euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eibarren da Utah-ko Unibertsitateko ballet dantzari espedizio bat astebeterako, euskal dantzak ikastera etorria

2017/05/10

Utah-ko dantza ikasleak Eibarko Portales Kultur Etxean klasean, Gari Otamendi irakasle (argazkia Dantzan.eus)
Utah-ko dantza ikasleak Eibarko Portales Kultur Etxean klasean, Gari Otamendi irakasle (argazkia Dantzan.eus)

Joan den igandean heldu ziren Euskal Herrira, Eibarrera, Gipuzkoan, eta astebete emango dute, Euskal Herriko dantzak ikasten. Ez dira euskaldunak, eta ez dute berez loturarik Euskal Herriarekin, baina dantza eta balleta ikasten dute Utah-ko Salt Lake City hiriburuan. Aurretik ere, dantza talde bereko kideak etorri ziren, 2008an, eta argi daukate euskal dantzak ikastea interesgarria zaiela dantza gisa formakuntza hartzeko orduan. Artikulua, Kezka dantza talde eibartarrak sinatzen du Dantzan.eus webgunean.

PUBLIZITATEA

Kezka dantza taldea / Eibar, Gipuzkoa. Atzo arratsaldean [joan den igandean] iritsi zen Eibarrera Salt Lake City-tik (Utah, AEB) ballet ikasleen espedizioa. Guztira hamaika dantza ikasle etorri dira, Utah-ko Unibertsitatean dantza graduko ikasleak, eta astebetez euskal dantzak ikasten arituko direnak Eibarren, Bilbon eta Errenterian.

Orain 9 urte bezala

2008. urtean ere etorri zitzaizkigun Eibarrera Utah-ko ballet ikasleak, eta orduko artean, euskal dantzak ikasteko nahia izan zuen irakasleak lagundu zituen, Richard Wackok. Oraingoan irakasle gabe etorri dira ikasleak, eta gainera, jakinarazi digute Richard Wackok irakasleak aurten hartu duela erretiroa unibertsitateko lanetik. Bere ordez 2008an hemen izan zen Wackoren ikasle batek, Justine Sheedy-k hartu du irakasle lana, eta gogo biziz animatu ditu ikasleak Euskal Herrira etor daitezken.


Utahko Unibertsitateko dantzariak Eibarren, 1937an O'Donnel kalean erori zen bonba gogoratzen duen marrazkiaren aurrean (arg. Dantzan.eus)

Egutegi estua

Igandetik igandera, lan-egutegi estua izango dute Utahko dantza ikasleek. Astelehen, astearte, ostiral eta larunbatean Eibarren, Portalea Kultur Etxean izango dituzte dantza eskolak. Asteartean, Bilbon, Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan izango dituzte dantza-klaseak, eta gainera bertako ikasleekin batera izango dira tarte batean. Ostegunean Errenterian, Gipuzkoako Dantzagunean izango dira.

Gipuzkoako eta Zuberoako dantzak, eta fandango eta arin-arina, horiek dira astebete honetan landuko dituzten errepertorio nagusiak. Dantzan.com-en koordinaziopean, eta Dantzan Ikasi programaren babesarekin, Kezka, Dantzerti, Argia-Ikerfolk, Aiko taldea eta Bilbao Musikako irakasleak arituko zaizkie eskolak eskaintzen.


Utahko Unibertsitateko dantza ikasleak Eibarren, Untzaga plazan, 2017-05-08 (arg. Dantzan.eus)

Ostiralean emanaldi pedagogikoa

Datorren ostiralean, publikora irekita izango den emanaldi pedagogiko bat egingo da. Bertan, Kezka eta Argiako dantzariek, astean zehar irakatsi dizkieten zenbait dantza interpretatuko dituzte, Utahko ikasleek ikus ditzatzen. Eta Utahko dantzariek berriz, beraiek Salt Lake Cityn duten taldearekin egin ohi dituzten dantzetako batzuk eskainiko dituzte.

Emanaldia ostiralean, maiatzaren 12an, Eibarko Portalea Kultur Etxeko areto nagusian izango da, arratsaldeko 20:30ean eta nahi dutenentzat sarrera irekia izango da.

(Dantzan.eus webgunean argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia