euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako TV saio batek Gernikako bonbardaketa gogoratu du lekuko izan zen Mari Carmen Egurrolarekin

2009/05/08

Mari Carmen Egurrola Totorica, elkarrizketaren une batean (argazkia democracynow.org)
Mari Carmen Egurrola Totorica, elkarrizketaren une batean (argazkia democracynow.org)

PUBLIZITATEA

Mari Carmen Egurrola Totorica Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen apenas bost urteko neskatila zenean, eta orain, bizileku duen Boiseko bere etxetik, sarraski hartako 1.600 hildakoei ahotsa jarri die, Democracy Now! telebista eta irrati saioak bonbardaketaren 72. urteurrena dela eta egindako erreportaian. Programa hau Estatu Batuetako 750 irrati eta telebista estaziotan emititzen da. Egurrolarekin batera Patty Miller, Boiseko Basque Museum & Cultural Center-eko zuzendaria ere hizlari izan zen, estatubatuarrei bertan gertatu zena eta bertatik atera beharreko ikasgaiak aipatuz [elkarrizketaren bideoa ingelesez].

Boise, AEB. Amy Goodman eta Juan Gonzalez kazetariek aurkezten duten Democracy Now! saio estatubatuarrak Gernikako bonbardaketa gogoratu zuen joan den apirilaren 24ean, gertakari latz honen 72. urteurrena bete berritan. Horretarako Boiseko euskal komunitateko bi kide izan zituzten lagun: Mari Carmen Egurrola Totorica, bonbardaketatik bizirik atera zen emakumea, eta Patty Miller, Boiseko Basque Museum & Cultural Center-eko zuzendaria.

Egurrolak zuzenean bizi izan zuen 1936ko apirileko bonbardaketa hura, artean bost urte baino ez zituen neskatila zenean. Apirilaren 26a zen, merkatu eguna. Naziek osaturiko Condor Legioak herria suntsitu arte bonbardatu zuen, Francok hala eskatuta. Hiriaren hiru laurden birrinduta gelditu ziren eta ondoren suak eraikin gehienak erre zituen. 1.600 lagun, gehienak merkatura batutakoo baserritarrak eta herriko jendea, hil ziren.

Telebista kameren aurrean azaltzen duenez, orduan umea zen Mari Carmen Egurrola harritu egin zen elizako kanpaiak joka entzun zituenean, baina amak bera eta bere hamaika hilabeteko neba hartu eta mendi aldera eraman zituen. Handik bonbardaketa ikusi zuten eta erasoak iraun zituen lau orduak zuhaitz baten azpian izkutatuta eman zituzten, mugitu edo hitz egin gabe, hegazkinek deskubrituko zituzten beldurrez. Euren etxea nola erretzen zen ikusi zuten eta bonbardaketa bukatuta ere ezin izan ziren sekula hara bueltatu.

Picassoren 'Guernica'-ren garrantzia

Amy Goodman kazetariak Picassoren 'Gernika' margolanak triskantza hura salatzen eta ezagutzera ematen egin zuen ekarpena azpimarratzen du saioan, margolanaren indarra eta gaurkotasuna anekdota adierazgarri batekin azalduz: 2003an, Nazio Batuetan Irakeko inbasioari buruz eztabaidatzen ari zirenean, AEBetako ordezkariek aretoan dagoen 'Guernica'-ren erreplika estaltzeko eskatu zuten. Ez omen zuten nahi politikari estatubatuarrak gerlari buruz hitz egiten ari ziren bitartean margolana atzean ikustea. Agian, azaltzen du Goodmanek, zapiaren atzean izkutaturik ere, margo horretako irudiek gudari buruz politikarien hitzaldiek baino argiago hitz egiten dutelako.

Hona elkarrizketaren bideoa (saioaren 41:51 minutuan hasten da):

 

Elkarrizketaren ingelesezko transkripzioa, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia