euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eibar Ameriketara: Filadelfian eta Las Vegasen jokatuko du maiatzean egingo duen biraren barruan

2016/05/11

Eibarrek biraren promozioa egiteko bideo bat jarri du sare sozialetan., #EibarUStour traolarekin
Eibarrek biraren promozioa egiteko bideo bat jarri du sare sozialetan., #EibarUStour traolarekin

PUBLIZITATEA

Futbol sasoia amaituta, maiatzaren bukaera aldean Eibar taldeak AEBetarako bidea hartuko du, herrialde honetan bi lagunarteko partida jokatzeko. Maiatzaren 22an Filadelfian izango dira, hango Philadelphia Fury taldearen aurka neurtzeko, eta maiatzeren 25ean Las Vegasen New York Cosmos taldearen aurka jokatuko dute. Elkarteak gonbitea luzatu dio euskal komunitateari partida hauetara joan eta armaginen taldea anima dezaten.

Eibar, Gipuzkoa. Eibar AEBetara abiatuko da maiatzaren hondarrean eta lehen aldiz Euskal Herritik kanpo egingo du denboraldi osteko bira. Talde armagina espainiar lehen mailako ligan aurrekonturik txikienetakoa duen taldea da, baina aurten aise lortu du maila mantentzea eta dagoeneko hurrengo denboraldia ari da prestatzen zuzendaritza.

Bidaia hau plangintza horren barruan sartzen da eta bere helburua taldea nazioartean ezagutaraztea eta munduko zaletu eta akziodunei hurbiltzea da. Gainera, Eibar AEBetako euskal komunitatearekin harremanetan jarri da, eta zenbait topaketa eta ekitaldi antolatzeko proposamenak ari da jasotzen Las Vegas eta New Yorketik.

“2014 urteko kapital handitze prozesuan lagundu zuen herrialdetako bat izan zen AEB eta, horrenbestez, oso pozik gaude hara bidaiatu eta handik Eibarri sostengua eman dioten lagunak ezagutzeko aukera dugulako. Horrez gain, Eibarrek baditu zaletu taldeak ere AEBetan, esaterako Peña Eibar USA, taldea oso aktiboki animatzen duena. Bidaia honetan beraiekin biltzeko aukera izatea espero dugu", azaldu du Eibarko Marketing zuzendari Gema Baquék. [AEBetako beste zaletu talde bat: Eibar Indiana]

Eibarrekin harremanetan jarri nahi duten euskal etxe edo zaletuek, sare sozialetan topatuko dute taldea: Facebook-en edo Twitterreko @SDEibar helbidean.

Filadelfia eta Las Vegas

Talde armagina maiatzaren 18an aterako da Bilbotik, New Yorkerako bidean. Maiatzaren 22an Filadelfian jokatuko du partida Philadelphia Fury taldearen aurka, Richard Wackar zelaian. Neurketa AEBetako 5pmtan izango da (23:00ak Euskal Herrian).

Bigarren partida Las Vegasen izango da New York Cosmos taldearen aurka, Sam Boyd Stadium-en. Partida AEBetako 7pmtan hasiko da (goizaldeko 4:00ak Euskal Herrian).

Taldeak bidaiari buruzko bideoa argitaratu du sare sozialetan, #EibarUStour traolarekin:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia