euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporatik ere animoak jasoko ditu Athletic-ek gaur gauean, Europa League txapelketaren finalean

2012/05/09

Sydneyko Gure Txoko elkarteko kideak, Athletic animatzen elkarteko frontoitik (argazkia SydneyEE)
Sydneyko Gure Txoko elkarteko kideak, Athletic animatzen elkarteko frontoitik (argazkia SydneyEE)

PUBLIZITATEA

Athletic-ek Europa League txapelketaren finala jokatuko du gaur gauean Atletico de Madrid talde espainiarraren aurka Bucaresten (Errumanian). Bertara joan diren ia 7.000 athleticzaleez eta Bizkaia osoaz gain, Diasporako euskaldunak ere izango dituzte atzean zurigorriek, taldearen lehen txapel europarra eskuratzeko ahaleginean animoak ematen. Euskal etxe askotan bilduko dira gur futbolzaleak: Sydneyn, Madrilen, Murtzian, Bartzelonan, Habanan, Caracasen.. Jarraian hitzordu horietako batzuen berri ematen dugu.

Bilbao, Bizkaia. Bilbo eta Bizkaia osoa telebistara eta irratietara itsatsita egongo da gaur gauean eta emozio biziz jarraituko du Athletic-ek Bucaresten jokatuko duen partido historikoa. Taldearen bigarren final europarra izango da gaurkoa, eta Europa mailan lehendabiziko titulua eskuratzeko aukera. Ahalegin horretan laguntzeko 7.000 zaletuen beroa eta sostengua izango dute jokalariek Bucaresten bertan, eta Diasporatik ere, makina bat euskaldunek ikusiko du zuzenean partidoa.

Sydneyn, adibidez, Gure Txoko Euskal Etxeko athleticzaleak oso goiz jaikiko diran partidoa ikusteko (Australian goizaldeko 5etan izango da). Zaletu talde batek hitzordua du euskal etxean, partidoa ikusi eta kafe eta txurro gosaria hartzeko. Ordua heldu bitartean, azken egunetan sarean zenbait argazki argitaratu dituzte, elkarteko frontoitik Athletic-eri animoak bidaliz.

Caracasen, Carabobon eta Venezuelako beste euskal komunitateetan interes bereziarekin jarraituko dute partidoa, batez ere Anzoategui estatuko Puerto La Cruzeko elkartean. Izan ere, estatu honetako Cantaura izeneko herrian jaio zen Athletic-eko jokalarietako bat, Fernando Amorebieta. Athleticeko atzelariaren aita pilotaria zen eta Venezuelan ari zen lanean semea jaio zenean. Familia Euskal Herrira bueltatu zen Amorebieta jaio eta handik urte gutxira. Egun, Amorebietak Venezuelako selekzioarekin jokatzen du nazioartean eta, zalantzarik gabe, euskal-venezuelarrek ilusio bereziarekin animatuko dute gaur gauen.

Athletic-eko zaletuak Kubako Habanan ere bilduko dira, AthletiKuba elkarteak deituta, eta --munduko beste puntan-- baita Madrilgo Euskal Etxean ere. Elkarte madrildarra Espainiako hiriburuko athleticzaleen bilgune bilakatu da azken hilabeteetan eta elkarteko presidente   Julio Elejaldek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, grina zurigorri honek elkartearen aurreikuspen guztiak hautsi egin ditu: "aurreko partidoetan elkartea jendez lepo egon da eta asko sartu ezinik gelditu dira".

Murtziako Euskal Etxean ez da leku arazorik egongo, nahiz eta bazkide kopuru polita bilduko da partidoa ikusteko. Elkarteak afari "zurigorri" bat prestatu du, gainera: Txorizoa sagardoarekin Bielsa erara, San Mames entsalada berdea eta Iribar azpizuna patata purearekin. On egin!

Partidoa zuzenean emango du Espainian Telecinco kateak eta sarean ere ikusi ahal izango da kate horren mitele.es webgunearen bitartez. Euskal Herrian, Eitb.com-ek programazio berezia prestatu du finala dela eta (informazio gehiago, hemen).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia