euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Christina Irigoyen, Yuba City-ko erratzuarra: “Euskaldun eta amerikar sentitzen naiz, bat kenduta ez nintzateke ni”

2016/05/20

Christina Irigoyen euskal kaliforniarra Kanadan, AEBetan edo Singapurren ibili ohi da Nafarroako Unibertsitatearentzat lanean
Christina Irigoyen euskal kaliforniarra Kanadan, AEBetan edo Singapurren ibili ohi da Nafarroako Unibertsitatearentzat lanean

PUBLIZITATEA

29 urte dauzka eta Erratzu eta Iruñea artean bizi da. Laketua da egun, baina kostatu zitzaion 14 urterekin sorleku duen Kaliforniatik etorri zenean. Bateginik sentitzen ditu bere euskal eta amerikar izaera.

Joseba Etxarri. Ez dakienarentzat, Iruñean, nafar arrunta da Christina Irigoyen. Bere izen-deiturek ez dute ingurukoengandik deus berezirik adierazten eta normaltasunez mintzo ditu euskara zein gaztelania; edo, lanean-eta, gaztelania eta euskara. Nafarroako Unibertsitatean Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasirik, Unibertsitatean bertan ari da lanean duela hiru urtetarik, Enpresaritza Fakultatean, eta munduko beste unibertsitateekiko ikasle trukeak dauzka lan-esparru. Soilik ingelesez hasten dela ohargarri daiteke ingelesa berezkoa duela eta, beraz, begibistakoa den baino background aberatsagoa daukala. Aita Estatu Batuetan artzain ibilitako erratzuarra, ama Kalifornian Banka eta Ainhize-Monjoloseko guraso baxenabartarren alaba sortu euskalduna, Kaliforniako Yuba Cityn jaio zen Christina Irigoyen Etcheverry. Diasporako beste hamaika seme-alabek bezala, bi geografia eta kontinentetan partekatzen ditu maitasunak.

Ez dizut galdetuko zer sentitzen zaren gehiago, euskalduna ala amerikanoa...

-Alferrik, bietarik sentitzen bainaiz. Ez nintzen ni izanen bietako bat kenduta. Euskara nire hizkuntza sentitzen dut, ikasi nuen lehenengoa izan zen eta azkar sentitzen dut euskal kultura; eta gauza bera ingelesa eta amerikar kulturarekin. Baina egia da batzuetan Euskal Herrian giro batzuetan oso amerikanoa sentitzen naizela eta beste batzuetan Ameriketan oso euskalduna eta oso europarra.

14 urteak arte Kalifornian, Kaliforniako Euskal Herrian bizi izan zinen.

-Arrantxoan, gurasoekin eta anaia Frantzixkorekin, Patxi ere esaten diote. Gaur egun bada inguruan euskal etxe gazte bat, Iparreko Ibarra izena duena, baina orduan ez. Familia euskaldunak, dena den, biltzen ginen eta urteroko bilkura nagusian 'Txorizo lehiaketa' egin eta ospatzen genuen. 40 urte bete ditu iaz lehiaketa horrek. Zortzi urterekin dantzari ibili nintzen San Frantziskoko Euskal Etxean, baina utzi behar izan nuen, sobera urrun baitzegoen astero astero haraino joateko. Familian etxeko hizkuntza euskara izan dugu beti eta ingelesa eskolara joaten hasi nintzenean ikasi nuen. Orduan eta orain ere hizkuntza nahasketa egiten dugu etxean. Gaztelania pixkat eskolan ikasi nuen eta 14 urterekin Erratzura bizitzera etorri ginenean oinarrizko hitz batzuk nekizkien. 2001ean euskalerriratu ginen eta hasiera eta bereziki lehenengo urtea oso gogorra izan zen niretzat, ez bainekien gaztelaniaz.

Geroztik denboraren poderioz laketu zara. Gorde dituzu Kaliforniako lagunak? Ingelesa argi dago atxiki duzula: laneko tresna daukazu.

-Lagun batzuk ez, eta beste batzuk gorde ditut eta gaur egun ere harreman hurbila izaten segitzen dugu. Orain bi urte lagun baten ezkontzan izan nintzen San Frantziskon eta aurten ere beste ezteia batzuk neuzkan, baina lanagatik ezin izan dut joan. Batzuetan ez da erraza, baina eusten diogu. Heiek etortzen direnean Erratzura nire etxea heien etxea bezala da eta alderantziz. Hizkuntzari buruz, ingelesez amarekin egiten dut, ingelesez hasi euskaraz segitu, edo bestela, tartekatuz, pentsatu gabe ateratzen baitzait modu nahasian. Telebista ere ikusten dut ingelesez eta irakurri ere egiten dut; eta lanean ere erabiltzen dudanez, egoki eguneratuta daukat.

Maiz itzuli zara Estatu Batuetara?

-Lau bat bidaia egin ditut hona etorri ezkero. Familiaren parte bat eta lagunak dauzkat eta gauza ederra da itzultzea eta heiekin egon, solastu eta aritzea. Nire jendea eta paisaiak ere dauzkat han. Ematen du denbora pasatu ez balitz bezala, utzi duzun lekuan berriz hartzea.

Datorren astean, lanagatik, Coloradora zoaz, Denverrera. Baina lehenago, bi azken aste hauetan, liburu aurkezpen batzuetan ikusi zaitugu, 'Aita deitzen zen gizona' liburuaren aurkezpenetan.

-Lana dela-eta noa Denverrera, Konferentzia batera. Coloradon ere badira euskaldunak eta euskal etxe bat, baina ez dakit denborarik izango ote dudan bisitatxo bat egiteko. Aipatu duzun liburuari dagokionez, nire izeba Joanek idatzia da. Ama bezala, Ameriketan sortu zen eta han bizi da, Nevadan. Liburu ederra idatzi du euskaraz, bere aitari buruz eta bertsotan; Pello Salaburuk idazlana topatu eta hitzaurrera eginik, Pamielak argitaratu du. Euskal istorio aunitz bada Ameriketan eta oso gauza ona harrapatzen dut horiek bildu eta argitaratzea. Nire izebari esker gure familian lan hori egina izan da eta orain, familiarentzat ez ezik, publikoarentzat ere irakurgai jarri da.



Komentarioak

  • Ederra

    Lekukotasun ederra, gaztea eta freskoa. Aurrera Christina!

    Martintxo, 2016/05/23 09:22

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia