euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHU Udako Ikastaroak: Jaurlaritzak gazte, diasporakide eta adituen ekarpenekin hornitu nahi du Diasporarekiko bere ekimena

2018/07/16

PUBLIZITATEA

Azkoitia, Gipuzkoa. Partaidetza eta ekarpena nahi du, ondoren garaiari dagozkion politika berriak diseinatu ahal izateko. Hala ondoriozta zitekeen joan den ostegun-ostiralean Azkoitiko Intsausti Jauregian --Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP) egoitza historikoan alegia-- zenbait aditu eta hizlari partaide "Migrazio eta Mugikortasuna kanpoan den euskal komunitatean" izenpean bururatu zen ikastaroan. Euskal gazteak gaur egun ematen ari den "emigrazio berriko" partaide dira eta Diaspora tradizionaleko gazteek ere, gainerako kideekin batera, gogoetagile eta iritziemaile behar dute izan 'kanpoan' bizi diren euskaldunen izateari etorkizun emankorra ematekotan. Ikastaro honetan zein bestelako bilkuretan --hala nola, datorren urteko Mundu Batzarrean-- Jaurlaritza ekarpen eske ari da, erantzunik egokiena ematearren garapen eta aldaketa sasoi bete-betean dagoen euskal errealitate honi.


Ikastaroaren balantzea Gorka Alvarez Aranbururen hitzetan (irudia EuskalKultura.com)

Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eman zien amaiera ostiral eguerdian bi eguneko saioei. Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu koordinatzaile, ostegunean egun osoan eta ostiralean eguerdira arte zenbait adituk ikuspuntu desberdinetatik eman zioten begiratua euskal migrazioaren gaiari. EHUko Amerikako Historia irakasle eta Diaspora gaietan aditu den Oscar Alvarez Gilak eskaini zuen lehenengo hitzaldia, historikoki kokatuz euskal emigrazioaren fenomenoa, denborarekin eta azken hogei urteotako terminologia erabiliz egungo 'Diaspora' eratorri duena. Ondoren, Xoxé Manoel Núñez galiziarra mintzatu zen, Galiziako kasu aipatuz, parekotasunak eta inguruko kasu eta erreferentziak topatzearren.


Oscar Alvarez Gila eta Xosé Manoel Núñez euren hitzaldien edukia laburbiltzen (irudia EHU Udako Ikastaroak)

Imanol Galdos izan zen hirugarren hizlaria, eta berak esperientzia pertsonalez ongi ezagutzen duen kasu batez mintzatu zen: Estatu Batuetako Idahoz eta zehatzago Boise hiriburuaren kasuaz, hiri ireki gisa eta bertako egungo alkate Dave Bieter euskal-amerikarrak bultzaten duen aniztasun eta abegikortasun politikaz. Politika eta ekinbide bihoztunak defenditu zituen Galdosek bere bizitzan osagai garrantzitsu duen euskal diaspora --diaspora estatubatuarra bereziki-- aipatzerakoan, geroari begietara begiratu ahal izateko, horrek ondorio positiboak ekartzen baititu, eta Boiseren kasuan hazkuntza demografiko eta ekonomikoa, enplegua eta aurrerabidea.

Catalina Uzcanga bere aldetik azken urteotako datuekin etorri zen, berak eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Oiarzabal ikertzaileak azken hamarkada honetan egindako ikerketak emandako emaitza eta ondorioekin, egun emigratzen duen gazteriaren ezaugarri, baldintza eta egoerei dagokienez. Emigrazio mota honek gazte gehienbat formatu eta profesionalak baitaraten ditu, euren kanpora ateratzea aldi baterakoa izaten delarik, helburuak hazkuntza profesionala edota pertsonala izanik, eta emigrazio mota berria izanik ere, mugikortasun terminoari gehiago erantzuten diona, geografikoki ere portzentaia handi batean gero eta hurbilago dagoen Europara baita, eta apalago Asiako herrialdetara eta Ameriketako beste herrialde batzuetara ere.

Azkenik, ostegunean zehar mintzatutako hizlariak mahairatu eta publikoaren galdera eta erantzunekin osatutako mahai inguru batekin bukatu zen eguna, ondoren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako buru Juan Bautista Mendizabal azkoitiarrak ikastarokideei bira gidatu bat eman eman zielarik Azkoitian zehar, bertako eraikinen bidez herriko hainbat historia pasarte eta istorio errepasatuta.

Ostiraleko saioetan, Madrilgo Instituto Elcanotik etorritako Carmen González Enríquez ikertzaile nagusiak gehienbat Espainiako gazteriaren emigrazioaz eta Hegoaldeko Europako gazteriaz mintzatu zen, Ekialdeko herrialdeetako egoera desberdinaz eta Europari esparru bakar eta bateratua izateko --tituluen homologazioa, hizkuntza desberdinak, pertsonen zirkulazio librea, eta bizitza kalitate eta prezio aldeak bezalako arazoekin, besteak beste-- oraindik geratzen zaion bide luzea aipatu zituen.

Azkenik, Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak, bere saila egindako hurbiltze azterketa batek emandako datuak aipatu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteei buruz, zazpi bat milako xifra emanez estatutik kanpo daudenen kopuru gisa, gehienbat formakuntza maila altukoak eta euren kanpora irtetea lanari edo karrera edo ibilbide profesionalean aurrera egiteari lotua egonik, planik gabe itzultzeko epe laburrean, baina bai seguruenik ertain edo luzean. Aipatu zue baita ere plan bat abian duela Jaurlaritzak gazte horiek Euskadira erakartzeko. Ikus hemen bere hitzaldiaren laburpen kronika.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia