euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak historia eta oraina batu zituen 95. urteurreneko jai koloretsuan

2018/05/23

Comorodo Rivadaviako Euskal Echea Elkartearen 95. urteurren afaria
Comorodo Rivadaviako Euskal Echea Elkartearen 95. urteurren afaria

PUBLIZITATEA

Jai erraldoi batekin ospatu zuen bere 95. urteurrena Chubut probintziako Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak. Ospakizun programa astebete luzatu zen eta joan den larunbatean bukatu Patagoniako Euskal Etxeen Topaketarekin eta 300tik gora lagun bildu zituen urteurren afariarekin. Sara Pagola Euskadiren ordezkariak eta Javier Ederra FEVAko lehendakari berriak ere bat egin zuten buruzagi, bazkide eta lagunen bozkarioarekin.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Duela 95 urte erakundea sortu eta ia mende batez bizirik mantentzeko beharrezkoak izan diren lan eta baloreak omendu nahi izan zituzten comodorotarrek urteurren berezi honetan. Hori egiteko egitarauan, instituzioaren historiako lehendakari eta erregina guztien erretratuak bildu zituen galeria bat muntatu zuten.

Erroak eta historia luze eta ederra dauzka Elkarteak baina ez hori bakarrik; oraina ere ezin hobea baitu, batez ere gazteen partaidetzari sker. Hector Baztan lehendakariaren hitzetan,“gazteak dira gure Etxeko motorra. Eurak hartzen dituzte beren gain aktibitate guztiak, urrunago joan gabe jai honetarako, urteurren afari hau egoki prestatzeko behar izan diren lan eta xehetasun guztiak".

Urteurren afaria jendetsua izan zen eta hiriko eta Patagoniako lagunak ez ezik, Sara Pagola Euskadiren Ordezkaria eta Javier Ederra FEVAko lehendakaria ere bertaratu ziren bertakoen bozkarioarekin bat eginez.

Afaria, baina, astebetez garatutako ospakizun programa bateko azken ekintza eta gailurra baino ez zen izan. Astean zehar, beste hainbat ekimen burutu ziren Elkartearen egoitzan, horien artean txikientzako jolasak, sukaldaritza tailerra, dantza eta musika eta ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa eta Patagoniako Euskal Etxeen Topaketa, soilik batzuk aipatzearren.

Jarraian antolatu dugun argazki galerian, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea-ren 95. urteurreneko ospakizunen irudi hautaketa bat, laburpena baino ez. Irudi gehiago ikusi nahi badituzu, sar zaitez elkarte comodorotarraren Facebook kontuan, Asociación Euskal Echea- Centro Vasco Comodoro Rivadavia.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia