euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Claude Iruretagoiena, dantzaria: «Uste baino anitzez urrunago doazen balioak ditu euskal dantzak»

2005/12/12

Maritzuli taldea ikuskigarrian dantzari
Maritzuli taldea ikuskigarrian dantzari

PUBLIZITATEA

Euskal dantzari guztiek ezagutzen duten izena da Claude Iruretagoyena lapurtarrarena. Euskal Herriko dantzen tradizioa ederki asko ezagutzen duen pertsona, ikerketa frango egindakoa da historian zehar euskal herrietan eman diren dantzez eta dantzen inguruaz. Nondik helduak diren, nola sortuak diren aztertua du... dantza zaharrak berreskuratzen ere egin du lan eta gutxik bezain ongi hitz egin dezake ogibide baino gehiago bizimodu duen euskal dantzaren munduaz. Nora Arbelbidek egina dio elkarrizketa Gara egunkarian.
Maritzuli konpainiako profesional bakarra da Claude Iruretagoiena, hau da, ordaindua den bakarra. Gainerateko 35ak dantzari amateurrak dira, eta hala gelditzea nahi dute. Euskal dantza tradizionalak ematen dituen talde honek Ipar Euskal Herriko dantzariak ditu biltzen, eskualde guztietatik etorriak. Besteak beste, Argia taldearekin anitz lan egiten dute. Juan Antonio Urbeltz elkarteko ohorezko lehendakaria da.

--Bi hitzez aurkezten ahal duzu Bilbon emanen duzuen 'Côté cour... côté Jardin'?

Bi zati badaude. Batetik, Côté Cour, Pamperruque dantzarekin. Hau, XVII. eta XVIII. mendeetan dantzatzen zen Baionan. Pertsonalitateak errezibitzen zirelarik. Bake hitzarmen edo bestelako izenpetzeen karietara. Aski militarra zen. Pixka bat Hondarribiko eta Irungo Alardeen antzekoa zen. Karriketan gaindi dantzatzen zuten eta gauez bakarrik. Zaldunen eta militarren ondoren, hamahiru dantzarik soka dantza tradizional berriz moldatua ematen zuten. Notarioen gustura egokitua.

--Eta bestetik beraz, 'Côté jardin'...

Ezagutzen dugun dantza erakusten duen partea da hori. Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantzak biltzen ditu. Paradaz baliatu naiz preseski, XIX. mendea berriz gogora ekartzeko. Euskal dantzarentzat garai garrantzitsua baita. Mende hartan armadak dantzako maisuak soldaduak hezteko deitzen zituen. Euskaldunen ondoan, beste lekuetakoak ere elkartzen ziren, trukaketak piztuz. Eta hortik dantzatzeko manera berri bat jalgi da. Gaurko egunean zuberotarrek erabiltzen duten hori. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ordu arte jantziak ziren nagusi. Ez dut erran nahi dena kanpotik heldu dela... Gauza da, euskaldunek besteengan eragina ukan duten bezala, kanpotik ere hartu dutela.

--Zergatik interesatu zara gorteetan eskaintzen diren dantzekin?

Garai haietako dantzatzeko manera lantzeak interesatzen ninduen. Gure historiaren zati bat baita, nahiz eta ezezaguna izan. Anitz harritu arren, nire ustez sano da. Gure historia istorioez betea da. Aberastasun bat da hori guztia, gure kulturari beste zabaltasun bat ematen diolako. Gu garena garela, besteengatik ere hartu dugu. Horrek erran nahi du betidanik hemengo herritarrak irekiak izan direla.

--Maritzuliren nahikerietako bat beti izan da dantza ahantziak berriz argira ekartzea, ez?

Bai, baina halere gauza batzuk argi utzi nahiko nituzke. Batzuek diote euskal dantza irauli nahi dudala... Hori ez da batere egia. Euskal dantzak ez du berritu beharrik. Gauza zaharrak zahar geldituko dira, hori ondarea deitzen da. Eta gauza berriak sortuko dira, sortu behar badira. Nik ez dut dantza tradizionala dantzatzen duen bati dantza garaikidea dantzarazteko pretentsiorik. Beharbada, izatekoz, bere dantza beste era batez adierazteko pistak emanen dizkiot. Niri interesatzen zaidana da gauzen barnera joatea. Eta beharbada jendeek ezagutzen ez dituzten zenbait elementu ateratzea.

--Helburu pedagogiko bat daukazu, beraz?

Gauzak ikuspegi ezberdin batetik ezagutarazi nahi ditut. Zentzu horretan bai da pedagogikoa, ikusgarri horri doakionez. Kutx ala Pil? izena duen gure azken sorkuntzak, aldiz, ez du helburu pedagogiko hori. Espazioa ezberdinki lantzea izan da horren motorea. Usaiako biribil eta lerroetatik ateratzea.

--Oro har, nola laburbilduko zenuke Maritzuliren xedea?

Euskal dantzak balio duela erakustea da gure asmoa. Uste baino anitzez urrunago doazen balioak dituela. Frontoietatik haratago. Dantza herrikoi bat baino gehiago ere bada, nahiz eta biziki harro naizen ikustean euskal dantza karrikako dantza dela. Bere teknikak munduan zehar ezagutuak dira. Errusiako konpainia talde bati euskaldunak izanen dituela bere ondoan erran, eta jakin behar da ikusmina sortzen zaiela. Bai baitakite euskaldunek entrexatak bezalako urrats biziki teknikoak badituztela. Zoritxarrez, hemengoek euskal dantzaren irudi biziki hertsia dute. Zergatik? Ez baitute ezagutzen. Ez zaie irakatsi.

--Gaurko egunean euskal dantza ez da beharbada ikasgai oso baten gisa landua, arte plastikoak izan daitezkeen bezala, anitzetan ez da dantzen historia irakasten adibidez...

Hori bera. Egia da euskal dantza transmititzen dela ikasi dugun bezala. Dantza irakasleak ahal bezala ari dira lanean. Duten baliabide eta jakintzarekin. Maila horretan laguntza ekartzea ez legoke gaizki. Formazio kurtsoak biderkatu beharko lirateke, Ipar Euskal Herri osoan, eta ez bakarrik itsasaldean. Horrek suposatzen du leku bereziak antolatzea. Baina gaurko egunean espazioak faltan dira horretarako. Alta, nire ustez, ikusgarriak laguntzea ez da baitezpada ikusgarri berriak egitea. Lehen lehenik, beren ikusgarriak nola egin pentsatzen lagundu behar dira. Eta horretarako formatu behar dira.

--Nola hori?

Kasik ez da metodologiarik dantzaren irakasteko. Alta, alderantzizko bidea har dezagun: euskal dantza beste dantzetan sartu den bezala, besteak beste baleta klasikoaren korrontea sortzeko, baleta klasikoa balia dezakegu, beharbada, ikusteko zein metodologia egokitzen ahal den euskal dantzari.

--Gero eta sorkuntza gehiago ikusten dira, bereziki gazteek eginik, zuk horretaz zer diozu?

Gazte andana bat bada, bai, gauza berriak sortu nahi dituena. Alde guztietatik zapartatzen ari da. Baina egia erran horrek arranguratzen nau. Gazte horiek zergatik nahi dute zerbait berria sortu? Berena den zerbait egin nahi dutelako? Existitzeko zerbait egiteko beharra sentitzen dutelako?... Ala gaur egun dantzatzen dutena nardagarria zaielako? Bigarren arrazoia baldin bada egiazkoa, arranguratzekoa bada. Hizkuntzalari bat hizkuntzaz arrunt urruntzen balitz bezala litzateke. Iragana arrunt baztertu nahi ote dute?

--Nonbait naturala da gazteek dena aldatzeko gogoa izatea, ez?

Bai, baina halere, horrek arranguratzen nau, gure sustraiak beharrezkoak direlako. Demagun orain dela bi urte Luhuson egin dantza sorkuntza lehiaketa. Ez dut iritzi ezkorrik eman nahi horretaz, baina halere, ikusi dudanaz iruditzen zait dantza berriak ekarri dituztenak abandonatu direla. Edozein gauza hasi aitzin argi izan behar da zehazki zer nahi den egin eta zergatik. Gako batzuk ukan behar dira. Hizkuntza bat bezala da. Alfabetoa ezagutu behar da hitzak asmatu aitzin. Eta berriz diot. Horretarako transmisioa segurtatu behar da.

--Baina transmititzean gauza batzuk galtzea eta beste batzuk gehitzea guztiz logikoa da, ez? Ezin da dena atxiki...

Ez, ez, ezin da dena atxiki. Garbiketa bat egiten da beti denboraren eraginez. Biziaren bide normala da hori. Halere, oroitzapen eta lekukotasun gehiago izan eta gure jakintza handituko da. Eta horri esker izanen ditugu bide berriak urratzeko aukerak.

--Heldu den urtean Maritzulik 10 urte betetzen dituela, nola ikusten duzu orain arte egin duzuen bidea?

Hasteko, pozik gaude ikusirik une honetan ezker eta eskuin hiru ikusgarri ezberdin ematen ari garelako. Hori da gure garaipena. Talde tradizional bat garelako, dantzari amateurrek osatua, hain justu.

--Maritzuli taldea talde amateurra dela, nor nahi sartzen ahal da?

Nik galdegiten dudan gauza bakarra da dantzatzeko gogoa izatea. Zinezko gogoa. Dantzatzea ez baita dohainik den gauza bat. Eta betidanik. Lehen ere ez zen dantzari tradizional bakar bat urririk abian zena herriko plazara dantzatzera. Gutxienez bere urguilua bazuen. Horrekin ez dut erran nahi dantzariek profesionalak izan behar dutela... Urguilu hori bazuten, dantzak ikasi aurrez izerdi anitz bota zutelako zen. Sinpleki. Egiazki dantzatu nahi ote dugu? Edo soilik plazer batentzat ote da? Maila ezberdinak badaude. Euskal Herrian dantzari anitz soilik plazerrarentzat ari dira. Horiek, nire ustez, ez dute hastapenean esplikatu dudan alde hura sentitzeko aukerarik.

--Preseski, azken aldi honetan mutxikoak dantzatzeko hitzordu berriak agertu dira, bereziki hiri handietan, Baionako bestetan Montaut plazakoa ezaguna egina da, adibidez. Zuk zer deritzozu horretaz?

Plazerrari lotuak dira guztiak. Biziki ongi da... Baina nire ustez plazer ezberdinak badira. Nahi dut erran... Teknikoki dantzari batzuek hori baino gehiago nahi dute. Dantza Euskal Herrian nortasunaren adierazpen indartsu bat da. Batzuk pixka bat euskaldun direla erakutsi nahi dute, besteak, berriz, anitz... Ezberdintasun hori ere bada dantza taldeen artean. Horregatik diot dantzatzea ez dela dohainik. Gogoa ukaitea, ados, baina zein mailetan? Kirol bat bezala edo sorkuntzarako tresna gisa? Bigarren xede hau batzuek besteek baino garatuagoa dute. Eta justuki, nire nahia bada ere kalitatezko sorkuntzak eginaraztea dantza sorkuntza tresna bat bezala ikusten duen tropa batentzat. Tropa Bilboko Arriagako leku batzuetara eramatea, adibidez, galdu gabe karrikan dantzatzeko gustua, halere.

--Arriagan aritzea ez zaizue egunero gertatzen, anitzetan nabarmendu duzu hedapenaren aldetik dituzuen arazoak. Beti horrekin zaudete?

Emeki-emeki harreman sare bat eraikitzen aritu gara, baina egia da oraino ere guk dugula gure buruaz arduratu behar. Guk ditugu gure erosleak atzematen.

--Egitura publikoek hedapena lagunduko dutela adierazia dute alta behin baino gehiagotan. Zuek horren ondoriorik ez duzue sentitzen?

Ez. Egia da gauza batzuk abiatu direla, bereziki sorkuntzaren alde. Dantza, musika edo arte plastikoetan aurkitzen diren tendentzia berrientzat hori biziki baikorra da, bai. Baina Euskal Herrian dantzaz mintzo garelarik argi ukan behar da dantzarien %90ek dantza tradizionala dutela ematen. Dantzaren arloan, beraz, ikusgarri bizidunaz mintzo garelarik dantza tradizionalaz mintzatu behar genuke, normalki. Baina ez da hala gertatzen. Noizbait beharko da hasi horretaz interesatzen.

(2005-12-02an Berria-n argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia