euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Colorado, Chino eta Rhode Island-eko euskal etxeetan Gurea 2012 euskal kultur tailerrak egingo dira abuztuan

2012/08/03

Mayte Galardi eta Iñaki Goikoetxea izango dira Gurea 2012 tailerrak emango dituzten bekadunak
Mayte Galardi eta Iñaki Goikoetxea izango dira Gurea 2012 tailerrak emango dituzten bekadunak
Hirugarren urtez, Eusko Jaurlaritzak eta NABOk (Ipar Amerikako euskal elkarteen federazioak) Gurea izeneko programa eta kultur tailerrak egingo dituzte abuztuan AEBetako zenbait euskal etxetan. Tailer hauek emateko ardura Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren bi lizentziatu bekadunek izango dute: Mayte Galardik eta Iñaki Goikoetxeak. Abuztuaren 9tik 28ra Estatu Batuetan izango dira, hiru euskal etxe bisitatuz: Colorado Basque Club (Denver, Colorado), Chino Basque Club (Chino, Kalifornia) eta Rhode Island Basque Club (Portsmouth, Rhode Island).

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Datorren ostegunean, abuztuaren 9an, abiatuko dira Estatu Batuetara Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzako Mayte Galardi eta Iñaki Goikoetxea lizentziatu bekadunak, hiru asteko bidaian. Egonaldian hiru euskal etxe bisitatuko eta beste hainbeste euskal kultura tailer emango dituzte, NABOk (North American Basque Organizations) eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten Gurea egitasmoaren barruan.

Iñaki Goikoetxea eta Mayte Galardi kanpoko euskal gizataldeen eremuko espezializazio bekadunak dira eta beraiek zuzenduko dituzte lantegiak. NABOko sustatzaile John Ysursaren laguntzarekin prestatu dute workshop edo lantegi hauetan emango duten materiala. Lantegietan haur, heldu eta familientzako ekintzak burutuko dira; besteak beste, euskal kultura eta Eusko Jaurlaritzaren ekintzen inguruko hitzaldiak, haurrekin ‘Guernica’ koadroaren mural bat egitea, Euskal Herriko mapa batekin gynkana eta familientzako herri olinpiadak.

2012ko aldi honetan bisitatuko dituzten euskal etxeak hiru hauk izango dira: Colorado Basque Club (Denver, Colorado), Chino Basque Club (Chino, Kalifornia) eta Rhode Island Basque Club (Portsmouth, Rhode Island). Egonaldian Jaurlaritzako bekadunak euskal etxeekin aurrez aurre lan egiteko eta AEBetako euskaldunen errealitatea barnetik ezagutzeko aukera izango dute. Coloradon, adibidez, komunitateko familia baten etxean egingo dute lo.

Hirugarren edizioa

Gurea Workshops hirugarren aldiz antolatzen da, aurreko bi udetan izandako esperientzia onen ondorioz. 2010ean Aimar Rubio eta Asier Ortega bekadunak Winnemucca (Nevada), Buffalo (Wyoming) eta Salt Lake City-n (Utah) egon ziren eta iaz, Natalia Ruizek eta Nora Unzuetak Mountain Home (Idaho) eta Elko eta Gardnerville (Nevada) bisitatu zuten.

-Informazio gehiago, NABOren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia