euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako euskaldunek ere Athletic-en Kopa Finala ikusteko bilduko dira; non eta nola, hemen

2009/05/11

Mexikoko Athletic-eko peñako kideak bilera batean
Mexikoko Athletic-eko peñako kideak bilera batean
Atzerriko Athletic-en lagun taldeak eta Diasporako euskaldun asko eta asko irrikaz daude asteazkenean Athletic eta Bartzelonak jokatuko duten Koparen Finala ikusteko. Londresen, New Yorken, Buenos Airesen, Madrilen eta Bartzelonan euskal etxeek partida telebistan zuzenean ikusteko hitzorduak antolatu dituzte euren egoitzatan edota inguruko tabernetan. Gutxi batzuk, Italiako Lehoi Italiarrak peñako lagunak, kasu, Valentziara bidaia egingo dute giroaz zuzenean gozatzeko. Partida telebistan (ETB, TV-3 eta TVE) izango da ikusgai eta interneteko irrati eta online kontakizunen bitartez ere jarraitu ahal izango da.

PUBLIZITATEA

Bilbao, Bizkaia. Euskal Herriko athleticzale asko bezala, Diasporako euskaldun asko ere asteazkeneko partida giro onean ikusi ahal izateko prestakizunak egiten hasiak dira jada. Londresen, adibidez, London Basque Society elkarteko kideak "The Misty Moon" tabernan bilduko dira. Pub-a hamabiak arte irekita dago eta beraz, ez da arazorik izango nahiz eta partida luzatu edo penaltietara jo. Hitzordua 21:00tan hasiko da.  "The Misty Moon" 456 Bethnal Green Road helbidean dago. Informazio gehiago lortu nahi izanez gero, bidali e-maila hona

New Yorken ordu diferentzia dela eta, partida arratsaldean ikusiko dute eta Eusko Etxeko kideak New Yorkeko orduko 15:45tan gelditu dira La Nacional jatetxean (239 W 14th. st., entre 7th. y 8th Ave). Lekua hartu eta mahaia erreserbatu nahi dutenek e-maila idatzi behar diote Eusko Etxea-ko Julian Abiori hona. Partida ikusteko beste leku egoki bat NevadaSmiths Bar taberna izango da, Sagar Handiko futbolzaleen bilgune ezaguna (74  Third Avenue, 11 eta 12 kaleen artean). 

Athletic-en jaia Buenos Airesen

Buenos Aires argentinar zaporedun gonbidapena heldu zaigu: 'Viví la fiesta del Athletic de Bilbao en Buenos Aires'. Izan ere Argentinako 16:00etan Laurak Bat elkarteak ateak ireki eta partida eskainiko du Belgrano 1144-ko egoitzako pantaila erraldoian.

Madrilen Euskal Etxeak ere ateak ireki egingo ditu eta bazkide zein elkartetik kanpoko lagunak bertan bilduko dira partida telebista erraldoian ikusteko. Partida 22:00tan hasiko da, baina antolatzaileek lehenxeago heltzea gomendatzen dute lekua hartzeko. Bartzelonan ere Euskal Etxeak partida eskainiko du, nahiz eta hemen ziurrenik giroa desberdina izango da, culé zaleak ere izango direlako.

Italiar lehoiak Mestallan

Italian Kopa finala italiar Kopa finalaren egun berean izango denez, zaila izango da hango taberna edo elkarteetan Athletic-en partidua ikusteko aukera izatea, Lehoi Italiarrak Peñako Emilianok EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Peña honek 150 bazkide ditu, Italia osoan zehar banatuta (batzuk Kroazian ere!). Elkarteko talde txiki bat Valentzian izango da partidaren giroa zuzenean bizitzeko: 'Bik Athletic-ek peñei ematen dizkien bi sarrerekin zelaian izango dira eta besteak familia zurigorriarekin giroaz gozatzera goaz', azaltzen du Emilianok.

Venezuelako peñek ere arazoak izango dituzte partida ikusteko, Gaizka de Iribar-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, partida lan orduetan izango delako eta trafiko arazoengatik biltzeko aukera gutxiago egongo delako. Kuban, La Habanako Athletic-en peñakoek, euren aldetik, ez dute oraindik finkatu lekua, ez baitaukate oraindik argi zein telebista seinaletik ikusi ahal izango duten partida.

Internet bidez

Partida zuzenean telebistan (ETB, Kataluniako TV-3 eta Espainiako TVE) ikusi ezin dutenentzako, internetek ere eskaintzen du saioa jarraitzeko modurik. Euskadi Irratiak zuzenean emango du saioa eta Hiru Errege Mahaia programaren webgunetik zuzenean entzun daiteke sarean (hemen eta Euskadi Irratia Online ikonoan klik eginez). Saioa bizkaitarrez entzun nahi dutenentzat, Bizkaia Irratiak saio berezia hasiko du 20:00tan (Euskal Herriko ordua) eta partida zuzenean 22:00etan (hemen).

Bukatzeko, internetek partida jarraitzeko bide berriak ere eskaintzen ditu. Adibidez Berria egunkariak eta Sustatu.com webguneak indarrak batu eta partidaren kontakizuna minutuz-minutu eskainiko dute Twitter erako txat baten bidez, eta internetzaleek euren mezuak ere bidali ahal izango dituzte bertara (azalpenak, hemen).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia