euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxeak sortutako ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketa Udal Interesekoa izendatua

2012/04/25

2010eko ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren sari emanaldia (argazkia EE)
2010eko ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren sari emanaldia (argazkia EE)
Oso oihartzun polita lortu duen proiektu interesgarri bat abiarazi zuen Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak orain hiru urte: literatur sormena lantzeko lehiaketa bat zen, eta parte hartzera luzatu zuten deialdiak 'ipuinak liluragarriak' izan behar izana zeukan berezitasun. Gonbiteak hain erantzun ona izan du geroztik Eusko Etxearen ikur ere bihurtu dela, erakunde honen kultur ekintzaren zeinu. Kari horretara, Corpusko Udalak 'Udal Interesekoa' izendatu berri du eta horri lotuta, bere sari bat ere eskainiko dio idazle irabazleari. 2012ko lehiaketari dagokionez, euskal etxetik jakinarazi digute gazteen kategoriako lanak bidaltzeko epea ekainaren 30era luzatu dela. Bitartean, uztailean burutuko duen Euskal Jai Handiaren antolakuntzan jo ta ke dihardute Corpus Christiko Eusko Etxeko lagunek.

PUBLIZITATEA

Corpus Christi, Argentina.  Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak ‘Narrazio Harrigarriak’ lehiaketa antolatzen du urtero gazte eta helduen sormena lantzeko eta komunitatearen eta euskal etxearen arteko harremanak sendotzeko asmoarekin. Lehiaketan bi kategoriatan sailkatzen dira idazlanak: gazteenak (18 urte arte) eta nagusienak (19 urtetatik aurrera). Gaiak 'fantasiazkoak' edo 'harrigarriak' behar dute izan.

Euskal etxekoen proposamenak oso harrera ona izan zuen hasieratik Corpus Christi herrian eta horren erakusgarri Udaletxeak Udal Interesekoa izendatu berri du, ekimenaren garrantzia gailentzeko. Izendatzearekin batera, sari berezi bat gehituko dio 2012ko lehiaketaren irabazleari: San Ignacioko toki turistiko guztiak ezagutzeko txango bat oparituko dio Udalak kontaketa harrigarriena idazten duenari.

Urtarrilean plazaratu ziren ‘IV. Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren oinarriak eta baldintza horiek betez, martxoaren 31ra arte jasotako helduen lanak Lidia Schönninger-ek, Olga Leiciagak eta Aida Gimenez-ek osatutako epaimahaiaren esku daude. Hauek izango dute irabazleak hautatzeko ardura. Sari emanaldia maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran izango da Udaletxeko Aretoan.

Gazteen kategoria, ordea, epeak irekita segitzen du, antolatzaileek hala erabakita, eta 18 zortzi urte bitarteko neska-mutilek bi hilabete gehiago dituzte euren lanak bidaltzeko. Testuak ekainaren 30era arte jasoko dira.

Uztaileko Euskal Jaia

Eta ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren 2012ko edizioa aurrera doan bitartean, lanean segitzen dute Corpus Christiko euskaldunak euren Euskal Jaia antolatzeko. Martxoaren amaieran EuskalKultura.com-ek argitaratu zuen legez, uztailaren 27, 28 eta 29rako Euskal Jaia ari da prestatzen Eusko Etxea. Hiru eguneko topaketan Euskal Herriko hainbat kultur adierazpen garatuko dira Mesopotamiako herri honetan, tartean musika, dantzak, antzerkia eta sukaldaritza, batzuk aipatzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia