euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

D’Capricho bikote kubatarra Euskal Herriko bere bosgarren bira eta euskarazko CD berria hasi da prestatzen

2018/02/19

D’Capricho bikote kubatarra Habanako La casa de la bombilla verde jatetxean
D’Capricho bikote kubatarra Habanako La casa de la bombilla verde jatetxean

PUBLIZITATEA

Karibeko irlan euskal presentzia oso nabaria den bezala, Euskal Herrian eta euskaran ere ari dira uzten euren aztarna hainbat kubatar. Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpak Kubako Manzanillo-koak dira eta azken urte hauetan herriz herri ibili dira Euskal Herrian son kubatarrak eta beraiek musikatutako euskal olerkiak abesten. Orain bira berri bat antolatzen ari diren bitartean –Ipar Hemisferioko uda aldera–, poema berriak ere hautatzen ari dira euskarazko bigarren CDa prestatzen hasteko.

Sabrina Otegi/Habana, Kuba. Euskal gizataldearen baitan bizi eta lan egiten dugunok ondo asko dakigu migrazioa dela-eta muga ugari gainditu duela euskal kulturak eta gaur egun mundu osoan dagoela zabalduta. Hala ere, harritu egiten gara Buenos Airesko San Telmo auzoan triki-poteo batekin topo egitean edo Limako Mirafloreseko malekoian Korrika ikusten dugunean.

Horregatik Habanan ere aho bete hortz geratu gara Vedado auzoko taberna baten aurretik pasatzean euskaraz abesten zuten ahots batzuk iritsi zaizkigunean. ‘La casa de la bombilla verde’ izeneko jatetxera sartzean, Danieuris eta Daniellis Moya Avila-rekin topatu gara, D’Capricho bikotea osatzen duten eta Kubako abesti tradizionalak eta beraiek musikatutako euskarazko olerkiak abesten dituzten bi ahizpa hauekin. Kontzertua bukatuta, neskekin hitz egiteko aukera izan dugu:

-Nolatan bi kubatar euskaraz abesten?

Gure errepertorioan euskarazko eta gaztelaniazko abestiak ditugu. Gu Granma probintzia kubatarreko Manzanillo herrian jaioak gara eta hemen, Kuban, ikasi genuen musika. Duela urte batzuk euskaldun bat ezagutu nuen nik (Daniellis) eta Euskal Herrira ezkondu nintzen. Eta nahiz eta joan aurretik Euskadiri buruz ideiaren bat neukan hara iristean guztiz maitemindu nintzen herrialde eta hizkuntzarekin.

-Egoera horretan sortu zen ‘Andrazkubak’ CDa?

Bai, bageneukan aurreko esperientzia bat, Kubako poeta batzuen olerkiei ere jarri genielako musika eta disko batera bildu. Hori horrela ausartu ginen hau egitera. Gainera, denbora generaman euskarazko testu batzuekin lanean, Leire Bilbao eta Jon Gerediagaren poema batzuekin, izenen bat ematearren. Danieuris musikagilea da eta asko gustatzen zaio genero berriekin ‘jolastea’. Horrela sortu genuen ‘Andrazkubak’ CDa. Hamar abesti ditu, Leire Bilbao, Arrate Mardaras eta Miren Agur Meabe euskal olerkarien hitzez. Guk ekoiztu genuen, estilo ugari dauzka eta idazleak oso pozik geratu ziren emaitzarekin.

-Durangoko Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zenuten 2015ean…

Bai, eta horren ostean 2016ko udan zehar hainbat kontzertutan aurkeztu genuen. Gure lehenengo bidaia Euskal Herrira, 2013an izan zen eta bi hilabetetan 43 errezital eman genituen. Esperientzia aparta izan zen; gogoan daukagu oraindik Ondarroako kontzertua. Gaztetxeko neska-mutilek Che Guevara-ren eta Camilo Cienfuegosen argazkiak jarri zituzten, baita Kubako bandera ere. Oso hunkigarria izan zen. Bira horretako lehenengo kontzertua ere oso berezia izan zen. Gernikako trinketean izan zen eta hara bertaratu ziren hemen, Kuban, entzun ziguten euskaldun batzuk. Larrabetzun, berriz, jai bat ospatzen dute uztailaren 26ero –Kubako Iraultzaren hasierako urteurren egunean– eta hasieratik egun hartan jotzera joatera gonbidatzen gaituzte. 2013tik lau bira egin ditugu, herri askotan jo dugu eta harrera ezin hobea egin digute beti.

-Zerikusi handia izango du publikoaren hizkuntzan abestu eta hitz egiteak…

Bai, ni (Daniellis) Berriz-en bizi naiz orain eta euskaraz bizi naiz. Euskaltegira joaten naiz eta ikasten ari naiz. Danieuris-ek ere ikasi du apur bat hemen, Habanan. Euskal Herria gure bigarren herrialdea bihurtu da eta argi daukagu jendeak bere herrialdearen hizkuntzaz hitz egin behar duela. Ez zaigu zaila egiten eta asko aberasten gaitu. Danieuris-ek musika kubatarra egin du beti, estilo guztietakoa. Fusioren bat eginda zeukan baina euskararekin estilo berriak ikertzeko aukera izan du; hizkuntza oso egokia da esperimentatzeko, hizkuntza magikoa eta oso musikala da.

-Daniellis Berrizen, Bizkaian, bizi da eta Danieuris Habanan, baina elkarrekin pentsatzen eta gauzatzen dituzue proiektuak. Zertan zabiltzate 2018ari begira?

Gaztelaniazko proiektuez gain aurten ere kontzertu mordoa emango dugu Euskal Herrian. Eta nobedade batzuk sartuko ditugu errepertorioan, disko berrian ere ari baikara lanean. Momentu honetan testuen hautaketa egiten ari gara.

Gure indar guztiak jartzen ari gara proiektu honetan, oso polita iruditzen zaigulako euskaldunei euskaraz abestea. Polita da baita ere Euskal Herriaren egoera aurrez aurre ikusi ahal izatea. 2013an joan aurretik bageneukan Euskal Herriaren berri gure Komandante zaharrak jakinaren gainean mantentzen gintuen eta. Guri independentzia interesatzen zaigu bereziki, horrela irakatsi digutelako; Fidelen garaikoa gara eta hori ikasi dugu… Oso sentimentalak gara eta Euskal Herrian euren borrokaren historia kontatzen digutenean… bihotzarekin abesten dugu, ezin dugu besterik. Independentzia lortu nahi duten herrien alde gaude. Gainera euskaldunak oso eskuzabalak dira. Eurak esaten dute itxiak direla.. Gure ustez arima zabalik dute; arima, eta bihotza ere bai.

D'Capricho bikotea gizarte sareetan

Facebook: D Capricho D Capricho
Youtube: D' Capricho

 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia