruz, eta hartarik abiatu zen talde berri bat jendea erakartzeko eta Eusko Etxea berriz ere abiarazteko, tartean eragile Luis Archibaldo Uriarte zegoela, geroztik eta gaurdaino hamazazpi bat urtez elkarteko lehendakari nekaezin izan den jatorri bakiotarreko euskal-txiletarra.

Azken urte hauetan gauzak apurka aitzinarazten joan dira. Berreskuratu dira 'Iñaki Deuna' edo San Inazio bezalako elkarretaratzeak, erakusketak egin dira ('Euskadi, gure arbasoen lurra', Winnipeg ontziari buruzkoa...), hitzaldiak antolatu dira, zine-saioak, gazteentzakoak, euskara klaseak, Eusko Jaurlaritzaren larrialdi laguntza sozialak bideratu dira, webgunea sortu zen, 'Euskara Munduan'eko euskara barnetegi bat gauzatu da...

Urtetan egin nahi izan ondoren, lorpen handi bat Rubila Ariztia Araya kazetariak bertako euskal historia eta lekukotasunak bilduz idatzi zuen eta Jaurlaritzak argitaratu zuen 'Arrojos, dichas y nostalgias' liburua izan zen, papereratu eta geroa eman nahirik Viña, Valparaiso eta inguruko euskal oroitzapen eta egitateei. Liburuak 2005eko Andres Irujo Saria bereganatu zuen.

Baina azkeneko ia bi hamarkada hauetan beti Uriarte presidentearen gogoan egon den helburu kuttuna, egoitza propioa izatearena izan da, oroituz aurretik ere 1947an egoitza lortu zuenean hasi zuela Valparaisoko Eusko Etxeak bere historiako boladarik emankorrena. Iaz arte, euskal elkarteak bulego txiki bat erabiltzen zuen, eraikin baten zortzigarren pisuan, eta bere ekitaldi guztiak aldian aldiko lokalak errentatuz edo eskatuz egiten zituen.

2010eko otsailaren 27an, lurrikara batek, eta harek eragindako olatu erraldoi batek Txileko zenbait alde astindu zituen. Viña-Valparaiso ez zegoen eremu kaltetuenen artean, baina dardararen oihartzunak izan zuten eraginik bertan eta, besteak beste, euskaldunek errentatzen zuten bulego hori, esan nahi baita bulegoa zegoen eraikin osoa kaltetu eta bertan lan egiteko erabilezin deklaratu zuten. Eusko Jaurlaritzak hondamendi naturalek eragindako kalteak jasandako euskal etxeentzako --sobera ezaguna ez den-- dirulaguntza ildo bat zeukanez, Archibaldo Uriartek horren alde trabes egin, paperak eta dokumentazioa bildu eta emaitza legez Jaurlaritzatik ezohiko laguntza bat eman zion egoitza berri bat abiatu ahal izateko.

Kostatu zitzaien sinestea eta aurpegia eta bihotza zinez piztu eta argitu zitzaien Viña-Valparaison berria jakin zutenean. Geroztik, Viñan eraikin egoki bat aurkitu eta pixkanaka moldatzen joan dira, eta segituko dute horretan, apurka edukiz betez bi solairu eta patio zabal bat dituen eraikina.

Horixe da aste honetako asteazkenean inauguratu den egoitza, Quillota 135-137 helbidean. Erronka, ekimenez eta edukiz betetzea dute orain. Inaugurazio ekitaldian partaide izan dira, besteak beste, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari orokor Guillermo Echenique, Euskadiren Txile eta Perurako ordezkari Ana Urchueguia, Hego Amerikako zenbat naziotako euskal etxetako ordezkariak, hala nola Argentina, Paraguai, Peru, Uruguai eta Brasilgo euskal etxetakoak, inguruko enpresa eta gizarte munduko ordezkariak, Santiago hiriburuko eta Txileko gainerako lekuetako euskal gizataldeetako ordezkariak eta, oro har, lagun txiletar eta euskal txiletarrak.

Bertako lehendakaria, Luis Archibaldo Uriarte Araya, zinez hunkitua zegoen eta biziki eskertu zituen bertaratutakoek emandako zorionak, agiantzak eta besarkada beroak, ekitaldia bera eta Eusko Etxea-ren egoitza lortu eta aurkeztu ahal izatea aspaldi amestutakoa gauzatzea izan baitzen, betidanik etengabe entzun ondoren egoitza propioarena sekula lortuko ez zuen xede eta helburu betekaitza zela.

"Benetan, etengabeko lan handi baten eta urtetako ahalegin eta esperantza galdugabe berrituaren emaitza izan da gaur inauguratzen ari garen egoitza hau eskuratzea. Eskerrak eman nahi dizkiet Eusko Jaurlaritzako lagunei euren sostenguagatik, eta baita euskal komunitatean beti laguntzen eta gisa batez edo bestez sostengatzen aritu izan diren bazkide eta lagun guztiei", esan dio EuskalKultura.com-i.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek, bere aldetik, hitz goxoak izan zituen euskal txiletarrek Euskadiren kultura eta tradizioen alde garatzen duten laguntza eskertzeko eta bertaratutakoei zuzendu zizkien hitzetan esan zuen "azaroan Donostian egingo dugun Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrak balio izan behar du(ela) euskal etxeek munduan betetzen duten rola bultzatu eta modernotzeko. Hamaika modu dago euskalduna izateko, eta gure lurraren alde sentitzen dugun maitasunak eta gure herriaren interesen defentsak lokarri izan behar dute gure artean", baitetsi zuen.

"Nahi duguna da munduan euskaldunik dagoen edozein leku gure herriaren enbaxada bilakatzea. Etxe hau kulturaz betetzea, ez bakarrik euskal kulturaz, baita txiletarraz eta bestelako lekuetakoaz ere, eta ongi etorria eman diezaiela bertan lan egin eta partaide izan nahi duen guztientzat, hori baita finean euskaldunen muina, leku askotakoa izatea, hango eta hemengo", esan zuen Echeniquek.

Iraganarekiko lokarri izan zen detaile esanguratsu bat Freire 538 helbidean zegoen Eusko Etxea zaharraren eraikinean egondako plaka, 'Euzko Etxea-Casa Vasca' zioena, aurkeztea izan zen. Luzaroan galduta egon ondoren, duela aste gutxi berreskuratu da, Ana Uruchueguia buru duen Euskadiren Ordezkaritza bitarteko.

Bertako ohiturei jarraituz, eraikinaren bedeinkapena egin zen, horren ardura Kepa Bilbao abadeak hartu zuelarik, Boskarren Erregioan biziki aktiboa eta ezaguna den apaizak. Arteak ere izan zuen protagonismoa inaugurazio-egunean, euskal paisaia eta tradizioak islatzen dituzten pinturen erakusketa bisita baizitekeen. Eguneko euskal musika, berriz, Angel Espinoza Caceres txistulariak ipini zuen, dantzaria Mikel Zuloaga izan zela. Zorionak eurei eta Viña-Valparaisoko lagun guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia