euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako kideak ere harpidetu daitezke liburuak mailegatzeko Jaurlaritzaren eLiburutegia zerbitzura

2016/06/01

eLiburutegia-ren logotipoa
eLiburutegia-ren logotipoa

PUBLIZITATEA

eLiburutegia Internet bidez liburu elektronikoak mailegatzeko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzak sortu, mantendu eta herritarren esku jartzen duena. Orain, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren lankidetzari esker, euskal diasporako kideek ere eska dezakete alta eLiburutegian, eta plataforma digital hau erabiltzen hasi. Horretarako interesatuek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean eskuragai dagoen inprimakia bete behar dute.

Buenos Aires, Argentina. Oso berri ona kaleratu du Euskadiren Argentinako-Mercosur Ordezkaritzak azken orduotan. Liburu andana ederra biltzen duen eLiburutegia Diasporako kideentzat ere egongo da eskuragai, doaniko harpidetza egin eta gero. Alta eskatzeko, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko beste edozein erabiltzailek legez plataforma digitala erabiltzen hasteko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean dagoen inprimakia bete behar dute interesatuek eta Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzura e-postaz bidali.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak ziurtatuko du eskatzaileak euskal diasporako kide direla, Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legea) jasotzen duenaren arabera (3.artikulua: Autonomia Estatutuaren 7.2 atalean esaten den eran Estatutik kanpo bizi diren euskaldunak, bai eta haien ondorengoak ere; Euskadin jaio eta Espainiako gerra zibilaren ondorioz atzerrira eraman eta oraindik atzerrian bizi diren euskaldunak; Euskal Etxe aitortuetako bazkideak). Baldintza horiek betetzen dituzten eskatzaileek zerbitzua erabiltzen hasteko pasahitza eta kodeak jasoko dituzte, eta liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte.

eLiburutegia-ren prestazioak

eLiburutegia euskarazko, gaztelaniazko eta beste hizkuntza batzuetako liburu elektronikoen bilduma zabala da, eta etengabe hazi eta gaurkotuz doa. Bi modutan erabili ahal da: batetik, streaming bidez; eta, bestetik, edozein motatako nabigatzaile edo sistema eragileren bitartez irakurketa digitaleko gailura deskargatuta.

Azpimarratzekoa da, gainera, zerbitzuan dauden mila izenburuen artean, domeinu publikoko tituluak ere sartu direla (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), eta horiek, eskatu ez ezik, deskargatu ere egin ahal izango dituztela irakurleek.

Dagokion alta eskatu eta gero, sistema erabiltzen hasteko www.eliburutegia.euskadi.eus webgunera sartu behar da, liburua aukeratu eta jasotako pasahitzarekin eman.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia