euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena bideratuta Argentinako Azulgo eta Nafarroako Irunberriko udaletan bi herrien arteko senidetzea gauzatzeko

2016/12/23

Azulgo Alfredo Dussio Aristu eta Sara Aristu Peralta lehengusuak (bigarren lerroko bigarrena eta hirugarrena) joan den abuztuan, Irunberriko 2016ko jaietan
Azulgo Alfredo Dussio Aristu eta Sara Aristu Peralta lehengusuak (bigarren lerroko bigarrena eta hirugarrena) joan den abuztuan, Irunberriko 2016ko jaietan

Hiri argentinarretik bultzatuta, Buenos Aires probintziako Azul eta Nafarroako Lumbier-Irunberri herrien arteko senidetzearen baitan herri bakoitzak bestearen izena emango dio bertako kale edo plaza bati. Geroari begira, kultur ekintzak eta trukeak egiteko asmoa ere adierazten dute herrien ordezkariek hitzarmenean.

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azul eta Irunberri herrien arteko senidetzea bideratuta dago eta eragozpenik izan ezean  2017an gauzatuko da. Hau ez da izango Azul hiriak kanpoko beste herri edo hiriren batekin izango duen nazioarteko harreman bakarra, izan ere 2007an Espainiako Gaztela-Mantxako UNESCOko Zentroak ‘Azul Ciudad Cervantina de la Argentina’ izendatu baitzuen herri argentinarra.

Azul eta Irunberriren arteko senidetzeari dagokionez, Alfredo Dussio Aristu herritar azuldarra izan zuen bultzatzaile nagusia eta hori lortzeko lehenengo pausoa joan den abuztuan Nafarroara egindako bidaia batean eman zuen Dussiok. Sara Aristu Peralta lehengusinarekin, herriko jaietako txupinazoan hartu zuten parte eta Irunberriko Udaleko ordezkarien eskutik herriko zapia jaso zuen, Rocio Monclus alkatearekin eta Begoña Gogorcena zinegotziarekin bildu ziren argentinarrak senidetzeari buruz hitz egin eta geroztik aurrera egin duen bidea abiatzeko.

Senidetzearen bultzatzailea

EuskalKultura.com-ekin hizketan, Alfredo Dussio Aristuk azpimarratu du bere kabuz jarri zela kontaktuan Irunberriko Udalarekin, asmo pertsonal bat gauzatzeko: “Aspaldiko harremana daukat Irunberrirekin, nire ama bertakoa baitzen” jakinarazi digu. “Aldi berean, Azulgo Euskal Etxea abiatu zenean, bazkide sortzaileetakoa izan ninzten, bertan nire arrastoa utzi dut eta horrek ere bultzatu nau hau egitera. Are gehiago, abuztuan Nafarroan izan nintzela, gure euskal etxeko zapia oparitu nien Irunberriko elkarte bateko lagunei eta asko poztu ziren eta leku berezi batean jarri zuten oroigarri”.

Arrazoi ugari azaldu dizkigu Dussiok senidetzearen alde lan egiteko. “Gustatuko litzaidake egungo irunberritarrek, herria utzi behar izan zuen jendea gogoan izatea, nire ama bezalako jendea, Lorenza Aristu; 1930. urtean utzi zuen sorterri zuen Irunberri Argentinara etortzeko. 15 urte baino ez zituen eta herriminari aurrera egin behar izan zion. Geroago ama gure aita Luisekin ezkondu eta euren ezkontzaren 25. urteurrenean hiru anaia-arrebok amarekin eraman gintuzten Irunberrira. Esperientzia zoragarria izan zen, marka sakona utzi zidan", "hain sakona kantu bat eta guzti idatzi nuela familiarentzat momentu hartan inspiratuta”.

Eskarmentuak animaturik eta Nafarroako herrixka beti gogoan, senidetzearen proiektua aurkeztu zion iragan abuztuan Irunberrin bertako alkateari. Proposamenak harrera ona izan zuen eta bi herrietan aurrerabida lortu ondoren, badirudi bi herrietak bakoitzak bestearen izena paratuko diola bere herriko karrika edo plaza bati. Hortik abiatuta, hitzarmenaren barruan kultur ekintzak ere egiteko aukera aipatuko da.

“Euskal jatorria dugunok haritzarekin identifikaten gara", adierazi digu Alfredo Dussiok. "Ohiturak eta kultura errespetatu behar ditugu eta gure sustraietan sendotu, hori da niretzat euskalduna izatea, gure proiektuei eustea eta geureari 'hutsik ez egitea'. Eta gure arbasoen herriko musika entzun edo ohituren aurrean gaudenean malkoren bat isurtzea”, adierazi du.

Zabaldutak bideak oihartzuna izana du dagoeneko abuztuaz geroztik Nafarroako zein Azulgo hedabideetan. Noticias de Navarra egunkariaren kasuan artikulua hau argitaratu zuten Irunberriko jaien hasierarekin batera. Azulen, berriz, Azulgo LU 10 irratiak, elkarrizketa egin zion Irunberriko Rocio Monclus alkateari. Audio berean Alfredo Dussio Aristuk bere familiari idatzitako abestia ere entzun daiteke.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia