euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako kideentzat Asmozen Euskal Ikasgaietan Graduondoa egiteko azken bekak eskuragai

2008/06/03

Graduondokoaren logoa
Graduondokoaren logoa

PUBLIZITATEA

Eusko Ikaskuntzak Asmoz Fundazioko internet bidezko Eusko Ikasgaietan Graduondokoa egiteko Diasporako ikasleentzako matrikularen osotasuna ordaintzen duten hogei beka eskaintzen ditu. Ikastaroa munduko edozein tokitik egin daiteke, klaseak eta ikas-materiala internet bidez jasotzen dituztelako ikasleek. Ikastaroa lizentziatu eta diplomatuei zuzendua dago eta nahiz eta datorren urrian hasiko den, beka eskuratzeko aukera izan nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman behar dute izena. Non eta nola, artikulu honetan azaltzen dizugu.

Donostia-San Sebastián. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa internet bidezko Eusko Ikasgaietan Graduondokoaren bederatzigarren edizioa prestatzen ari da. Lehen Jakinet izena zuen ikastaro honek harrera oso ona du Diasporako euskaldunen artean, euren herrialdeetatik --internet bidez-- euskal kulturaren arlo desberdinetan sakontzeko aukera bikaina eskaintzen dielako. Horretarako beharrezko gauza bakarrak ordenagailu bat eta internet konexio ona dira. 

Ikastaroak atzerriko euskaldunen artean sortzen duen interesa dela eta, Eusko Ikaskuntzak matrikularen osotasuna, hau da, 1.350 euro, ordaintzen dituzten hogei beka eskaintzen ditu.  Ikastaroan parte hartu eta beka hauek eskuratu nahi dituztenek izena eman beharko dute EKAINAREN 15a baino lehen, honako  izen-emate orria beteaz.

Parte hartzaileak lizentziatuak edo diplomatuak izan behar dute eta ikastaroak UPV-EHU eta UNED unibertsitateko titulazioa duenez, atzerriko titulua dutenen kasuan euren matrikulazio eskariak EHUko Doktoradutza Azpibatzordeak onartu beharko ditu lehenik eta behin. Hori dela eta, Asmozeko arduradunek ikastaroan parte hartu nahi duten Diasporako kideei izen-emate orria lehenbailehen betetzeko eskatzen diete. Informazio hori eman ondoren Itziar Goienetxea, ikastaroko arduraduna, eurekin harremanetan jarriko da eta aurkeztu beharreko informazio eta dokumentazioari buruzko informazio eta laguntza pertsonalizatua emango die.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo Asmoz Fundazioaren Eusko Ikasgaietan Graduondokoaren webgunera, hona.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia