euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cuyo eskualdeko biran EEetako buruzagientzako prestakuntza tailerra eman du Ricardo Basterrak

2012/05/30

Mario Basterrak eman zuen euskal etxeetako buruzagi izateko prestakuntza tailerra San Juan-en (argazkia EE)
Mario Basterrak eman zuen euskal etxeetako buruzagi izateko prestakuntza tailerra San Juan-en (argazkia EE)
Maiatzaren 19tik 22ra Argentinako Cuyo eskualdea bisitatu zuten Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak eta erakundeko idazkari Marta Abarrategui-k. Andeen magaleko probintzietara egindako bidaian hiru euskal etxetako kideekin elkartu ziren FEVAko ordezkariak, esan nahi baita San Juango Eusko Etxea, Mendozako Denak Bat eta General Alvear-eko Atuelko Euskotarrak euskal etxekoekin. San Juan hirian, gainera, buruzagientzako urteko lehenengo prestakuntza tailerra eman zuen Ricardo Basterrak. Bestalde, datorren larunbatean, ekainaren 2an, euskal etxeen bilkura gauzatuko du FEVAk Chascomusen. Bihar da azkeneko eguna bazkari/afarietako lekuak baieztatu eta parte hartu nahi dutenek informazio hori adieraz dezaten.

PUBLIZITATEA

San Juan, Argentina. Lau eguneko bira egin dute FEVAko lehendakari eta idazkariak Argentinako Cuyo aldean. San Juanen, eta eskualdeko euskal erakundeetako kideek parte hartu ahal izateko, FEVAren buruzagientzako prestakuntza tailerra burutu zen maiatzaren 19an, hiriko Oroimenaren Museoko liburutegian. Hamabost bat lagun bildu ziren aretoan Ricardo Basterraren hitzaldiak entzute aldera, tartean, San Juango bertoko irakasle talde bat, euskal etxeko kideak eta Mendozako Denak Bat-eko bi gazte.

Tailerrean zehar, Euskal Herria eta FEVArekin lotura duten hainbat gai landu zituen Basterrak, hala nola Euskal Herriaren historia eta gaurko egoera; zer den FEVA; zeintzuk diren aurrera eramaten dituen proiektuak; euskal etxeak, zer diren eta nola dauden antolatuta; kudeaketaren kontrola; eeta rregistro digitalak.

"Hizlariaren eta publikoaren arteko ideia-trukatzea etengabekoa izan zen eta horrek oso elkarrizketa interesgarriak bideratu zituen". Ekintza bukatzean, ziurtagiriak banatu ziren. "Basterrak esan zigun bere hitzaldiaren asmoa zela jakinmin pixkat sortzea. Guk uste dugu hori baino gehiago lortu zuela bere hitzekin; eta jendearen berotasuna txalo zaparradan islatu zen", laburbildu dio emanaldia EuskalKultura.com-i San Juango Eusko Etxea-ko kide den Carina Oyolak.

Bilerak euskal etxeetako ordezkariekin

Tailerra ematearekin batera, FEVAko bi hautetsien bidaiaren helburua Cuyo eskualdeko euskal etxeetako kideekin elkartzea ere bazen; kari horretara, maiatzaren 20an Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui San Juan hiriko Eusko Etxeko Zuzendaritza Batzordekoekin bildu ziren. Bileran aipatu ziren gai gisa, besteak beste, FEVAk indarrean dituen helburu, proiektu eta programak eta hauek aurrera eramateko baliabideak. Beste alde batetik, euskal etxeko arduradunek egoitza propioa ez izatearen desabantailak aipatu zituzten eta FEVAko agintariek aholkuak eman zizkieten hori lortze aldera.

Cuyoko bira 2012 01
[Biraren lehendabiziko zatia San Juan hirian igaro zen. Bertako Eusko Etxeko kideekin bildu ziren Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui (argazkia FEVA)]
 

Maiatzaren 21ean, Mendozako euskal etxea bisitatu zuten FEVAko ordezkariek. Denak Bat-eko egoitza ezagutu ondoren, Basterra eta Abarrategui instituzioko agintari, euskara ikasle, muslari eta etxeko gazteen taldearekin bildu ziren. Bilkuran FEVAren helburu nagusiak zeintzuk diren azaldu zuten bisitariek, tartean euskal nortasunaren balioa handitzea, gazteak erakartzea eta euskal etxeei sostengua ematea. Horrekin batera, elkarretaratze honetan ere FEVAren argazkia egin zen eta Federazioaren proiektu eta programak xehetu zizkieten bi goi-ordezkariek euskal etxeko kideei.

Cuyoko bira 2012 022
[Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui Mendozako Denak Bat euskal etxeko gazteekin (argazkia FEVA)]
 

Maiatzaren 22an eta birari amaiera emateko, Gral. Alvear herrira abiatu ziren FEVAko lehendakaria eta idazkaria. Bertan Juan Carlos De Paolo alkateak hartu zituen bere bulegoan eta bileran euskaldunek hirian egindako lana goraipatu zuen. Ilunabarrean, lan afari bat partekatu zuten FEVAkoek Atuelko Euskotarrak euskal etxekoekin. Publiko honen aurrean ere azaldu zuen Basterrak FEVAren funtsa, helburu eta proiektuak.

Ekainaren 22an euskal etxeen bilkura Chascomusen

Programarekin jarraitzeko, FEVAn bilduta dauden euskal etxeen bilera egingo da ekainaren 2an, Chascomus hirian, bertako Zingirako Euskaldunak euskal etxekoak tokiko anfitrioi. Bilerak honako kronograma iragarri du:

- Eguerdiko ordu 1ean: bazkaria
- 3:30etan: kultura prestakuntza, Cesar Arrondo irakasle
- 5:30etan: kudeaketaren tresnak euskal etxeetan, Ricardo Basterra hizlari
- 6:30etan: Euskal Herria eta Diaspora argentinarreko egoeraren diagnostikoa. Eragin bideen ebaluaketa
- 9:00etan: afaria.

Bazkaria zein afaria hautazkoak dira eta partaide bakoitzaren esku egongo da. Parte hartu nahi duenak FEVAn abisatu behar du maiatzaren 31 baina lehen. Elkarretaratzea herriko Club de Pelota-n egingo da, Sarmiento eta San Martin bidegurutzean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia