euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekintzen balantze ezin hobea egin du San Nicolaseko Euskal Etxeak bere 70. urteurren ospakizunaren ondotik

2014/11/19

San Nicolaseko Euskal Etxea: 70. urteurren jaia ospatu zuen 150 lagunentzako afari batekin (argazkia El Norte egunkaria)
San Nicolaseko Euskal Etxea: 70. urteurren jaia ospatu zuen 150 lagunentzako afari batekin (argazkia El Norte egunkaria)

PUBLIZITATEA

Jaia euskal etxearen egoitzako areto klimatizatu berrian egin zen eta menua, berriz, etxeko sukaldariek prestatutako 150 lagunentzako paella. Euskal abestiak eta dantzak ere gailendu ziren urtebetetzeko jaian Errekatarrak abesbatza eta Roldan herriko Euskel Biotza euskal etxeko dantza taldea lagun. 

San Nicolas, Argentina. Joan den larunbatean, azaroaren 15ean, ospatu zuen bere 70. urteurrena San Nicolaseko Euskal Etxeak. Jaiaren programa arratsaldean hasi zen meza batez eta Mitre Plazan egindako dantzaldi batekin eta ondoren euskal etxean bertan jarraitu zuen afariarekin. Ohi bezala, etxeko izen handiko sukaldariak arduratu ziren janaria prestatzeaz, eta data berezi honetarako menua ere izan zen berezia: hasteko txorizoa sagardo erara, baratxuri moussa eta atun moussa pintxoetan; plater nagusia, itsaski, txerriki, eta oilasko paella; eta postrea, marrubiak piper erara izozkiarekin.

Menu eder honekin batera, musika eta dantza ikuskizunez ere gozatu ahal izan ziren gonbidatuak. Euskal exteko Errekatarrak abesbatzak bere errepertorio elebiduna eskaini zion publikoari; abestien artean Jorge Menna koruaren zuzendariak sortutako ‘Kantu bat da’ abestia ere kantatu zuen taldeak afarian. Berez erdaraz idatzia, Natalia Hormazabal eta Begoña Tisera irakasleek euskaratua da Parana ibaiari eta Kantabriar itsasoari buruz hitz egiten duen kanta. Dantzei dagokienez, berriz, sortu berria den Roldan herriko Euskel Biotza euskal etxeko dantza taldearen eskutik iritsi ziren.  

Kopak altxatzeko momentuan, Ismael Passaglia hiriko alkateak, Hugo Andiazabal FEVAko buruak eta Damian Cebey Euskal Etxea-ko lehendakariak bat egin zuten topa egin eta publikoari hitz batzuk esateko. Agintarien artean aipatu behar da Juningo euskal etxeko lehendakaria den Rosario Sosa Jaca ere bertaratu zela San Nicolasera.

Azken hamarkadako lorpenak

Urtebetetze festa oso une egokia iruditu zitzaien sanicolastarrei azken urteetako balantzea egiteko. Eta emaitza onak baino ez zituzten aurkitu atzerako begiradan. Izan ere, urrats handiak eman dituzte euskal etxeko kideek egoitza hobetzen eta komunitatearekiko harremana sendotzen. Arlo horretan azpimarragarriak dira euskal etxeak bultzatzen dituen ‘Etxe Nasaia’ (hilabetean behin eskoletako umeak bazkaltzera gonbidatu), ‘Diasporaren Herri Kirolak’ eta ‘Irakurriz, hazi’ (eskoletan euskal kultura zabaldu kirol eta irakurmenaren bidez) proiektuak.

Beste euskal erakunde askorentzat ere bihurtu da eredugarri San Nicolasko Euskal Etxea. Hiri askotan eskainitako sukaldaritza tailerra, gizataldeen ekitaldietan izandako partaidetza eta Euskara Munduan proiektuaren baitan antolatutako bi barnetegiak aipa daitezke adibide gisa. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia