euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Christian Etxeberria: "Igandero Txiletik Skype bidez praktikatzen dut euskara Lazkaoko 'mintzalaguna'rekin"

2014/09/18

Christian Etxeberria, medikuntza-teknologoa eta euskara ikasle/iralaskea Txileko Santiagon
Christian Etxeberria, medikuntza-teknologoa eta euskara ikasle/iralaskea Txileko Santiagon

PUBLIZITATEA

Bere lanean oso gustura ari dela dioski. Eguna, radiografia eta zintigrama artean pasatzen du. Hori baita Txilen 'medikuntza-teknologoa' deitzen dutenen zeregina: azkerketak egitea, emakumeei bereziki, neurtzearren zein den euren egoera minbiziari dagokionez. Euskara da bizitzan gustura ibilarazten duen beste alorra.

Joseba Etxarri. Christian Txileko Santiago jaio zen duela 32 urte. Lanbide aldetik hiriburu txiletarreko klinika batean ari da, 'medikuntza-teknologo' gradua Txileko Unibertsitatean lortuta. Izan ere, beti maite izan duela pazienteekiko tratua, diosku, eta osasun-arloa, eta irudiak, radiologia eta plakak uztartzen dituen lan hau.

-Nola dabil Txile zure espezialitateari dagokionez?

-Latinamerika mailan ongi sailkatuta gaude eta inguruko herrialdeetako jendea datorkigu, hala nola Kolonbia, Ekuador, Peru, Boliviatik-eta. Argentinarrak gurekin parean dabiltza.

-Baten batek pentsatuko luke radiazioak ez direla lan egiteko testuingururik onena.

-Dagozkigun neurri eta kontrolak zintzo segitu behar dituzu. Nik hala egiten dut eta batere beldurrik gabe dihardut. Izan ere, asko gustatzen zait nire lana. Baina egia da gaixoetako batzuk uzkur agertzen direla eta aurreiritziz datozela, edo injekzio bat ipini behar diegunean, esaterako, seko erortzen direla lurrera. Gutxi dira baina, beldurra eta mesfidantza libre baitira, baina guk hemen sendatu, jagon eta artatu egiten dugu jendea eta, jakina, neurri zorrotzak dauzkagu, gaixoentzat zein bertan lan egiten dugunontzat.

-Harrigarria da, zu bezala hainbat belaunaldiz txiletarra den pertsona bat topatzea, bere abizena, Etxeberria, euskaraz, tx-ez esan nahi dut, idazten.

-Nire kasuan, Etxeberria amonarengandik datorkit. Haren deitura zen eta hari zor diot, berak hazi baininduen. Bere omenetan erabaki nuen hala idatzi eta ofizialaraztea, nagusia nintzela. Egiari zor, berak ez zekien abizen euskalduna zenik. Beraz, gertatu zen egun batean jakin nuela euskal deitura zela eta, niretzat momentu hartan arrotza zen hizkuntza batean, 'etxe berria'k, gaztelaniaz 'casa nueva' esan nahi zuela. Hortik aurrera, pixkanaka gero eta gehiago hasi nintzen interesatzen euskaldunez eta euren hizkuntzaz eta eurei egozten zaizkien ezaugarrietako batzuen oihartzuna nire familian antzeman nuen. Euskarari hurbildu, eta Euskal Herrian bertan aurrera egin nahian zegoela jakin nuen eta horrek guztiak kuraia eman eta motibatu egin ninduen eta kariñoak bultzatuta ikasten hasi nintzen. Testuinguru horretan ulertu behar da nire abizenean ere hori adierazi nahi izatea eta geroztik tx-ez idaztea nire deitura.

-Familia harremanik ez duzu atxiki Euskal Herrian.

-Familia aldetik dakidana nire Txileko birraitona-amonenganaino baino ez da heltzen. Eremu erruralekoak ziren, hemengo Zortzigarren Erregiokoak, Los Angeles hiritik Andeen mendilerroetaraino doan eskualdekoak. Euskaldun asko topa ditzakezu hor. Eskualde euritsi eta berdea da, esaten didatenez, Euskal Herriko mendi eta berdeguneen oso antzekoa. Baina nire familian oso isilak izan dira kontu hauetarako eta ez ziguten ezer transmititu.

-Bi urte eta zertxobaitean, pasatu zara euskara batere ez jakitetik, oinarri gero eta sendoagoa izatera. Gaur egun klaseak hartu eta ematen dituzu.

-Motibazio handia daukat. 2012 hasieran euskara klaseak hartzen hasi nintzen Santiagoko Eusko Etxean, aurrez-aurre, Boga online plataforma erabiltzen hasi nintzen eta nire alaba Julieta, orduan zortzi urtekoa, haurrentzako asteroko euskara tailerretara sartu nuen Eusko Etxean. Alabarekin joaten nintzen eta etxerako bidean ikasitakoa praktikatu eta gure artean 'Ikusi makusi' eta honelako jokoekin jokatzen genuen. Gauza bat eta bestea, hobetzen joan nintzen eta urte azkenean HABEren 'Euskara Munduan' saioan parte hartzea eskaini zidaten. Programa honekin ikasturtean zehar online jasotzen dituzu klaseak eta urtean birritan, urte hasieran eta urte erdian, barnetegiak dituzu, pare bat astetan indartzeko eta sendotzeko online ikasi duzuna. Programak lau urte irauten ditu, doanik, eta ideia eta konpromisoa da, ikasleak, lau urte horiek eta gero euren herrian edo euskal etxean irakasle bilakatzea. Eta horretan nabil.

-Eusko Etxeko haurren tailerra ere zuk daramazu eta astero-astero mintza-praktika egiten duzu Skype bidez mintzanet.net medio Euskal Herriko 'mintzalagun' (bidelagun) batekin.

-Gertatu zen Eusko Etxeko haurren tailerra zeramanak, Uxuek, Euskal Herrira itzuli behar izan zuela eta niri eskaini zidatela lan horrekin jarraitzea. Beraz, iaztik aurrera haurrentzako tailerra daramat. Nire ikasketa prozesuak modu paraleloan segitzen du bere bidea. Normalean igandero, Skype bidez kontaktatzen dut Lazkakoko 'bidelagun' batekin, Izaskunekin, mintza-praktika egiteko. Baliagarria zait oso. Gaur egun lagun bezala hitz egiten dugu, pare bat orduz. Hasieran solasaldi formalagoa zen, baina orain lasai mintzatzen gara edozein gai hartuta, lana, oporrak, aktualitatea...

-Gustura ikusten zaitut...

-Ez da beti honela izan. Guztia aldatu zen konturatu nintzenean pixkanaka gauzak ulertzen nituela eta euskaraz mintzatu eta besteek ulertzen zidatela.

-Ez zara sekula izan Euskal Herrian.

-Ez orain arte. Nire plana 'Euskara Munduan' programa bukatzea izango litzateke, 2017aren hasieran, ahalik eta zukurik gehiena atera ondoren, eta euskara oinarri sendo horrekin joatea Euskal Herrira, hura ezagutzeko eta, baliteke, bultzada sendo berri bat emateko Lazkaon barnetegi bat eginez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia