euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eiken Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterra Mendozan: hitzarmena bertako enpresekin eta afaria Euskal Etxean

2017/06/23

Afari bat eskaini zieten Denak Bateko lagunek Eiken klusterreko ordezkariei
Afari bat eskaini zieten Denak Bateko lagunek Eiken klusterreko ordezkariei

PUBLIZITATEA

Astebeteko bira egin dute Eiken Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterreko Veronica Sanchez nazioartekotze-arduradunak eta Aletxu Echevarria presidenteak Argentinan. Mendozan izandako bileretan Argentinako ikus-entzunezko sektoreko hainbat enpresarekin akordioa sinatu dute elkarlana bultzatzeko. Bisitaren baitan, hiriko euskal kolektibitatearekin elkartu dira klusterreko kideak eta, elkarteko gazteek gonbidaturik, afaria partekatu dute Denak Bat Euskal Etxean.

Mendoza, Argentina. Film Andes-ek (Mendoza probintziako Sormen- eta Ikusentzunezko industrien Klusterra) eta BACAk (Buenos Airesko Ikusentzunezko Klusterra) deituta, Eiken-eko lehendakari Aletxu Echevarria eta nazioarteko garapen arduradun Veronica Sanchez Argentinan izan dira ekainaren 13-18 bitartean.

Mendozako egonaldian Martin Kerchner probintziako Ogasun ministroarekin eta ProMendoza eta Film Andes elkarteetako agintariekin bildu ziren europarrak eskualdeko ikus-entzunezko sektorearen egoera ezagutzeko.

Ekitaldi berean, eta Los Andes egunkariak biltzen duenez, itun bat sinatu zuten Eiken-eko ordezkariek Misiones, Cordoba, Rosario eta Mendozako hainbat enpresarekin bertako ikus-entzunezko produkzioak bultzatze aldera. Agiria honako erakunde hauek sinatu zuten: Euskadiko Eiken klusterrak, Misionesko ikusentzunezko egileen sareak, Cordobako ikusentzunezko ekoizleen elkarteak, Cordobako ikusentzunezko ekoizleen ganberak, eta Mendozako Film Andes ikusentzunezko klusterrak. Hitzarmenaren helburuari dagokionez, hauxe da: “elkarteek garatzen dituzten ekintza akademiko, kultural eta profesionaletan elkar-osatzea, trukea eta lankidetza sustatzea, baita koprodukzioak egitea ere”, akordioak dioenez.

Afaria Denak Bat-en

Mendozako egonaldirako, Eiken-eko ordezkariak Mendozako Euskal Etxeko jendearekin jarri ziren kontaktuan. Lautaro Pincheira euskara irakasleak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “harrera polita egin genien Euskal Etxean, bai Echevarria eta Sanchezi, baita beraiekin batera etorri ziren probintziako agintari eta enpresetako nagusiei ere. Euskal Etxeko lagun asko ere etorri ziren harreran parte hartzera. Gau ederra pasa genuen ezohiko bisita emankorrarekin” adierazi digu Pincheirak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia