euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dni Baskijskie!: Poloniako Poznango Unibertsitateak 2012ko Euskal Egunei bukaera emango die gaur

2012/04/20

Euskal Egunak jaialdiaren kartela
Euskal Egunak jaialdiaren kartela
Urtero egiten da Euskal Astea Poloniako Poznan hirian, Adam Mickiewicsz Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoko ikasle eta irakasleek antolatuta. Aurtean asteak "Dni Baskijskie" edo "Euskal Egunak" izenburua izan du eta zinea, musika eta poesia uztartu ditu. Apirilaren 12an hasi zen euskal astea eta atzo, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi izan ziren bertan, poesia irakurraldia eskaintzen. Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak izan zituzten taulagainean lagun. Gaur Hana-Bi tabernan euskal jaia egingo da, aurtengo ekitaldiei bukaera ipiniz.

PUBLIZITATEA

Poznan, Polonia. Urtero legez Poznan hiriko Adam Mickiewicsz Unibertsitatea Euskal Astea ari da ospatzen egunotan, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Euskal eta Kultura irakurlegoak --eta ikasleek-- antolatuta. Jaiak "Euskal Egunak" edo "Dni Baskijskie!" izena du eta iragan apirilaren 12an hasi zen Muza zinetokian erakutsi ziren Kimuak saileko laburmetraiekin, eman du jakitera Etxepare Institutuak. Emanaldiak jende asko erakarri zuen eta, ostean, euskal ardo eta txakolinen dastaketa egin zen hiriko Pika-Pika tabernan, Iñigo Cordon nafarraren eskutik.

Herenegun, iragan asteazkenean, Sonia Kolaczek eta Natalia Stolarskak euskal arteari eta Iparraldeari buruzko hitzaldiak eman zituzten unibertsitatean, hurrenez hurren. Ondoren, euskara eta euskal kultura ikasleak izan ziren protagonista eta aktore; izan ere, Joseba Sarrionandiaren "Hitzen ondoeza" liburuan oinarritutako ikus-entzunezko antzerki-aurkezpena egin zuten. Ekitaldi hau hiriko kultur giroko gune den Glosna kafetegian egin zen.

Atzo, egunotan Polonian bira egiten dabiltzan Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleak Poznanen izan ziren eta poesia irakurraldia egin zuten Sekret kafetegian. Eurekin batera Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak izan ziren, euren musikarekin poesiari soinubanda jartzen.

Poznango Euskal Egunak gaur bukatuko dira, Hana-Bi tabernan egingo den jaiarekin. Jaian euskal musika garaikidea jarriko dute eta, iazko edizioan bezala, giro bikaina lortzea espero dute antolatzaileek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia