euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehun bat lagunen aurrean aurkeztu da Chascomusen bertako lehen euskal etxearen liburua, Cesar Arrondo egile

2012/07/13

Arreta handiz jarraitu zuen publikoak Chascomuseko lehenengo Euskal Argentinar Etxeari buruz Cesar Arrondok idatzitako liburuaren aurkezpena (argazkiaEE)
Arreta handiz jarraitu zuen publikoak Chascomuseko lehenengo Euskal Argentinar Etxeari buruz Cesar Arrondok idatzitako liburuaren aurkezpena (argazkiaEE)
'Centro Vasco Argentino de Chascomús - Primera época (1952-1962)' liburua joan den ostiralean, San Fermin bezperan, aurkeztu zen Chascomus bertako ‘Domingo Faustino Sarmiento’ liburutegian, ehun bat lagunen aurrean. Obra Chascomuseko aurreneko euskal erakundearen 60. urteurrena ospatzen den urtean argitaratu da eta Cesar Arrondori zor zaio. Zingirako Euskaldunak-ek aukera baliatzen du gogoratzeko euskal etxearen proposamenek segitzen dutela zintzo demonio, eta hurrengoen artean aipatzen ditu Ikurrinaren Eguna, sukaldaritza ikastaroa, ‘Nafarroa 500 urte’ dokumentalaren emanaldia eta San Inazioren omenezko dantza ikuskizuna.

PUBLIZITATEA

Chascomus, Argentina. Euskal gizataldeko ordezkari ugari lagun, eta ehun bat jende bildu dituen publikoaren aurrean, Chascomuseko lehenengo euskal etxeari buruzko liburuaren aurkezpena uztailaren 6an egin zen herriko ‘Domingo Faustino Sarmiento’ liburutegian. Ekitaldiari hasiera emateko, Zingirako Euskaldunak-eko lehendakari Pedro Mauregui Larrandak ongietorria eman zien bertaratutakoei eta ondoren, erakundeak jasotako zorion-agurrak irakurri zituen, tartean FEVArena eta Xabier Olaizolarena.

Liburuaren aurkezpena Fernando Pieske lizentziatuaren esku egon zen. Bere azalpenean, testuaren xehetasunez, informazio iturriez eta Chascomusen zein Argentina osoan euskaldunek izan duten presentzia narbarmenaz mintzatu zen Pieske eta Martin Larralderen eta Fermin Ugarteren jarduerak gailendu zituen. Bere hitzen ostean, ‘Chascomuseko Euskal Argentinar Etxea – Lehenengo garaia (1952-1960)’ liburuaren egileak berak azaldu zuen ikerlana nola garatu den, erabilitako informazio iturrien berri emanez. Gainetik aipatu zituen, besteak beste, Chascomuseko euskal etxearen sorreraren testuinguru historikoa; zer nolako balioen alde borrokatzen zuten garai hartako euskaldunek eta zerk bultzatzen zituen euskal etxeak sortzera. Euskal Herritik Argentinarako migrazio mugimenduak ere deskribatu zituen Arrondok eta erbesteko bi lehendakarik --Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria de Leizaolak-- Chascomusera egindako bisitak ere aipatu zituen La Platako Unibertsitate Nazionaleko irakasleak.

Ekitaldia bukatzerakoan, liburu kaleratu berriaren aleak oparitu zitzaizkion zenbait erakunderi. Euskal etxeko arduradunek esker beroak eman nahi dizkiete Cesar Arrondo berari, eta Fernando Pieske lizentziatuari, ‘Domingo Faustino Sarmiento’ liburutegiko kideei eta gonbidatu guztiei, tartean, Laurak Bat euskal etxeko idazkaria Miren Arozarenari, etxeko dantzari ohiei eta bildu ziren herritar guztiei. Bizi-bizi joan zen ekitaldia, azken hauen eta publikoaren aldetik egindako galderak eta kontatu zituzten pasarte eta ixtorioak aberasgarri.

Datozen asteetako ekintzak

Bitartean, eta batere atsedenik hartu gabe aurrera jarraitzen dute Chascomuseko euskal etxearen gainerako ekitaldiak. Datorren igande honetan, uztailaren 15ean, Ikurrinaren Eguneko bazkaria burutuko da herriko Pilota Klubean. Hitzordua 13:30etan da, txartelaren prezioa 80 peso. Astelehenean, berriz, uztailaren 16ean, Sukaldaritza Tailerreko bosgarren klasea emango du Jose Boccardo chefak Zingirako Euskaldunak-eko egoitzan. Eskola arratsaldeko 6etan hasiko da eta parte hartzeko kostua, 30 peso, erakundeko bazkideentzat, eta $50, bazkideak ez direnentzat. 

Nafarroaren konkista gogoan, uztailaren 24an ‘Nafarroa - 500 urte’ dokumentala proiektatuko du Zingirako Euskaldunak-ek bere egoitzan. Elkarretaratzea Cesar Arrondok berakl Nafarroaren historiari buruz egingo duen testuinguru-emate hitzaldi batekin hasiko da.

Abuzturako ere aurreratu dira gonbidapenak, juxtu San Inazio egunaren ondoko astebururako hain zuzen. Izan ere, San Inazio eguna ospatzeko, ohiko dantza emanaldia antolatu du euskal etxeak. Ikuskizuna herriko Brazzola Antzokian izango da, abuztuaren 4an, eta etxeko ‘Eusko Hazia’ dantza taldeko neska-mutilek hartuko dute parte. Sarrera 10 pesokoa izango da (haurrek $5).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia