euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak erakundearen 89. urteurrena ospatu eta Zuzendaritza Batzordea berritu du

2012/05/28

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea euskal etxearen 89. urtemuga (argazkiaEE)
Comodoro Rivadaviako Euskal Echea euskal etxearen 89. urtemuga (argazkiaEE)
Patagonia argentinarreko handienetako bat da Comodoro Rivadaviako euskal etxea. Are gehiago, laurogeita bederatzi urterekin, eskualdeko zaharrenetako bat ere bada Atlantikoari begira dagoen hiri honetako euskal erakundea. Zaharra bezain aktiboa da eta urtebetetze berria ospatzeko, instituzioa osatzen duten lagunei elkarretaratzeko deia egin zien egoitzako trinketean, eta hala egin zuten zuzendaritza batzordekideek, abesbatzako kantariek, dantzariek eta euren ahaideek. Aurreko hilabetean, buruzagitza berritzeko biltzarra gauzatua zuen euskal etxeak, lehendakari gisa Antonio Baztanek segitzen duelarik.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Ehun bat lagun bildu ziren maiatzaren 19an Chubut probintziako Comodoro Rivadaviako 'Euskal Echea' euskal etxean erakundearen urtemuga ospatzeko. Elkarretaratzean zehar hainbat kidek euren trebetasunak erakutsi zituzten, sukaldaritza, kantu eta dantza alorrean.

Susana Martinovik zuzendari, etxeko abesbatzak errepertorio elebiduna kantatu zuen publikoaren aurrean. Dantzariak ere gailendu ziren urtebetetze gauean, izan ere, Maite Baztan zuzendari, berrogei bat gazte aritzen baitira urtean zehar dantzan Euskal Echea-n, hiru taldetan banaturik.

Comodoro Rivadaviako euskal etxearen 89. urtemuga 2012 01

[Etxeko dantzariek alaitu zuten 89. urtemugaren jaia (argazkia EE)

Afariaren baitan, erakundeko 'erregina' hautatu zen. “Bada etxean tradizio bat. Zuzendaritza Batzordeak, erregin ohiak eta bi dantzarik osatutako epaimahaiak erabakitzen du nor izango den euskal etxearen ordezkaria hiriko ekitaldietan, esate baterako Gizataldeen Azokan. Eta aurten Aldana Arruabarrenari tokatuko zaio ohore hori”, azaldu zaio Comodoro Rivadaviako euskal etxetik EuskalKultura.com-i.

2012ko ekintzak

Etorkizunari begira, hamaika ekintza antolatzekotan daude euskaldun comodorotarrek, batzuk etxekoentzat; beste batzuk komunitate orokorrari begira. Urteroko afaria, Kolektibitateen Azoka, Dantzen Emanaldia eta sukaldarien topaketak dira datozen hilabetetan burutuko dituztenetako batzuk.

Beste alde batetik, Comodoro Rivadaviako euskal etxeak apirilaren 27an egin zuen agintariak berritzeko batzarra. Hona hemen 2012-2014 eperako zuzendaritza batzordekideen zerrenda:

-Lehendakaria: Antonio Baztan  
-Lehendakariordea: Matias Oyuela 
-Idazkaria: Cristian Salaverria
-Idazkariordea:
Hector Baztan

-Diruzaina: Gloria Iparraguirre 
-Diruzainordea: Santiago Baztan

-Batzordekide titularrak: 1. Ignacio Baztan; 2. Gonzalo Seguel Argota; 3.  Nilda Huiche Lecumberri
-Batzordekide ordezkoak: 1. Eduardo Vergel; 2. Mario Garciandia; 3. Maite Baztan

-Batzorde Kontu Ikuskatzailea: Julia Ibarguren, Sandra Arruabarrena 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia