euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHko eta Argentinako euskal musika azaroaren 5ean Buenos Airesen: Etcheverry, Urdangarin, Xabaltx, Zutarriak, De a dos…

2017/10/17

Kontzertuaren afixa
Kontzertuaren afixa

PUBLIZITATEA

Euskal Aste Nazionalaren aurreko asteburuan motorrak berotzen hasiko dira Buenos Aires hiriburuan Euskal Herritik etorriko diren artistak. Musika jaialdia Campustellae Kultur Gunean izango da, Euskaltzaleak Euskaltegiak antolaturik eta Michel Etcheverry, Mikel Urdangarin eta Xabaltxekin batera, euskal musika jotzen duten Argentinako Zutarriak taldea eta ‘De a dos’ bikotea ere arituko dira. Hitzordua azaroaren 5ean, igandea, arratsaldeko 6etan.

Buenos Aires, Argentina. Euskaltzaleak euskaltegiaren helburu nagusia euskara eskolak ematea bada ere, leku berezia eskaini izan die euskal musika eta dantza ikuskizunei, beti ere euskara eta euskal kultura sustatzeko ahaleginean. Helburu horiekin bat,, eta San Nicolaseko Euskal Aste Nazionalera joaterik ez dutenek ere euskal musikarien emaitza entzun ahal izan dezaten, Musika Jaialdia antolatu du elkarteak hiriburuan azaroaren 5ean.

Kontzertuak Euskal Herriko eta Argentinako euskal artistak elkartuko ditu. Euskal Herrikoen artean, Iparraldeko Michel Etcheverry eta Xabaltx, eta Mikel Urdangarin bizkaitarra aipa ditzakegu. Euskaltegitik azaldu digunez, “kantariak eta lagun ekarri dituzten musikariak 2017ko Euskal Astean parte hartzera Argentinaratuko dira, baina hiriburutik San Nicolasera abiatu aurretik kontzertu hau eskainiko dute Buenos Airesen”. Euskal Herriko kantariekin batera, Ignacio Esquirotz buru duen Zutarriak taldea eta Mariana Domine eta Anamari Solanes kide dituen ‘De a dos’ bikotea ere daude programa barruan.

“Talde bakoitzak bospasei abesti eskainiko ditu eta ahal bada agian elkarrekin ere interpretatuko dute klasikoren bat. Horrekin batera, Euskaltzaleak-eko abesbatza eta dantzariak ere arituko dira, jakina”, zehaztu diote EuskalKultura.com-i euskaltegitik.

Hitzordua azaroaren 5ean izango da, arratsaldeko 6etan, hiriburuko Campustellae Kultur Gunean, Sarandi kaleko 1280.ean. Sarrerak 150 pesotan daude (edari bat barne) eta aldez aurretik eros daitezke. Erreserbak egiteko idatzi mesedez euskaltzaleak@yahoo.com.ar edo idiomavasco@gmail.com helbidera.



Komentarioak

  • Eskerrik asko

    Bertan izango naiz, Buenos Airesen... Euskal Herritik Euskal Astera joanik...

    Ainara (Irun), 2017/10/25 12:12

  • Zorionak

    Zorionak Euskaltzaleak horrelako ekitaldi ederra antolatzeagatik. Ondo pasa!

    Euskaltzale, 2017/10/17 12:21

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia