euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantza taldea ondo osatuta, euskara ikasleen topaketak hasiko ditu orain Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeak

2017/05/30

Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeko txikiak hiriko Gizataldeen Jaialdian
Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeko txikiak hiriko Gizataldeen Jaialdian

PUBLIZITATEA

Berri itxaropentsuak iritsi zaizkigu egun hauetan Roldango Euskal Etxetik, Santa Fe probintzia argentinarrean. Larunbatean, Urteroko Batzar Nagusia burutuko dute euren Batzordearen zati bat berrizteko eta ondoren ‘Euskaldunak atez ate’ proiektuarekin jarraituko dute. Azken ekimen honi esker, 30etik gora kideko dantza talde bat dauka gaur euskal etxeak eta beste hainbat lagun ari dira euskara ikasten, Euskaltzaleak-en online ikastaroaren baitan eta aurrez aurreko elkarretaratzeetan.

Roldán, Argentina. Gero eta sendoago dabil Santa Fe probintziako Roldan hiriko Euskal Etxea. Horren adierazgarri, joan den maiatzaren 20an adin guztietako 30 bat euskal dantzari aurkeztu ziren bertako Kolektibitateen Jaian (bideoak, hemen). Elkartearen sustatzaile nagusietako bat den Gabriel Menghik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, kontent dira eta “urte hauetan dantza taldea nola hazi den ikusteak harrotasunez betetzen gaitu". "Dantza klaseak, gainera, baliatzen ari gara euskal kulturari buruzko gaiak lantzeko… dantzariek berek prestatzen dituzte gaiak eta lagunen aurrean azaltzen dituzte. Orain arte bi ‘klase’ izan ditugu; bat Gernikaz eta bestea euskal mitologiaz, eta oso ongi funtzionatu dute”, jakinarazi digu dantza irakasleak.

Euskal Etxeak dantza taldea sortzeko egin zuen deialdia erabat arrakastatsua izan zen eta orain erronka berri bat daukate: euskara taldea hezurmamitzea. Baina badirudi hau ere lortze bidean dagoela, urte hasieratik hamabi ikasle abiatu baitira ikasten remotoan, Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiak euskara irakaslerik ez duten euskal etxeei eskaintzen dien online ikastaroan. Orain, eta aktibitatean parte hartzen duten ikasle horiek fisikoki ere bil daitezen, aurrez aurreko elkarretaratzeak egingo dituzte, ikasleen zalantzak argitzeko, elkarri laguntzeko eta lehenengo elkarrizketak praktikatzen hasteko. “Ikasle batzuk ez dira herri barnekoak eta distantziak zaildu egiren digu antolatzea; baina uste dut oraintxe prest gaudela aurrera egiteko; izan ere ekainaren 17an egingo dugu lehenengo topaketa eta hortik aurrera hilean behin elkartuko gara”, azaldu digu Menghik.  

Atez ate eta San Inazio

Euskal etxearen hazkundearen atzetik gogo eta lan handia dago; eta dudarik gabe horrekin batera zerikusi handia dauka baita ere Euskel Biotza-ko lagunek martxan jarritako ‘Euskaldunak atez ate’ proiektuak. Ekimen honen baitan, euskal abizena duten herriko lagun guztiei euren abizenari buruzko informazioa helarazi zaie. Eta orain eskualdeko beste herri batzuetara ere ari da iristen kanpaina. “Aurten bi herri ditugu buruan, Carcarañá eta Funes. Egun hauetan erabaki behar dugu zeinetara joango garen lehenago. Orain arte egin dugun kanpainarekin 150 euskal abizen erroldatu ditugu eta jende horri gonbidapena luzatzen diogu gure aktibitateentan parte har dezaten. Konparazio, 2013an San Inazio jaian 60 lagun batu ginen eta iazkoan 450… ikaragarria da… ea aurten zenbat etortzen diren. Elkarretaratzea abuztuaren 20an izango da”, jakinarazi digu.

Datorren asteburu honetan Urteroko Batzar Nagusia egingo du Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeak. Estatutuek diotenari jarraituz, Zuzendaritza Batzordearen zati bat berrituko dute. Bilera iluntzeko 8:30etan izango da, Bv E Lopez kaleko 1380. zenbakian. Zorionak eta aurrera, Euskal Biotza!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia