euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eibarko Goruntz abesbatzak St Patrick katedralean eta New Yorkeko Eusko Etxean kantatuko du igandean

2009/06/19

Goruntz abesbatzaren New Yorkeko Eusko Etxeko kontzertuko afixa
Goruntz abesbatzaren New Yorkeko Eusko Etxeko kontzertuko afixa

PUBLIZITATEA

Hamabost emakumek osatzen dute datorren igandean St. Patrick katedralean eta New Yorkeko Eusko Etxean kontzertu bana eskaini duen Goruntz abesbatza eibartarra. Maria Jesus Agirre zuzendari, taldeak euskal errepertorioko kantu arras ezagunak kantatuko ditu, tartean Maitia nun zira, Xalbadorren heriotzean, Nerea izango zen edo Ixil ixilik dago bezalako kantuekin. Arratsaldeko lauetan katedralean arituko dira eta bi ordu beranduago, berriz, Eusko Etxean, bertan afaldu eta emanaldia eskaintzeko. Astebete eskaseko bidaia, Harlem-eko godspel saioak dastatu eta zenbait musika kontzertutara joateko baliatuko dute Goruntz-ekoek.

New York, AEB. Euskal Herritik bihar atera eta etzi eskainiko ditu bi kontzertuak Eibarko Goruntz emakume abesbatzak. Abesbatzak hamabi urteko ibilbidea du eta 2007an bere ohiko abestiak jasotzen zituen CD bat kaleratu zuen. Maria Jesus Agirre zuzendariarentzat, 'oso bisita berezia izango da. Aurretik AEBtatik beste gonbidapen bat jaso genuen baina kasu hartan, zenbait arazo medio, ezin izan genuen bidaia egin. Guztiontzat zaila izan zen gonbidapenari ezetza ematea eta orain azkenean, bertan izango gara'.  Bidaia honetako lehenengo kontzertua igandean, ekainak 21, arratsaldeko lauretan izango da Manhattaneko St. Patrick katedralean eta jarraian, arratsaldeko seiretan, emankizuna Euskal Etxean entzun ahal izango da. Gainera Euskal Etxekoek, kontzertua bukatzen denerako, afari berezi bat antolatu dute.

Abesbatza hamabost emakumek osatzen dute. Bihar abiatuko dira Euskal Herritik eta soilik aste betez ibiliko dira AEBtan. Bisita berezia prestatu dutela esan daiteke, bisita musikala alegia. Aipatu bi kontzertuak ematearekin batera, Harlemeko Godspela zuzenean entzuteko asmo sendoa daukate da eta horretarako Godspel abesbatza ezberdinak ezagutzeko saiakerak egingo dituzte bertan daudela. Bestetik, taldeko zenbait kide Metropolitanera joango dira 'Zisneen lakua' balleta ikustera ere.

Euskal abesti tradizionalak

AEBetara egiten duten lehen bisita da eta Maria Jesus Agirre koroko zuzendariak bereziki eskertu nahi izan du New Yorkeko Eusko Etxekoen lana. 'Beraiek egindako lanari esker joango gara. Harremana primerakoa izan da hasieratik Eusko Etxekoekin eta benetan txalotzekoa da guregatik egin dutena'. Goruntz abesbatzak bi kontzertuetan, euskal kanta klasikoak abestuko ditu: Sorozabalen, Maite; Almandozen, Goiko mendiyan; Mitxelenaren, Itsasoan; Xabier Leteren, Xalbadorren heriotzean edo Mikel Laboaren, Nerea izango zen, besteak beste: 'gure betiko errepertorioa izango da. Esan behar dut, lan asko egin dugula hau ondo ondo prestatzen eta espero dugula kontzertuak publikoaren gustukoak izatea'.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia