euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cospus Christiko Eusko Etxeak igandean banatuko ditu Literatura Lehiaketako sariak, helduen arloan

2012/06/01

Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxearen logoa
Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxearen logoa
Literatura, euskal giroa, umore ona eta turismoa eta kultura/historia osagai izango dituen egunpasa antolatu du datorren iganderako Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christin bertako Eusko Etxeak, izan ere aurten laugarren aldiz antolatu duen 'Kontaketa Harrigarriak' Literatura Lehiaketako lan irabazleak adierazi eta emateko, helduen sailari dagokionez bederen. Sarien ekitaldiaz gain, bilduko direnek elkarrekin bazkaldu eta ondoko San Ignacio herriko leku turistikoen bisita gidatua eginen dute, besteak beste jesuiten misioa eta Argi eta Soinu ikuskizuna barne. Eusko Etxeak gogora ekartzen du, bestalde, Lehiaketako gazteen sailean originak aurkezteko epeak ekainaren 30era arte segitzen duela zabalik; eta uztailaren 27-29an San Ignacion egingo duten Euskal-Argentinar Festa Handirako gonbidapena berretsi du.

Corpus Christi, Argentina. Datorren iganderako ere Corpus Christi eta ondoan dagoen San Ignacio eta, esaterako bertan dauden jesuiten misioen hondakinak bisitatu nahi dituztenentzat planik antolatzeko erraztasunak eman dituzte bertako Eusko Etxea-koek, euren email eta telefonoak eskainiz ostatu eta hotelei dagokienez, gau bat edo gehiago inguruan pasatu nahi dituztenentzat.

Datorren igandeari dagokionez, hona eguneko egitaraua:

-10:30etan, Corpus Christiko Udal Aretoan
-Ongi-etorria saritutako egileei
-Eusko Etxeko lehendakari Olga Leiciagaren hitzak
-Epaimahaikideen hitz eta iruzkinak
-Jasotako mezuen irakurketa
-Sari banaketa
-Bi pertsonajeren aipamena: Guillermo Oliver Suñer (Santa Fe) eta Julia Pastrana (Mexiko)
-Eusko Etxea-ren erabakiak epaimahaikoen aholkuz
-Gai sorpresa
-Saritutako Kontaketetako batzuen irakurketa

Eguerdi t'erditan San Ignaciorako bidea egingo da, bertan bazkaltzeko La Terminal jatetxean. Eta arratsaldeko ordu bietatik aurrera bidaia egingo da bertako zenbait parajetara, tartean jesuiten misioa, argi eta soinuko ikuskizun bat izango da, eta abar.

Parte hartzeko edo edozein informazio eskuratzeko, aski da honako telefonoetara deitzea 03764495057 (finkoa) edo 0376 15 4707521 (mugikorra); edo honako email helbidera idaztea: 0376 15 4707521.

Uztailaren 27-29ko Euskal-Argentinar Festa Handia

Bestalde, aurrera darraite uztailaren 27, 28 eta 29an Eusko Etxea San Ignacion antolatzen ari diren ekitaldiek. Denbora gutxui barru eskainiko diogu beste artikulu oso bat gai honi EuskalKultura.com-en. Bitartean, goian aipatutako telefono eta emailak balio dute galderak egin eta jakinmina asetzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia