euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EIO Euskadiko Ikasleen Orkestrak hiru kontzertu emango ditu Kolonbian maiatzaren hasieran

2012/04/18

Euskadiko Ikasleen Orkestraren entsegu bat (argazkia EIO)
Euskadiko Ikasleen Orkestraren entsegu bat (argazkia EIO)
Datorren apirilaren 28an Euskadiko Ikasle Orkestrako 80 musikari gazteak Kolonbiara abiatuko dira, herrialde honetan hamar eguneko bira egiteko. EIOk hiru kontzertu emango ditu: bi hiriburuan, Bogotako Gazte Orkestrarekin batera, eta beste bat Bella Flor herriko eskola batean. Bogotako kontzertuak maiatzaren 3an eta 6ean izango dira eta Bella Flor-en emanaldi didaktiko bat egingo da maiatzaren 4ean. Bira honetan orkestrak Antonio Lauzirika musikagileak taldearentzako egin duen lana estreinatuko du: "EIOk".

Donostia-San Sebastián. Pasaporteak eguneratuta, partiturak hainbeste entseguen ostean higatuta, eta ilusioa borborka; horrela daude EIOko 80 musikari gazteak, Kolonbiara eramango dituen hegazkina hartzeko irrikan. Taldea apirilaren 28an abiatuko da herrialde amerikarrera, Iker Sanchez zuzendaria buru eta irakasle eta tutore taldea lagun. Izan ere, musikari hauek 14 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak dira.

Kolonbiako bira honetan Bogotako Gazte Orkestrarekin batera joko dute musikari euskaldunek. Bidaia orkestra honekin eta Batuta Fundazioarekin batera antolatu du EIOk, eta Kolonbia eta Venezuelako Euskadiko ordezkaritzaren laguntza ere izan du, EIOko koordinatzaile Iñaki Lagosek EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Munduko estreinaldia

Taldeak Kolonbian egingo dituen lehen egunak Bogotako orkestrarekin batera entsaiatzeko baliatuko ditu, eta ondoren, maiatzaren 3an bi taldeek aurreneko emanaldia egingo dute, hiriburuko Leon de Grey auditorioan. Kontzertu honetan talde bakoitza bakarka ariko da hasieran eta ondoren elkarrekin joko dute Prokofiev-en Zazpigarren Sinfonia. Euskaldunen kasuan, bidaia honetarako prestatu duten errepertorioan pieza berri bat dago: Antonio Lauzirikak orkestrarentzat apropos idatzi duen "EIOk" lana. Kolonbiako emanaldia estreinaldia izango da.

Maiatzaren 4ean taldeak emanaldi berezi bat egingo du Bella Flor herriko eskola batean eta kontzertu didaktikoa egingo dute hango ikasleentzako. Ondotik, maiatzaren 6ean Bogotako Gazte Orkestrarekin emanaldi berri bat egingo dute, oraingoan hiriburuko Julio Mario Santodomingo antzokian.

Hau ez da EIOk Ameriketan egiten duen lehen bira; izan ere, orain dela bi urte Venezuelan izan zen orkestra. Taldea Caracaseko Eusko Etxearekin harremanetan izan zen eta zenbait bazkidek herrialde honetan bizi diren senideekin biltzeko probestu zuten bidaia. 

-EIOri buruzko informazio gehiago orkestraren blogean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia