euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Edorta Jimenez idazle mundakarra Argentinan da bere azken lana, 'Tifusaren urtea', euskal etxeetan aurkezteko

2007/04/18

Edorta Jimenez idazle mundakarra
Edorta Jimenez idazle mundakarra

PUBLIZITATEA

Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) Argentinan dabil egunotan 'Tifusaren urtea' bere azken lana aurkeztuz hainbat euskal etxe eta kultura etxeetan. Liburua 'thriller historiko' bat da eta Txalaparta argitaletxearen adar argentinarrak argitaratzen duen lehenengo lana da. Gaur arratsaldean Jimenezek Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea bisitatuko du, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenari buruzko mintzaldia eskainiz. Datozen egunetan idazle bizkaitarra Córdoba, Villa Carlos Paz, Santa Rosa, La Plata eta Buenos Airesen ere arituko da.
Edorta Jimenez idazle, poeta, historialari, telebista gidoilari eta euskaratzailea Argentinan da egunotan, gaur hasi eta hilaren 26a bitartean luzatuko den aurkezpen eta hitzaldi bira bat egitearren. Bira honetan mundakarrak gaztelaniaratutako bere azken lana aurkeztuko du, 'Tifusaren urtea'. Elaberri honek 1588an Espainiako 'Armada Garaiezinean' ibili ziren marinelen abentura dakarkigu, 'thriller historiko' forma emanez. Jimenezentzat 'armada hori garaitu izanak Ingalaterra itsas potentzia bihurtu zuen, munduko indartsuena XX menderarte', azpimarratu dute argitaletxeko iturriek.

Txalaparta argitaletxearen adar argentinarrak argitaratu du elaberria. Hau da, izan ere, duela urtebete martxan jarritako proiektu honek eman duen lehen argitalpena. Diego Gonzalezek zuzentzen du Argentinako Txalaparta eta bulegoa Buenos Airesen dago. 'Argentinan zehar egiten ari den bira honekin Jimenezek bere konpromezu kulturala berresten du. Berak badaki fikzioa erabiltzen euskal historiari buruzko hausnarketak egiteko eta euskaraz egiten ditu gainera, mundu globalizatu honetan nortasun arrasto guztiak ezabatu nahi dituzten gobernu eta eliteei aurka eginez', adierazi dute argitaletxeko iturriek. Bira honek 'aukera eskainiko dio Argentinako euskal komunitateari euskal historiaren hainbat pasartetan sakontzeko, Jimenezen eskutik'.

Gaur arratsaldean Rosarion

Aurkezpen bira gaur arratsaldean hasiko da, idazle mundakarrak Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean emango duen hitzaldiarekin. Hitzaldiaren gaia 'Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrena' izango da. Bigarren aurkezpena bihar etorriko da, Cordoba hiriko Unibertsitate Nazionalean. Oraingoan mintzaldiaren gaia 'Literatura eta politika Euskal Herrian. Guda zibiletik gaurdaino' izango da. Ondotik, 20:30, Jimenez Centro Cultural de la Municipalidad aretoan izango da, Gernikako bonbardaketari buruzko mintzaldia ematen.

Hurrengo hitzordua Villa Carlos Paz-era eramango du egile bizkaitarra, Cordoba probintzian. 'Literatura eta Politika Euskal Herrian' gaiari buruz arituko da Centro Cultural de la Cooperativa Integral COOPI aretoan. Larunbatean Santa Rosan egongo da, La Pampa probintzian, mintzaldia eskainiz Centro Cultural Frida-n. Hurrengo hitzaldia astelehenean La Platan izango da, zehatzago UNLPko Euskal Gogoetarako Katedra Askeak gonbidatuta. Jimenez Euskal Herriko literatura garaikideari buruz ariko da bertan, eta ondoren Euzko Etxean izango da bere liburua aurkezteko.

Bukaera Buenos Airesen

Azken aurkezpenak Buenos Airesen izango dira. Asteartean, apirilaren 24an, Jimenez Gernikari buruzko mintzaldia eskainiko du Eusketxe-Eusko Kultur Etxean. Asteazkenean Centro Cultural de la Cooperación SPAN aretoan izango da, liburua aurkeztu eta 'Literatura eta politika Euskal Herrian' mintzaldia emateko. Azkenik ostegunean idazleak 'Tifusaren urtea' aurkeztuko du Crack Up liburudendan (Costa Rica 4767, Palermo Viejo) eta ondotik euskal literaturari buruzko mintzaldia emango du.


Lotura interesgarriak

Edorta Jimenezen bibliografia eta linkak
zubitegia.armiarma.com

Edorta Jimenezekin elkarrizketa
www.sustatu.com

Txalaparta argitaletxea
www.txalaparta.com

Edorta Jimenezen hitzaldia Erroman
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko otsailaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia